
Zarauzko Triatloi Taldea, Zarauzko eta Getariako alkateak, eta herritarrak, herenegun Getarian egin zuten bileran
Zarauzko triatloiko antolatzaileek bilera egin zuten herenegun iluntzean herritarrekin eta Zarautz eta Getariako alkateekin, kirol probarako ekarpenak jasotzeko asmoz. Ekainaren 9an egingo dute triatloia. Iaz Getariako irteera eta sarrera guztiak itxi zituzten hiru orduz, eta horrek hainbat kexa eragin zuen herritarren artean. Aurreko urtean izan zituzten «oztopoak» plazaratzeko eta lasterketaren alderdi positiboak eta negatiboak zehazteko elkartu zen hainbat lagun Getariako udaletxeko pleno aretoan. Bildutako herritar guztiak bat etorri ziren iazko eredua ez errepikatzearekin, eta aurten gutxienez errei edo errepide bat irekita uzteko eskatu zioten Zarautz Triatloi Taldeari, lasterketako antolatzaileari.
Iaz ekainaren 11n egin zuten Zarauzko triatloia. Larunbat arratsaldean Meagako bidea eta Zarautz eta Zumaia arteko errepideak itxi egin zituzten ibilgailuentzat. Dena den, larrialdietarako taxi zerbitzua eta asteburuko autobus zerbitzua mantendu egin zituzten, besteak beste.
Herritarrek, ordea, ez dute uste neurri horiek aski direnik, eta gutxienez herritik sartu eta irten egiteko bide bat izatea eskatu diote Zarautz Triatloi Taldeari, ekimenaren antolatzaileari. Getariako eta Zarauzko udalak ere bat datoz herritarrekin. «Hiru orduz errepideak erabat itxita egotea jasanezina baita», esan zuen Nika Lertxundik, Getariako alkateak.
Antolatzaileek adierazi dute iaz proba zirkuitu itxian egitea «segurtasuna» bermatzeko asmoz erabaki zutela. Izan ere, 2010ean Zarauzko triatloia zirkuitu irekian egin zuten, eta parte-hartzaile batek eta ibilgailu batek istripua izan zuten. Horren harira, Zigor Saizar antolatzaileak gogoratu zuen inputatu gisa deklaratu beharra izan zutela orduan. Antolatzaileak jakitun dira herririk «kaltetuena» Getaria izan dena, baina «ezbeharrak ekiditeko neurriak hartu» behar izan zutela adierazi zuten.
Herritarrek, ordea, jakinarazi zuten «gogorra» dela herria «inkomunikatuta» egotea, batez ere halabeharrez herritik irten edo sartu behar izanez gero. Hala, Getaria eta Zarautz arteko errepideko errei bat eta Garate bidea irekitzea, edo trafikoa Zumaiako errepidetik bideratzea proposatu zuten.
Onurak eta kalteak
Antolatzaileek ez dute lasterketa getariarrentzat «inposaketa» izan dadin nahi; hala adierazi zuten bileran. Iaz, zirkuitu itxia egiteko, Getariako ostalariekin bildu zirela adierazi zuen Saizarrek, eta neurriak haiekin adostu zituztela. «Baina ez genituen balizko kalteak aurreikusi». Halaber, lasterketak Getarian ere «izugarrizko pisua» duela nabarmendu zuen; besteak beste, antolatzaileetako asko bertakoak direlako. Horrez gain, probak dituen onurak ere jakinarazi zituen antolatzaileak. Haren arabera, Zarauzko triatloia Espainiako Estatuko «estimatuena» da, eta Getarian ez ezik, inguruan duen «eragin ekonomikoa» kontuan hartzekoa da. «700 parte-hartzaileetatik erdia Euskal Herri kanpokoak dira, eta horiek gutxienez gau bat inguruko herrian igarotzen dute. Asteburu horretan Bergarainoko hotelak beteta egon ohi dira».
Izena emateko aukera zabalik
Zarauzko Ttiatloian parte hartzeko gaur irekiko dute izen-ematea, 10:00etan. Euskadiko Triatloi Federazioaren webgunean eman behar da izena. Horretarako prezioa 110 eurokoa da, txipa dutenentzat; eta txipa alokatu behar dutenek, berriz, bi euro gehiago ordaindu beharko dute. Izena emateko epea maiatzaren 31n amaituko da, plazak lehenago amaitu ez badira, behinik behin. Plaza lortu ez dutenekin itxaron zerrenda osatuko dute. Parte-hartzaileen behin betiko zerrenda maiatzaren 31n argitaratuko dute. Aurten, besteak beste, Eneko Llanos, Mathias Hecht , Mikel Elgezabal, Hektor Llanos eta Jon Unanue lehiatuko dira txapelketan.