
Ezkontzak oinarri dituen
Bodologuak bakarrizketa saioak arrakasta itzela lortu du. Horren haritik, bi emanaldi eskainiko dituzte gaur Aita Marin; bata, 20:00etan, eta bestea, 22:00etan. Arrakasta horren eragileetako bat Mikel Pagadizabal
Pagadi (Villabona, 1974) da, Egoitz Lasarekin eta Nagore Aranbururekin batera.
Argi dago ezkontzek askorako eman dezaketela.
Egia esan, antzezlana egitera ilusioa egiten dizun trajearekin joateko aukera ematen dizu. Ezkontzena, azken finean, aitzakia hutsa izan zen. Ezkontzaren gaiak lotura lana egiten du bakarrizketa eta bakarrizketa artean, baina , oro har, denetariko gaiak jorratzen ditugu.
Beraz, ezkontza hari gidaria da.
Hori da. Ezkontza batetik berandu iritsiko gara antzokira, eta gure artean ekitaldiari buruz hitz egiten dugun arren, bakarka beste gai batzuen inguruan ere ariko gara: eliza, euskal elkarte gastronomikoak, txakurrentzako jantziak, euskaldun izateak dituen zailtasunak, eta oporrak. Horiez guztiez ariko gara, betiere gure ikuspegitik.
Bakarrizketetan, normalean, gaur egungo gaiak modu komikoan larrutzen dira. Zuen kasuan, izan zareten ezkontza ongi atera ez delako hasten al zarete txor-txor?
Bai, ezkontzan komentario asko entzun ditugu, eta hortik abiatuko gara. Jakina, kritika ukitu txiki bat badute taularatuko ditugun testuek, baina nik esango nuke zuzeneko umorea dela. Aurkezten ditugun gaiez eta gure buruez barre egitea da helburua.
Nola sortu zen proiektu hau abiatzeko ideia?
Nagore Aranburu, Egoitz Lasa eta hirurok oso ongi moldatzen gara lanetik kanpo ere. Askotan geratzen gara elkarrekin zerbait hartzeko, eta bakarrizketa komikoak asko gustatzen zitzaizkigula eta ikuskizunen bat egin behar genuela komentatzen genuen topaketa horietan . Udan hasi ginen antzezlana idazten, eta hiru hilabetetan osatu dugu guztia. Bakoitzak bere testuak idatzi ditu, eta gero, guztiak bateratu ditugu, loturak sortuz. Badirudi gustatzen ari dela. Jendeak barre egin du, eta oso gustura gaude erantzunarekin.
Bakarrizketak bakarrik egiten dira, eta zuek hiru zarete. Nola egituratu duzue ikuskizuna?
Aktore bakoitzak bere bakarrizketa egiten du, txandaka, eta loturak egiteko hirurok ateratzen gara agertokira. Nolabait esateko,
El club de la comedia saioaren formatu bera du.
Eguberri off telesaioaren ildo bera izango du, baina Nagorek berak bakarrik aurkeztu beharrean, hirurok emango diogu bide bakarrizketei.
Antzezlana arrakasta izaten ari da. Azpeitian birritan antzeztu zenuten, eta, orain, Zumaian egin behar dituzuen bi emanaldietan ere apenas geratzen da sarrerarik. Harrituta al zaudete?
Egia esan, bai. Gainera, Azpeitiko antzokia oso handia da, eta erdia beteta jada gustura geunden. Bat-batean, ordea, bete egin zen, eta jendea kanpoan geratu zen. Berriz antzezteko deitu ziguten, eta gauza bera gertatu zen. Ondoren, Villabonan ere beste horrenbeste gertatu zitzaigun. Oso gustura gaude, baita harrituta ere.
Zein izan da arrakastaren gakoa? Izan ere, El club de la comedia saioaren formatua ez da berria.
Gainera, hori da. Guk ez dugu ikuskizun hau zerbait berritzailea eskaintzeko asmoz pentsatu. Gure asmoa saio horren egokitzapen moduko bat egitea izan da, gure estiloarekin eta ikuspuntuarekin. Arrakastaren gakoa zein den? Ez nuke jakingo esaten. Jendeak barre asko egiten du, eta horrek benetan asebetetzen gaitu. Akaso, grazia egingo diogu jendeari.
Telebistan eta irratian aritzeak eragina izan duela uste al duzu?
Bai, izan dezake. Edonola ere, horrek bi alderdi ditu: alde batetik, aurpegi ezaguna zara, eta horrek promozionatzeko balio ditu; bestetik, ordea, ikusleak zer edo zer espero du, eta behar bezala erantzuten ez baduzu edo antzezlana ongi ez badago, ikusleak esan egingo dizu, nahiz eta telebistan atera.
Beharbada, bakarrizketak euskaraz sinesgarri egiten asmatu duzue?
Euskara zuzena erabiltzen dugu, oso kalekoa: Nagorek azpeitiarrez, Egoitzek zarauztarrez eta nik villabonatarrez, hain zuzen ere. Egunero erabiltzen dugun euskara dabilkigu, lagunekin eta familiarekin erabiltzen duguna. Eta nik uste dut horrek ere lagundu digula. Gaiak ere bertakoak dira, gure ikuspegitik eta bizipenetatik abiatutakoak. Garbi geneukan ezin genuela estatubatuarren edo espainiarren kontuak euskaraz kontatu. Gurean ere nahikoa kontu baditugu.
Bakarrizketak ikusleekin identifikatzea du helburu.
Horixe da helburua, bai. Entzuleari ez zaio arraroa egin behar kontatzen ari zaren hori. Gutxi gorabehera, elkarte gastronomikoetan edo elizan zer dagoen jendeak jakin badaki, noiz edo noiz izan delako haietan. Publikoa antzezlaneko partaide bihurtzen duzu horrela. Adibidez, elizan zerbait ikusi duzula esaten duzunean jendeak barrezka hasten da, haiek ere horretaz konturatu direlako. Edo elkarte gastronomikoan bere lagunari kontu bera gertatu zitzaiolako. Edo auzokoak txakurra gabardinarekin atera duelako kalera.
Gidoiak aldaketarik izan al du aurkeztu zenuenetik hona? Graziarik ez zuen txisterik ordezkatu al duzue?
Normalean, izaten da halakorik. Hasierako gidoia ia ukitu gabe dago, gauzatxo bat edo beste aldatu edo kendu dugu, baina testuak ongi prestatuta eta zainduta zeuden. Beti duzu graziarik egingo ez ote duen beldurra, nahiz eta mila bider entseatu. Baina, egia esan, dena ongi ateratzen ari da.
Imitaziorik egingo al duzu, telebistan edo irratian bezala?
Ez, bakarrizketak ni naizen bezala egingo ditut. Pagadiren ikuspuntutik, alegia. Ez ditut Rufino edo Sekundino bezala egingo.
Eta Mikel Pagadizabal Pagadi berdina al da kalean eta taula gainean ikuskizun hau antzezten?
Egia esan, ni oso aktore txarra naiz, eta nire buruarena egiten bakarrik dakit.