Auzolana iraganarekin lotzen dugun sistema da. Egun, ordea, «bizi-bizirik» dagoen lan jarduera da zenbait lekutan. Krisian dagoen gizarte ereduari buelta emateko baliagarria dela dio Jasone Manterolak (Elizondo,Nafarroa, 1982): «Indibidualismoa eta ni-a alde batera utzi, eta elkartasunez eta elkarlanean jardun beharko genuke egungo errealitatea aldatzeko» . Ideia hori eta beste hainbat jaso ditu Mitxeltorenak Auzolanaren kultura liburuan. Horren inguruan jardungo du bihar, Putzuzulon, 20:00etan.
Auzolanaren kultura. Iraganaren ondarea, orainaren lanabesa eta etorkizuneko giltza dela dio izenburuak. Egungo egoerari irtenbidea emateko baliagarria izango al litzateke auzolana?
Bai. Liburuaren bitartez Euskal Herriko herrietan lan egin edota jarduteko sistema izan den auzolana ezagutarazi nahi dugu, zer izan den, baita egun zer den ere. Gure gizartean zein modutan antzematen dugun auzolan hori edota auzolanaren bueltan biltzen diren balore eta joerak, hain zuzen. Aintzat hartzekoa iruditzen zaigu sistema hau. Egungo sistema krisian dagoenez, bestelako eredu batzuk aurkitzea interesgarria dela iruditzen zaigu.
Auzolana da, beraz, gaurko sistemari aurre egiteko lanabesa. Egungo norgehiagokaren aurrean, elkartasunez jokatzea gailentzen du.
Bai, egungo sistema ereduak bestelako balioak eta jarduteko moduak gailentzen ditu, elkartasunaren kontran. Norgehiagoka nabarmena da merkatuan edota bizitza aurrera ateratzeko moduan. Geroz eta indibidualistagoak gara, antzinako garaiekin alderatuz gero. Ni-a nagusitzen da. Auzolanean, berriz, ez. Elkartasunaren balioak indar handia du, talde izaeratik abiatuta. Erronkei erantzuteko eta bizitza aurrera ateratzeko taldean elkartu eta elkartasunez eta elkarlanean aritzeko modua da auzolana.
Iraganeko ondarea da. Egun zein egoeretan dago?
Ohiturazko auzolana deritzoguna, aspaldiko garaietatik datorkiguna, alegia, Arabako eta Nafarroako herri txikietan baizik ez da egiten. Hau aspalditik ordenantza bidez arautua egon da,eta herritar guztien betebehar gisa funtzionatzen du. Hala ere, ohiturazko auzolan horrek 1960an gainbehera izan zuen. Egun, ordea, Nafarroan eta Araban soilik mantentzen bada ere, Euskal Herriko hainbat txokotan ikus ditzakegu herritarrak auzolanean. Herriko gune bat zaintzeko edota zerbait eraikitzeko ohiturazko lan horiek abiatzen dituzte, baina baita beste hainbat arlotan ere, zehazki auzolan gisa hartzen ez baditugu ere. Auzolanaren jokamolde asko ageri zaizkigu kulturaren arloan, euskararen alde egiterakoan edota herriko festak antolatzerakoan. Halakoetan, herritarrak talde gisa antolatzen dira, eta herriaren alde egiten dute lan. Autoantolakuntza dago hor; herritarren parte-hartzea eta elkartasunaren balioa nagusitzen dira. Oro har, herri ekimen asko auzolanaren filosofia horretatik elikatzen dira, eta gure jendartean ohikoak dira gisa horretako jarduerak. Egun ere bizi-bizirik dago auzolana.
Nola sortu zen?
Auzolanean noiz hasi ziren zaila zaigu jakitea; izan ere, aurkitu ditugun idatzi zaharrenak 1561ekoak dira, eta horietan dagoeneko auzolana egiten zela ikusi dugu. Horietako idatzi batek herritar batek herria auzibidean jarri duela jasotzen du, auzolana ez betetzeagatik isuna jaso duelako. Horrek garai horretarako auzolana instituzionalizatuta zegoela ematen digu aditzera. Hori dela eta, XVI. mendea baino lehen dagoeneko bazegoen auzolana.
Horrek gehiago bilatzera garamatza.
Auzolana lan sistema da, eta auzolanaren hariari tiraka Euskal Herriko jatorrizko gizartearen antolakuntza islatu nahi izan dugu. Eta horrek gizarte antolakuntza horren zenbait erakunde aztertzera eraman gaitu; Batzarra erakundea, esaterako. Batzarra egungo udalen aurreko erakundea da. Elizatea edota Kontseilu Irekia ere deitzen zitzaion. Herritarrek osatutako asanbladak ziren. Horri esker, herriek autonomia handia zuten; herritarrek antolatzen zuten herriari zegokion guztia. Herritarrek zuten erabakitzeko ahalmena, eta zerbitzuak eta baliabideak ere eurek kudeatzen zituzten. Horregatik herritarrek euren beharrak asetzeko sistema bezala uler dezakegu auzolana .
Araban eta Nafarroan auzolana egiten dela diozu. Gipuzkoan jarduten al dira auzolanean? Eta beste nonbait? Galdu egin al da, hein batean?
Neurri batean, bai. Seguraski zerbitzuak dagoeneko ordaindu egiten ditugulako gertatzen da hori. Egun baliabideak eta erabakimena nahiko zentralizatuta daude, herritik kanpora. Udalak gobernuaren mende baitaude, eta gobernuak estatuaren menpeko dira. Gastuak ordaintzen ditugu, eta horiek urrunera doaz. Eta horiek ordainduta, zerbitzu eta baliabide jakin batzuk espero ditugu bueltan, diru-laguntzen bidez. Gauza bera gertatzen da lana egiteari dagokionez. Gaur zerbitzu batzuk ordaintzen ditugu udalak herrian behar direnak egin ditzan.
Baina zenbait alorretan mantentzen da auzolana. Adibide bat jartzearren, herritarrek Gipuzkoako zenbait hondartza auzolanean garbitzen dute. Administrazioei ingurune horiek zain ditzaten eskatzen badiete ere, erantzunik jasotzen ez dutela-eta, herritarrek eurek esku hartzen dute. Euskal Herritik kanpo ere egiten dute auzolana. Asturiasen badago Andecha izeneko sistema. Auzolana bezala, aspaldiko sistema da baina badirudi egun gazteek ere eusten diotela horri. Leonen ere bada halako sistema bat, baina ez dute aurrekoen indar bera. Hego Ameriketan ere badaude halako sistemak: Txilen Mingako, Perun Minka eta Mexikon Tequio. Herrialde horietan bizi-bizirik dagoen sistema da, herritarrek erabat barneratuta daukatena, eta indarrean dagoena.
Auzolanaren kultura liburuaz hitz egiteaz gain, Auzolan ekimena aurkeztuko duzu bihar, Putzuzulon. Zeintzuk dira ekimenaren nondik norakoak?
Ekimenaren helburua egungo gizarte ereduaren bestelako sistema sortzea da. Gizarte aldaketa du xede, eta horretarako sustrai historikoei erreparatzen die. Sustrai historiko horiek aztertuz gero, egungo testuinguruan baliagarri izan daitezkeen elementuak topatu ditugu. Batzarraren eta auzolanaren bidez, esaterako, herritarrek erabakitzeko eta baliabideak kudeatzeko aukera zutela konturatu gara. Egungo sistemaren menpekoak gara, urrun baikaude baliabide horiek kudeatzetik eta erabakiak hartzetik.
Hori dela eta, tokian tokikora itzultzea aldarrikatzen dugu, herritarrek dagozkien ardurak hartzea eta horretarako duten ahalmena sustatzea bultzatu nahi dugu. Tokian tokiko antolakuntza eta baliabideak sortzea, eta, baldin badaude, horiek sustatzea, alegia.
Horretarako kontzientziarik ba al dago?
Bai, izan ere, egun zenbait joera aldatzen ari da dagoeneko. Elikaduraren arloan, esaterako, Gipuzkoan dugu adibiderik garbiena. Azken urteotan kontsumo eta ekoizle taldeak ugaritu egin dira. Hainbat hamarkadatan elikagaiak kanpotik ekartzera ohitu gara; dendatan erosten ditugunak urruti ekoitzitako elementuak dira. Egun tokian tokikoa kontsumitzeko kontzientzia ugaritzen ari da. Alde batetik, bertako ekoizleei bizimodua ahalbidetzeko, eta, bestetik, kontsumitzaileei tokiko eta kalitatezko produktuak eskuratu ahal izateko. Bide bat egiten ari direla nabarmena da, tokian tokiko eta elikaduraren subiranotasunaren alde. Energiaren arloan, bestalde, azken urtetan bertako baliabideak lortzeko lanean ari dira. Energetikoki ere oso mendekoak gara; gure etxeak-eta berotzeko petrolioa behar dugu, eta kanpotik ekartzen dira iturri horiek.
Gure asmoa horren guztiaren ikuspegi osoa ematea da. Nolabait bakoitzak bere bidea egitearekin batera, ekimen guztien saretzea bilatzen du Auzolan ekimenak, esperientziak partekatu eta dinamika horiek indarberritu eta berriak sustatzeko.
Zein ekimen antolatu dituzue horren inguruan?
Auzolan topaketak egin genituen duela gutxi Usurbilen. Hura izan zen antolatu genuen lehenengo jardunaldia. Bertan, gai orokorrak aipatu genituen,;krisi ekonomikoa, Batzarra erakundea, eta herri garapena, besteak beste. Era berean, Kataluniako Kooperatiba Integralean dabilen kide batek hango esperientzia azaldu zigun bertaratu ginenoi. Bestalde, gizarte gaiak arloka lantzeko lantaldeak osatu genituen. 14 talde sortu genituen, guztira. Orain bertan landutakoari jarraipena nola eman aztertzen ari gara. Horrez gain, liburua eta ekimena bera Euskal Herriko hainbat herri eta auzotan aurkezten jarraituko dugu, eta hori baliatuko dugu tokian tokiko eragileekin harremanetan jartzeko eta aipatu sare hori osatzeko.