Aurrez aurre, eta indartsuago

Urola Kostako Hitza 2011ko urr. 26a, 11:54

 Xarma laukote beizamarrak gaur eguerdian aurkeztuko du bigarren diskoa, Karenka izenekoa, Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean. «Karenka-k aurrez aurre esan nahi du, eta Ondarroa aldean erabiltzen dute», aditzera eman du taldeko gitarra-jotzaile eta abeslari Itsaso Gutierrezek: «Hitza bera kuriosoa izateaz gain, esanahia asko gustatu zitzaigun. Azken finean, zuzeneko talde bat izan gara beti, eta abestien hitzetan ere jarrera hori erakusten dugu». Prentsaurrekoa gaur izango den arren, larunbatean egingo dute aurkezpen kontzertua Eskoriatzan, Inkernu tabernan. Bilduma dozena bat abesti berriz osatuta dago, eta abesti guztiak laukoteak eginak dira, bat izan ezik. Izan ere, Ondarroako RSK taldearen Madarikatuak abestia moldatu dute: «Jon Kirru Iparragirre gitarra-jotzaile eta abeslari nagusia ondarroarra da, eta hastapenetan herriko entsegu lokaletan entzuten zuen taldeetako bat zen RSK. Hark abestia lokalean jotzen zuenez, pentsatu genuen polita izango zela haien oroimenez diskoan sartzea». Horrez gain, Intxorta 1937 kultur elkartearentzat eta Ikasle Abertzaleen Ikasle Egunerako sortutako abestiak ere topa daitezke. Abestietako letrak «zintzoak» izaten jarraitzen dutela dio Gutierrezek: «Kezkatzen gaituzten gauzez hitz egiten dugu». Musikari dagokionez, «gogorragoa» atera zaiela aitortu du taldekideak. Izan ere, «aurreko diskoa zuzenekoetan jotzen genuenean, konturatzen ginen gusturago jotzen genituela amorru gehiago zuten edo astunagoak ziren abestiak, lasaiak eta pop kutsukoak baino». Bilakaera hori talde askotan gertatzen da: «Ibilbidea egin ahala, nortasuna ere sendotu egiten da». Disko berriak soinu indartsuagoak baditu ere, Xarma izaten jarraitzen du. Amarauna-n, lehen lanean bezala, gizonezko-emakumezko ahotsekin jokatzen du taldeak. Kasu honetan, Gutierrezek hiru abestitan ahots nagusi moduan hartu du parte; lehenengoan abesti bakarrean egin zuen. Danbakako saria Abesti berriak prestatzen ari zirela, Danbaka Musika Lehiaketara beren burua aurkeztu eta irabazi egin zuten. Saria disko bat grabatzea izan zen, eta aukera hori aprobetxatuz, Arrasateko Shot estudioan sartu ziren joan den abuztuan. Hala, Iñaki Bengoa soinu teknikariaren gidaritzapean osatu dute bigarren lana. Diskoa grabatu eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin argitaratzea zen saria, baina autoekoizpenaren aldeko apustua egin du Xarmak: «Aurreko lana ere guk geuk autoekoitzi genuen, eta orain ere guk geuk kudeatzeko erabakia hartu dugu. Azken finean, horretan sinesten dugulako. Gaztelupeko Hotsak zigilukoei eskerrak eman nahi dizkiegu beren proposamenengatik, baina gure ideiak garbi ditugu eta gure kasa egitea erabaki dugu». Autoekoiztearen erabakietako bat salneurria izan da; izan ere, «diskoetxe bat sartzen denean, baldintza asko izaten da tartean eta diskoaren prezioak gora egiten du». Hala, Karenka lana zortzi eurotan jarriko dute salgai, taldearen webgunean (www.xarmamusika.com), zuzeneko emanaldietan, Zabaltzen banatzailearen bitartez zabalduko dituzteb dendatan eta Gatazka-DDT banatzailearen dendan. Gatazka-DDT banatzailearen eskutik, gainera, Durangoko Azokan ere izango direla eskuragarri jakitera eman du taldeak. Beizama sormen leku Itsaso Gutierrez donostiarra da, eta Jon Kirru Iparragirre, berriz, ondarroarra. Baina Beizaman bizi dira biak. Gainerako taldekideak, Cristian Martin baxu-jotzailea eta Denis Alberdi bateria-jotzailea, Mutrikun eta Berrizen bizi dira, hurrenez hurren. Taldea sortu eta lehen urtean Berrizko gaztetxean entseatzen zuten, baina duela lau urtetik Beizama dute topagune eta sormen leku. Egun Xarma taldean buru-belarri badabiltza ere, taldekideek eskarmentu handia dute euskal musikagintzan. Besteak beste, Jauko Barik eta Keike bezalako taldeetan aritutakoak dira. «Ez dira oihatzun handia izan duten taldeak izan, baina leku batzuetan ezagun samarrak izan ziren. Erreferentzi moduan, nolabait esateko, Xarmak badu bi talde horien arrastoa. Azken finean, talde horietan ere guk egiten genituen abestiak», nabarmendu du Gutierrezek.̰

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide