«Esku-hartzea eta elkarlana» ardatz, gaztelekua jarri dute martxan Aian

Urola Kostako Hitza 2011ko ira. 21a, 12:34

Aiako nerabeek eta gaztetxoek txoko propioa izango dute aurrerantzean. Biztanleriak gora egin du azken urteetan, eta, beraz, gaztetxoak ere gehiago dira . Hori kontuan hartuta, hamabi eta hamazortzi urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta, Armendigaineko gaztelekua sortu du Aiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, herriko sarreran dagoen biribilgune ondoko eraikinean. Joan den larunbatean ireki zituzten Aiako gaztelekuko ateak, eta Eneko Sanz arduradunaren esanetan, «harrera oso ona» izan du lehenengo egunetan. «Ireki genuenerako haur batzuk ate aurrean ziren, zain. Eta arratsaldean hogei lagunetik gora elkartu ziren bertan. Egun amaierarako, txiki geratu zitzaigun egoitza». Larunbatean eta igandean, lehenengo egunak izanik, gaztelekuaren ordutegia eta egitekoak dituzten ekimenak ezagutu zituzten haurrek. Arduradunak «oso gustura» agertu dira hasierako erantzunarekin, eta aurrerantzean ere halakoa izatea espero dute. «Aiako haurrak euren ekimenez joan ziren gaztelekura larunbatean, eta gisa horretako gunea nahi zutela antzeman genuen». Herriko hainbat gurasok proposatu zuten gaztelekua sortzea, gaztetxo aiarren aisialdia bideratzeko. Haien ekimena izan dela argitu du, hain zuzen, Sanzek. «Horretarako beharra zegoen», gehitu du. Ondoren, Udalaren bidez hainbat bilera egin dute, txokoaren proiektua osatzeko eta bertara gerturatzeko: «Gaztelekua euren beharrak eta nahiak asetzeko zerbitzua dela jakin behar dute gaztetxoek». Hau da, behar duten informazioa eskuratzeko edota ibilaldiak eta bestelako ekimenak antolatzeko gaztelekua haientzat erreferentzia izan dadin nahi dute arduradunek. Malgua eta irekia Gaztelekua ireki berri dute, baina epe luzerako proiektua izan dadin nahi dute, eta horretarako «malguak» izango direla nabarmendu du dinamizatzaileak: «Denbora pasa ahala joango gara ordutegiak eta bestelako ekimenak finkatzen. Sortzen diren beharrek baldintzatuko dute hori, pixkanaka proiektua herrian haz dadin baita helburua». Horrez gain, ekimenaren beste helburuetako bat gazteek «esku-hartzea» dela adierazi du Sanzek: «Ez dugu guztia guk prestatu nahi, gazteek proposa dezaten nahi dugu. Gazteen ekimenez sortutako ekintzak aurrera eraman nahi ditugu, herriaren parte senti daitezen». Gainera, horren alde lan egiteko, gaztelekuak herriko gainontzeko zerbitzuekin elkarlanean jardungo du. Bide horretatik, herrian bi astean behin igande arratsaldeetan gazteei zuzendutako filmak eskaintzen dituztenean, gaztelekua ostiralean zabalduko dute, igandean egin beharrean. Horrez gain, herriko ludotekarekin ere elkarlanean jardungo dute gaztelekuko arduradunak. Hala dio Sanzek: «Ludotekatik gaztelekurako jauzi naturala sortu nahiko genuke, haurrek adin jakin bat betetzen dutenean, eta horretarako elkarlanean arituko gara bi zerbitzuotako arduradunak». Momentuz, larunbatetan eta igandeetan irekiko dute gaztetxoen txokoa, 16:00etatik 20:00etara. Erantzuna ona baldin bada, ordea, ez dute baztertzen egun gehiagoeta zabaltzea. Oraindik gaztelekuko zerbitzu guztiak martxan jarri gabe baldin badaude ere, hainbat espazio dagoeneko osatu dute; gela batek hartzen du gune osoa, eta bertan, hiru ordenagailu, telebista, irakurtzeko sofa, eta jolasteko txokoa daude. Gunea irekita dago dagoeneko. Baina inaugurazio ekitaldia urriaren lehenengo hamabostaldian egingo dutela aurreratu du Sanzek. Datozen asteetan egun horretarako proposamenak aurkeztera gonbidatu ditu gaztetxo aiarrak. Zumaian, asmo berriekin Zumaian atzo ireki zuten gaztelekua. Ekainetik egon da itxita, eta hainbat aldaketarekin zabaldu dute. Izan ere, Zumaiako Udalak adierazi duenez «indarberrituta eta asmo berriekin» ireki dituzte bertako ateak. Besteak beste, aurrerantzean hiru ardatz izango ditu gaztetxoen txokoak: euskara, berdintasuna eta integrazioa. Hala, hiru ardatz horietan oinarritutako ekintza bereziak prestatuko dituzte. Horrez gain, musika txokoa, prentsa txokoa, eskulanetarako txokoa eta telebista txokoa izango dira gaztelekuko gune berriak, besteak beste. Zumaiako 12 eta 17 urte bitarteko gaztetxoak elkartu nahi ditu Udalak espazio honen bidez, eta horretarako gaztelekuan egingo dituzten ekintzetan parte hartzera gonbidatu ditu gazteak. Hezitzaile berriak ezagutzeko aukera izan zuten atzokoan bertaratu zirenek. Aurrerantzean, berriz, asteazken eta ostegunetan egongo da zabalik gaztelekua, 17:00etatik 20:00etara bitartean. Larunbatetan, berriz, 16:30etik 21:00etara irekiko dute. Horrez gain, hurrengo asteartean, hilaren 27an, gurasoekin bilera egingo dute gaztelekuan bertan. Gaztelekuan egitekoak dituzten ekintzen berri emango dute, eta hezitzaileak ezagutzeko aukera ere izango dute. 18:00etan elkartuko dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide