«Jendeak nahi zuena sumatu eta jendearengana heltzeko dohai handia zuen»

Urola Kostako Hitza 2011ko mai. 12a, 18:30

Joxean Agirre (Azpeitia, 1949) kazetari eta idazleak Txankarta. Itzalean geratu zen maisua lana argitaratu berri du, Antonio Buenetxea trikitilari itziartarraren biografia. Musikariaren datu biografikoak eta ingurukoen lekukotasunak biltzeaz gain, mendearen lehen erdiko erromerietako kronikak eta orduko gizartearen berezitasunak jaso ditu Agirrek liburuan. Nondik heldu zaizu proposamena? Andutz Kultur Taldeak erromeri eguna antolatu zuen, baita Txankarta-ren inguruko mahai ingurua ere. Izan ere, Txankarta oso ona zen, baina ez zen onenen artean azaltzen, eta Itziarren bazuten nolabaiteko zor edo huts egite historiko bat egon den sentsazioa. Trikitixa aditu guztiek esaten dute Txankarta goi-mailakoa zela. 1922an jaio zen, eta, beraz, bazuen aukera irratietan ateratzeko edo disko pare bat grabatzeko; baina ez zuen halakorik egin. Horregatik, itzalean gelditu da pixka bat. Familiari ere gustatu zaio itzalaren ideia. Zergatik uste duzu gelditu zela itzalean? Aro modernoan, irratiak hasi zirenean, izenak zabaltzen hasi ziren eta Txankarta ez zen horietan agertzekoa. Bera zenarekin konformatzen zen, ez zuen anbiziorik. Askori zera galdetu diet_ «Zergatik zen hain ona?». Eta denek esan didate errepertorioagatik zela ona. Izugarri errepertorio zabala zuen.14 urterekin hasi zen ezkontzetan jotzen, eta horietan exijentzia maila handia da; jubilatuentzat jotzen hasi eta goizaldera gazteentzako jotzen amaitu behar duzu. Dohai handia izan behar zuen jendearekiko eta jendeak nahi zuena sumatzeko. Zuzeneko musikaria zen. Beti zeraman soinua gainean; tabernan zela, lagunartean, sarri agertzen zen norbait etxean, Txankartak soinua eramateko eskatu ziola esanez. Trikitixaz zenekiena osatzeko balio izan al dizu lan honek? Jazinto Rivas Elgeta-ren eleberriarekin asko ikasi nuen. Trikitilari askorekin hitz egin nuen orduan. Baina lan hura askoz ere literarioagoa izan zen. Pertsonaia bera ere film bat egiteko modukoa zen; oso gorabeheratsua, galtzaile handia zen, duintasuna zuen arren. Jazz munduan garai hartan heroinarekin ibiltzen ziren, eta hauek ez zuten drogarik, baina gautxoriak ziren. Erromeria mundua ere ez dut asko ezagutu. Txikitan ikusi izan nituenak baina ez dakizkit, gaua iristean neskak etxera abiatzen zirenean eta mutilak atzetik segika zituztenean, edo Joxepa Arozena izeneko emakume batek kontatzen zituenak, mutilak nola prestatzen ziren neskak besotan hartuta erreka gurutzatzeko. Oso ikuspegi positiboa ematen du Joxepak, ikusten baita emakumeek ere bazituztela seduzitzeko estrategiak eta tranpak, ze bestela pentsatzen da garai hartako emakumeak zanpanak zirela eta gizonak basati batzuk. Egia esan, horrelakoak entzutean inbidia puntua sartu zait, guk neska-laguntzak autoan egin baititugu, eta oso desberdina da. Genero biografiko honek kazetaritza eta literatura batzen al ditu? Biografia baino gehiago, erreportaje luze bat dela esango nuke. Bi semeek eman dituzte datu biografiko gehienak; lehen kapituluan bildu ditut horiek. Bi alabek hurbileko deskripzioa egin dute; aita nolakoa zen, etxean nolakoa zen eta abar. Emakumeak, alde horretatik, hobeto deskribatzen dute pertsona nolakoa zen, nolako izaera zuen. Txankarta-ren lagunekin elkartu naizenean, hizketan hasten ginen, eta berehala aspertzen ziren hizketaz, «Afaldu beharko diagu!» esanez. Belaunaldi batetik gora gertatzen dena da. Anekdoten bidez kontatzen dira gauzak; Ekontatuko diat pasadizo batE esaten dizute, baina nola pentsatzen zuen ez dizute esaten. Gero asko dago Itziar inguruko erromeriei eta garai horretako gizarteari buruzko kontuez. Itziartarrek nola hartu dute lana? Oso ondo, izugarria baita pertsonaiak utzi duten arrastoa. Jon Ostolazak Txankarta-ren piezekin osatutako diskoa atera du. Lehen pieza jotzen hasi zenean, aurkezpenean, malkoak atera zitzaizkion bertako hainbat emakumeri, Txankarta gaztetako parte zelako. Harekin soldaduska egin zuten lagun koadrila batekin egiten nituen afariak larunbatetan, eta Gasteizen edo beste tokietan bizi zirenak ere etorri egiten ziren, Txankarta maite zutelako. Bai. Lan sinplea eta polita izan da. Txankarta-ren seme zaharrenari izugarrizko lana egin nuela esaten entzun nion; eta okerrena da serio esaten zuela. Oso lan apala izan da. Hamabost-hogei lagunen lekukotasunak bildu eta haiek ordenatzea izan da nire lana. Nere aldetik ez dago ezer, ezta sikiera kazetaritza berria ere. Literaturatik ez du ezer; kontatu didatena ipini dut, besterik gabe. Pare bat hilabete banituen gauza sinple bat egiteko, eta onartu egin nuen lan hau; beste lan batzuen artean egiten joan naiz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide