Igandean hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Orion

Karkara.eus 2011ko mai. 4a, 17:37

Egoitz Eizagirre, Ibai Esoain, Iñaki Gurrutxaga eta Xabier Sukia bertsolari oriotarrek hartuko dute parte

Orion, Ikastolako aretoan, izango da igandean,

martxoaren 8an, 2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen saioa. Gpuntua

lelopean Gipuzkoa...

Egoitz Eizagirre, Ibai Esoain, Iñaki Gurrutxaga eta Xabier Sukia bertsolari oriotarrek hartuko dute parte

Orion, Ikastolako aretoan, izango da igandean, martxoaren 8an, 2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen saioa. Gpuntua lelopean Gipuzkoako bertsolaritzaren isla izateko asmoz abiaraziko du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak txapelketa.

Orion hasi eta Orion aurkeztu dute, hain zuzen ere, txapelketa, elkarteko lehendakari Saroi Jauregik, koordinatzaile Oroitz Azurmendik eta Errikotxia bertso eskolako kide Unai Manterolak. 2007an jokatu zen aurreko Gipuzkoako txapelketa eta lau urtean bertsolaritzari dagokionez Gipuzkoako errealitatea aldatu egin dela, indartu eta sendotu egin dela adierazi du Saroi Jauregik aurkezpenean. Beraz, aurtengo txapelketak indartze eta sendotze hori islatzeko eta haizatzeko helburua duela esan du.

Inoizko Gipuzkoako txapelketarik handiena izango dela adierazi du Oroitz Azurmendik Gipuzkoako Bertsozale Elkartetik eta datuei erreparatu besterik ez dago hortaz jabetzeko. Hasteko, txapelketa zortzi hilabetetan barrena jokatuko da; maiatzetik ekainaren hasierara bitartean egingo dute sailkapen fasea eta ondoren, irailaren 17an final zortzirenekin hasi eta abenduaren 18ko finalarekin bukatuko da; saio kopuruari dagokionez 36 izango dira guztira; txapelketak pasako dituen herriak 26; eta txapelketaren bueltan mugituko diren eragile eta baliabideak ere asko izango dira.

Oriotarren saioak

Txapelketan parte hartuko duten bertsolariak 76 dira guztira eta horien artean daude lau oriotar: Egoitz Eizagirre, Ibai Esoain, Iñaki Gurrutxaga eta Xabier Sukia. Sailkapen fasean ekingo diote txapelketari lehen biek eta final zortzirenetan sartuko dira beste biak. Orioko arratsaldeko saioan hasiko da, hain zuzen ere, Ibai Esoain igande honetan eta honakoak izango dira, hain zuzen ere, oriotarrak kantari izango diren saioak, baita lehen fasean kantukide izango dituzten bertsolariak ere.

  • Ibai Esoain 
Orio, maiatzak 8, 17:30, Ikastolako aretoan
Ibai Esoain, Mikel Olaizola, Nekane Zinkunegi, Antton Fernandez, Mikel Artola eta Gorka Azkarate
 

Amezketa, maiatzak 28, 11:30, Kultur etxean

Ibai Esoain, Mikel Olaizola, Antton Fernandez, Gorka Etxeberria, Iñaki Apalategi eta Beñat Iguaran
  • Egoitz Eizagirre
Mutriku, maiatzak 14, 11:30, Zabiel kultur etxea
Egoitz Eizagirre, Oihana Iguaran, Jokin Uranga,
Mikel Arrillaga, Joseba Andoni Agirre eta Gorka Maiz

Usurbil, maiatzak 28, 17:30, Sutegi aretoan

Egoitz Eizagirre, Oihana Iguaran, Jokin Uranga, Asier Sasieta, Amaia Iturriotz eta Agin Rezola
  • Iñaki Gurrutxaga
Eibar, irailak 24, 17:30, Coliseo antzokia
  • Xabier Sukia
Azkoitiza, irailak 18, 17:30, Baztartxo antzokia

Bestalde, Orion igandean, goizez, 11:30ean, izango den saioan honako bertsolariak arituko dira: Andoni Otamendi, Andoni Goitia, Arnaitz Lasarte, Josu Oiartzabal Xamoa, Julen Agirreburualde eta Endika Igartzabal.
 

Bertso eskolak

Aurkezpenean behin eta berriz adierazi dute Gpuntuaren ardatz izango diren bertso eskolak eta Saroi Jauregik bertso eskolei eskerrak eman nahi izan dizkie  urte osoan eta urtero bertsozale elkartearekin lankidetzan aritzen direlako eta batik bat txapelketa urtean.  Aurten bereziki antolakuntzan hasiera-hasieratik inplikatu dira eta lehen fasean herri txikietan ibiliko garenez bereziki eskatu dugu bertso eskolen laguntza eta hasieratik prestutasun osoz agertu dira.

Bertso eskolen eta kasu honetan Orioko Errikotxia bertso eskolaren ordezkari izan da aurkezpenean Unai Manterola: Guretzat ohore bat da txapelketa hasteko Orio aukeratu izana. Herriko lau bertsolarik hartuko dute parte kantuan txapelketa honetan, baina txapelketa bertso eskola osoaren eginkizun bezala hartuko dugu eta txapelketaren laguntzaile izango da gure bertso eskola. Bertso eskola herriko ekitaldi eta kultur ekintzetan parte hartzen ohitua dagoela ere esan du Manterolak: Bertso eskola dinamizatzaile eta kohesio lanetan indartsua da eta gaztetxo nahiz helduak kulturara gerturatzen saiatzen gara. Bertso eskola herriko bertsozale eta euskaltzaleen erreferente da bertso eskoletan bertsotan ikasi bakarrik ez delako egiten lagunartea, bizikidetza, hezikidetza, herrigintza… bezalako baloreak bultzatzen direlako. Errikotxian txapelketa honetan ikusgarriak bertsolariak izango badira ere bertso eskolen eta bertsozaleen txapelketa iango dela seguru gaude.

Asteburuan abiatuko da, beraz, txapelketa eta saioetarako sarrerak eta bazkaritarako txartelak jadanik salgai jarri dituzte Gpuntuaren webgunean, baita txapelketari buruzko informazioa ere. Izan ere, internet bidez jarriko dituzte salgai eta soberan izanez gero saioan bertan, baina aurrez eta garaiz erosteko gomendioa egin dute antolatzaileek.


Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide