Orain dela hamasei urte egin zuten bat Mikel Alberdi Miantxa-k (Zestoa, 1981) eta snowboard-ak, elurretako kiroletako batek. Lagun batzuen bidez ezagutu zuten elkar. Berehala bihurtu zuen afizio adiskide ezagutu berria. Harrezkero, afiziorekin segitzen du, baina ofizio ere bilakatu zaio: berak ikasia irakasten du Baqueira Bereteko eski estazioan (Herrialde Katalanak).
Han bizi da duela ia bost urtetik. Nekatu zen joan-etorrietan. Orain dela hamar urtetik da bertan, baina han bizitzen geratzea erabaki zuen arte, atzera eta aurrera ibiltzen zen: eski denboraldia Katalunian, gainerako hilabeteak Euskal Herrian: «Nomada baten antzera bizi nintzen, eta aspertuta, han gelditzea erabaki nuen». Telefonoz ari da, eta pozik nabari zaio. Elurra ari duelako. Elurra behar duelako bizitzeko.
Baina bestelako kontuak izan dira orain arte. «Eskasa doa denboraldi hau. Neguan uda ari du egiten, eta kalte egin digu. Ea elurte honekin bukaera ona ematen diogun aurtengoari», esan du erregutuz bezala. Izan ere, irakasleak ikasleak behar ditu bizimodua aurrera ateratzeko, eta ikasleak elurra denean gerturatzen dira mendira, gozatzeko asmoz. «Eguraldiak baldintzatzen du nire bizimodua, baina horixe da nire bizitzeko era, halaxe erabaki nuelako. Orain arte, eguraldi txarra egin digunez elurretarako, ikasle gutxiago dugu».
Ez du diru sarrera bakarra klaseena, ordea. Lehiaketak ere bizibide ditu. Trebea da, eta badauzka garaipen batzuk. Babesleei esker lortzen du dirua, baina horretan ere aldrebes samar dabilela onartu du: «Krisia ere heldu da gugana, eta aurten ez daukat babesle handirik; iaz baneukan». Oztopoak oztopo, ez dauka bizimodua aldatzeko asmorik: «Hemen segituko dut, eta egunetik egunera ikusiko dut zer gertatzen den». Gerora begira jarri da segituan, eta burua nahiz gogoa orain dagoena baino urrunago joan zaizkio: «Oraintxe edozein lekutara joango nintzateke, Austria, Suitza edo Frantziara. Ikusita hemen nola dagoen gauza…. Hobeto baloratuak gaude kanpoan».
Bestelako lanak
Eguraldiak baldintzatutako lanbidea, lehiaketan aritzeko babesleen eskasia… Eta eguneroko bizimodua aurrera atera behar, hala ere. Miantxa-k beste lan batzuk ere egin behar izaten ditu: «Ostalaritzan ibiltzen naiz; batez ere, udan. Baina bestelako lan batzuetan ere jardun dut, gasolindegi batean, esaterako. Bestelakoan, udan, gida gisa ere egiten dut lan». Handik eta hemendik osatzen du bizimodua. Eta horrekin lotuta, gogoeta hau egin du: «Kanpotik begiratuta, oso polita ematen du, baina gauza asko atera behar izaten zaizkigu ondo dena behar bezala ateratzeko».
Oraintxe bertan, nabari zaio kezka puntua, baina lehiaketa ere buruan du, eta horrek arintzen dio ezinegonaren nolabaiteko zama. Bizpahiru proba gelditzen zaizkio zirkuitu bat osatzeko, eta lanak txukun egiten jarraitu nahi du. -ren lehiaketa honela jokatzen da: mendian gora egiten dute, eta handik behera botatzen dira, snow taularen gainean jarrita, jauzi ikusgarriak eginez.
Lehendik datorkio saltoka ibiltzearena: «Umetan, herrian ibiltzen ginen monopatina hartuta, eta lagun batek esan zidan snow taula gustatuko zitzaidala. Horrela ekin nion, eta begira non nagoen orain». Hamasei urte bete zituenean, dirua bildu eta han joan zen elurretara, afizio berria probatzeko asmoz. Handik urtebetera, lanean hasi eta soldatari esker, gehiagotan hasi zen joaten. Candanchu, Astun (Aragoia)… Denetarik probatu eta gero, Baqueira ezagutu zuen, eta leku ederra dela iritzita, hantxe gelditu zen.
Han, hor edo hemen, elurra behar du inguruan. Eta snow taula. «Nire bizitza da». Sakonetik gordinera egin du jauzi, elurretan balego bezala, azalpenarekin segitzeko: «Ez badut egiten, neure burua ezin dut jasan, eta besteek ere ez naute jasaten. Erotu egiten naiz». Bere garaian, aitzindarietako bat izan zen hemen inguruan kirol horri ekiteko orduan, eta harrezkero, jende askori gustatu zaio. Baina bizimodu bezala hartzera beste jauzi bat dagoela esan du. Berak eman zuen, elurra behar duelako arnasa hartzeko. Elurra duelako arnas.