«Mendebaldeak Libian petrolioa beste interesik ez duela dirudi»

Ane Olaizola 2011ko mar. 3a, 07:31

Martxelo Diazek (Donostia, 1971) ez du bere burua arabiar munduan aditutzat: «Ez naiz aditua, baina oso jantzita nago gaian. Egunero jorratzen ditut halakoak». Gara egunkariko nazioarte saileko kazetaria da eta urte asko daramatza herrialde arabiarretan izan diren eta ematen ari diren gatazken inguruan idazten. Herrialdeotako errealitatea bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izan du donostiarrak, brigadista gisa izan da Palestinan eta errefuxiatu guneak bisitatu ditu Jordanian, haietako bizimodua eta bertako egoera politikoa lehenengo pertsonan ezagutzeko asmoz, besteak beste. Arranopola Kultur Elkarteak antolatuta, Arabiar mundu iraultza gosez hitzaldia eskainiko du gaur, 19:30etan, Arrano tabernan . Bertan azken hilabeteotan Egipton, Libian, Tunisian, Qatarren eta Yemenen izan diren matxinaden nondik norakoak azalduko ditu, besteak beste. Arabiar mundua iraultzan dago. Azken hilabeetan gatazka ugari sortu dira. Lehena Tunisian izan zen, duela gutxi Egipton eta orain Libian gerrate zibila prestatzen ari direla diote komunikabideek. Zer dago gatazka horien oinarrian? Herrialde batetik bestera ezberdintasunak daude, baina ezaugarri orokorrak dituzte guztiek oinarrian: herrialdeotan agintean dauden politikoak nahiko ustelak dira. Eliteen mesederako prestatuta dauden sistemak dira indarrean daudenak, eta horren aurrean, populazioak ez ditu eskubide politikoak eta sozialak bermatuta. Horretaz gain, Tunisian, Egipton, Libian eta Yemenen, esaterako, agintariek euren oinordekoak jarri nahi dituzte boterean, euren aginteak jarraipena izan dezan. [...]

Martxelo Diazek (Donostia, 1971) ez du bere burua arabiar munduan aditutzat: «Ez naiz aditua, baina oso jantzita nago gaian. Egunero jorratzen ditut halakoak». Gara egunkariko nazioarte saileko kazetaria da eta urte asko daramatza herrialde arabiarretan izan diren eta ematen ari diren gatazken inguruan idazten. Herrialdeotako errealitatea bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izan du donostiarrak, brigadista gisa izan da Palestinan eta errefuxiatu guneak bisitatu ditu Jordanian, haietako bizimodua eta bertako egoera politikoa lehenengo pertsonan ezagutzeko asmoz, besteak beste. Arranopola Kultur Elkarteak antolatuta, Arabiar mundu iraultza gosez hitzaldia eskainiko du gaur, 19:30etan, Arrano tabernan . Bertan azken hilabeteotan Egipton, Libian, Tunisian, Qatarren eta Yemenen izan diren matxinaden nondik norakoak azalduko ditu, besteak beste. Arabiar mundua iraultzan dago. Azken hilabeetan gatazka ugari sortu dira. Lehena Tunisian izan zen, duela gutxi Egipton eta orain Libian gerrate zibila prestatzen ari direla diote komunikabideek. Zer dago gatazka horien oinarrian? Herrialde batetik bestera ezberdintasunak daude, baina ezaugarri orokorrak dituzte guztiek oinarrian: herrialdeotan agintean dauden politikoak nahiko ustelak dira. Eliteen mesederako prestatuta dauden sistemak dira indarrean daudenak, eta horren aurrean, populazioak ez ditu eskubide politikoak eta sozialak bermatuta. Horretaz gain, Tunisian, Egipton, Libian eta Yemenen, esaterako, agintariek euren oinordekoak jarri nahi dituzte boterean, euren aginteak jarraipena izan dezan. Horrek herritarrek agintarienganako duten amorrua areagotu du. Herritarrek euren etorkizuna eraikitzeko aukerarik ez dutela jabetu dira. Bestalde, krisi ekonomikoak ere izan du zerikusia gatazken sorreran. Bereziki herritar txiroenak kolpatu ditu krisiak, eliteko herritarrek aberastasunak pilatzen diharduten bitartean. Horrek ezinegona eragin du populazioan. Era berean, Internetek ere paper garrantzitsua izan du. Zenbait gatazkaren inguruko informazioa zabal hedatu da sarearen bidez, eta horrek beste herrialdetan mobilizazioak piztea ekarri du. Arrazoi orokorrak aipatu dituzu. Herrialde bakoitzeko egoera, ordea, ezberdina izango da besteekiko. Egipton, Tunisian, Jordanian edota Yemenen matxinadak manifestazio masiboetan oinarritu dira. Herritarrak plazetan bildu dira, eta boterean daudenek etsi artean protestan jardun dute. Libian egoera askoz ere korapilatsuagoa da; manifestazioez haratago doa gatazka. Oposizioak eta agintean daudenak, biek ala biek dituzte armak, eta gerrate zibilaren atarian daude. Nahiko perspektiba iluna du egoerak. Duela aste batzuk Egipto bezalako herrialde bat militarki okupatzeko aukerarik bazegoen galdetu zidaten, eta ezetz erantzun nuen. Libian, ordea, kontrakoa gertatzen ari dela dirudi. NATOk, Europako Batasunak eta AEB Amerikako Estatu Batuek badirudi buruan darabiltela ideia hori. Tropak bidali dituzte herrialdera, eta okupazio militarra bidera dezakete. Hurbil dauden herrialdeez ari garenean, gainera, ezin dugu ahaztu petrolioaren auzia eta horrek dakartzan interes ekonomikoak. Badirudi mendebaldeko potentziek Libian duten interes bakarra petrolioa dela, eta herritarren eskubideak eta haien interesak aintzat ez dituzten sistemak edota agintariak sostengatzen dituztela. Gatazka horiek zer nolako eragina izango dute nazioartean edota Euskal Herrian? Herrialdeotan izan diren matxinadek kolokan jarri dute pentsamolde orokorra. Bertako herritarrek Europan ditugun eskubideak izan nahi dituzte haien herrialdetan. Nahiz eta Europako zenbait herrialdetako sistemak kritikagarriak izan, bertako jendeak are eskubide gutxiago dituzte, eta guk ditugunak lortzea aurrerapausoa izango litzateke haientzat. Hala ere, aldarrikapenek zer nolako bilakaera duten ikusi beharko da. Tunisian zein Egipton, esaterako, demokrazian oinarritutako sistema bat eraikitzea lortzen duten ikusi beharko da. Ezin dugu ahaztu bai Egipton bai Tunisian aurreko erregimeneko agintariek osatzen dutela egungo gobernua, eta haiek izango direla trantsizioa zuzenduko dutenak. Esanguratsua da baita ere, egunotan Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentea Tunisian izatea. Espainiako trantsizioko eredua helaraziko die bertako agintariei. Euskaldunok ederki dakigu zer nolako gabeziak izan zituen trantsizioak, eta gatazkak bizi berri dituzten herrialdeak halako ereduetan oinarrituko badira, haiek ere gabeziekin jaioko dira. Lehia handia dago matxinada burutu duten indarren eta mendebaldeko potentzien interesen artean. Lehia horretan nor nagusituko den ikusi beharko da. Ezusteko fenomenoa izan da, eta jendea oharkabean harrapatu du. Ni zergatiak azaltzen saiatuko naiz gaur; izan ere, nabarmena da herritarren interesa gaiarekiko. Jendeak jakin nahi du, informazioa behar du. Orokorrean Ekialde Hurbileko gaiak korapilatsuak izan ohi dira, konplikatuak eta misteriotsuak. Horregatik, jendearekin hitz egiten saiatuko naiz, galderei erantzuten. Ez dute klase magistralik eman nahi.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide