«Pasioa ogibide bihurtu dut, eta pasio izaten jarraitzen du»

Zarauzko Hitza 2011ko ots. 3a, 11:40

XIX. mende amaierako kontrabaxuarekin agertu da hitzordura Amaiur Cajaraville (Donostia, 1978). Musika tresna klasikoaren ikasketak egin ondoren, hainbat musikariren dei jaso eta haiekin kolaboratu du, bai diskoan bai taula gainean: Oreka Tx, Pantxoa eta Peio, Olatz Zugasti, Mixel Ducau eta, oraintsu, Benito Lertxundirekin.Euskal kantagintzan edo, behintzat, doinu lasaiagoetan murgilduta dagoen arren, rock gogorra izan zuen abiapuntu, Zarauzko Eraso! taldean. Benito Lertxundiren zuzenekoetako musikari gisa zabiltza azkenaldian, baina zure hastapenak rock gogorrean izan ziren. Kanpotik ikusita aldaketa handia dirudi. Musikaren beste esparru batean ezagutu nautenentzat, bada, bai! Haiek nitaz duten irudia beste bat izango da: ile luzearekin eta rockarekin kaña sartzen, alegia. Edonola ere, betidanik egin dut denetarik. Esaterako, Eraso!-rekin nenbilenean ere, Bihar Berriz taldean bateria jotzen nuen, eta haiekin pop-rocka lantzen genuen. Aurretik, abesbatzan ibili nintzen urte askoan, eta musika klasikoa betidanik izan dut present etxean. Musika mota, publikoa, emanaldia eta giroa guztiz ezberdinak dira. Zertan da berdin, ordea? Azkenean, biak musika dira. Modu batera edo bestera egitea da ezberdintasun bakarra… Gustoko baduzu, ez dago arazorik. Niri barietatea ikaragarri gustatzen zait, azkenean horrek ematen baitio bizitasuna. Bestela aspertu egingo nintzateke. Baina bada gauza berdinean eroso sentintzen dena, eta hori ere errespetagarria da. Nik, ordea, batetik eta bestetik hartzea behar dut; [...]

XIX. mende amaierako kontrabaxuarekin agertu da hitzordura Amaiur Cajaraville (Donostia, 1978). Musika tresna klasikoaren ikasketak egin ondoren, hainbat musikariren dei jaso eta haiekin kolaboratu du, bai diskoan bai taula gainean: Oreka Tx, Pantxoa eta Peio, Olatz Zugasti, Mixel Ducau eta, oraintsu, Benito Lertxundirekin.Euskal kantagintzan edo, behintzat, doinu lasaiagoetan murgilduta dagoen arren, rock gogorra izan zuen abiapuntu, Zarauzko Eraso! taldean.
Benito Lertxundiren zuzenekoetako musikari gisa zabiltza azkenaldian, baina zure hastapenak rock gogorrean izan ziren. Kanpotik ikusita aldaketa handia dirudi.


Musikaren beste esparru batean ezagutu nautenentzat, bada, bai! Haiek nitaz duten irudia beste bat izango da: ile luzearekin eta rockarekin kaña sartzen, alegia. Edonola ere, betidanik egin dut denetarik. Esaterako, Eraso!-rekin nenbilenean ere, Bihar Berriz taldean bateria jotzen nuen, eta haiekin pop-rocka lantzen genuen. Aurretik, abesbatzan ibili nintzen urte askoan, eta musika klasikoa betidanik izan dut present etxean.
Musika mota, publikoa, emanaldia eta giroa guztiz ezberdinak dira. Zertan da berdin, ordea?


Azkenean, biak musika dira. Modu batera edo bestera egitea da ezberdintasun bakarra… Gustoko baduzu, ez dago arazorik. Niri barietatea ikaragarri gustatzen zait, azkenean horrek ematen baitio bizitasuna. Bestela aspertu egingo nintzateke. Baina bada gauza berdinean eroso sentintzen dena, eta hori ere errespetagarria da. Nik, ordea, batetik eta bestetik hartzea behar dut; beharbada, denetarik entzun dudalako. Kontrasteak gustatzen zaizkit.
Benitorekin Bizkaia maite jotzen Eraso!-rekin Erantzunik gabe deskargatzen bezainbeste gozatzen al duzu?
Alde horretatik, ezberdina da. Erantzunik gabe jotzen nuenean 20 urte inguru nituen, gazteagoa nintzen, eta odola ere beroagoa nuen. Orain, heldutasunagatik-edo, lasaitasuna iritsi da. Hala ere, Eraso!-ren abestiak jotzen hasiko banintz, berehala jarriko nintzateke. Ez dakit… Bizitza horrelakoxea da.
Lasaitasunera iritsi zaren arren, Jimi Hendrix gitarrista daramazu besoan tatuaturik. Ez zinen ba damutuko?


Baita zera ere! Damurik ez dut. Eta damutu banintz, seinale txarra izango litzateke… Gaztaroan, 60ko eta 70eko hamarkadako musikaren oso zalea ginen anaia eta biok, eta momentuko kontua izan zen. Askotan ez naiz gogoratzen azalean daramadanik.


Jimi Hendrixetik Benito Lertxundira. Nola sortu zitzaizun abeslari oriotarraren taldean sartzeko aukera?

Gauza batetik bestera egiten duzu jauzi. Olatz Zugastiren azken diskoan aritu nintzen kontrabaxua jotzen, eta pentsatzen dut berak hitz egingo ziola Benitori nitaz. Gauzak horrela, bere bandan baxua jotzeko deitu ninduten, eta oso pozik nago.
Eta zer-moduzko nagusia da bera? Nola moldatzen zarete entseatzeko, eta kontzertuetan?


Oso ongi moldatzen gara. Berak badaki zer egin eta nola egin, eta gu hortxe jartzen gara, berak nahi duena atera arte. Giro ikaragarria dugu taldean, zalantzarik gabe. Bakoitzak bere musika tresna jotzen du eta, beraz, norberak bere ukitua ematen dio.
Aurretik, ordea, Mixel Ducau, Oreka Tx, Miren Fernandez eta beste batzurekin ere aritu zara zuzenean.


Musikene zentroan kontrabaxua jotzen ikasten ari nintzela, Miren Fernandezekin hasi nintzen. Eraso! utzi eta musika klasikoa ikasi ondoren, taula gainera berriz itzultzen nintzen lehen aldia izan zen. Gero, Oreka Tx taldekoek deitu ninduten; Oreka Tx-en Mixel Ducau dabil; Ducauren bitartez Pantxoa eta Peio…
Euskal musikagintzaren familia txikia dela, nolabait esateko.
Asko oso ezagunak eta elkarren artean oso gertukoak. Kontrabaxua ere ez da ohiko musika tresna eta horrek ere zirkulua txikitu egiten da. Behintzat, lanik ez zait falta. Tira, batetik bestera ere ibili beharra dago, gaur egun egoera ez baita guztiz samurra.


Gasteizko Jesus Guridi Musika Kontserbatorioko irakasle ere bazara, gitarra atalean. Zer irakasten duzu?

Maila ezberdinetako hamazazpi ikasle ditut, eta gitarraren errepertorio klasikoa eta erromantikoa irakasten dut; azken finean, kontserbatori batean irakasten dena.


Musikakariak irakatsi ere egin behar al du bizitzeko?

Tamalez, bai. Gaur egun oso zaila da hontatik bizitzea, oso prekarioa baita. Kontzertuak ematen dituzu, baina ez dakizu noiz eta zenbat izango diren, ezta noiz kobratuko duzun ere. Asteburutan jotzen dugu, gauez, batzuetan kilometro dezente eginez… Betikoa da, baina hori da gure bizitza. Azkenean, pasioa ogibide bihurtu dut, eta pasio izaten jarraitzen du.
Noiztik zabiltza irakasle eta musikari lanak partekatzen?


Nahiko goiz hasi nintzen, Zarauzko Kame akademian, eta bertan bost urte egin nituen irakasle gisa. Kontrabaxuko ikasketekin hasterakoan utzi egin nuen, eta ondoren, berriz heldu nion irakaskuntzari. Orain, bi urte daramatzat kontserbatorioan.
Beharbada, orain, sorkuntza propioa falta zaizu. Ba al duzu proiekturik esku artean?


Oraingoz, ez dut ezer esku artean. Aldaketa asko izan dut azken urtean; besteak beste, aita izan naiz, hainbat abeslari edo talderekin ari naiz zuzenekoetan eta irakasle lanetan nabil. Ondorioz, denbora askorik ere ez dut. Baina hemendik denbora batera, agian zerbait aterako da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide