Telmo Esnal (Zarautz, 1966) buru-belarri murgilduta dabil bere azken proiektuan. Hilaren 21ean hasiko dira Asier Altunarekin batera idatzitako Urteberri on amona filma grabatzen. Filmazioarekin hasi aurretik azken xehetasunak lotzen ari da zarauztarra, casting-ak gainbegiratzen eta eskenatokiak zehazten, besteak beste. Bigarren aldia da luzemetraia bat prestatzen duena, eta bigarren aldia da baita ere gidoia Asier Altunarekin elkarlanean idazten duena. Aupa Etxebeste-ren arrakasta ikusirik, euren lana «ahalik eta ondoen» egitea espero du zarauztarrak, eta, bide batez, bigarrenik Donostiako Nazioarteko Zinemaldian aipamena jasotzea. «Ongi hasi gara, eta hala bukatu nahiko genuke». Grabatzear diren filmaren inguruan aritu zaio Esnal Urola Kostako Hitza-ri.
Euskara hutsean egiten duzun bigarren film luzea da Urteberri on amona. Bigarren aldia da baita ere Asier Altunarekin lantzen duzun, ezta ?
Bai, 2005ean estreinatu genuen lehenengo luzemetraia, Aupa Etxebeste. Hura euskara hutsean filmatu genuen, oraingoa, berriz, ia osoa dago euskaraz, Benidormen grabatutako hainbat zati izan ezik. Horretaz gain, bigarren aldia da Asier Altunarekin lan egiten dudana, baina gidoia idazten lagundu badit ere, oraingo honetan nik bakarrik jardungo dut zuzentzen.
Benidorm aipatu duzu baina Gabon giroko filma da. Zertaz doa?
Umorearekin hasten da, baina txisteak behin eta berriz kontatu ostean barregurarik ematen ez duen moduan bukatzen da filma. Lau belaunaldi biltzen dira Urteberri on amona-n: 80 urte luze dituen amona Mari, haren alaba Maritxu eta Joxemari bere gizona, haien alaba Miren eta Kintxo bere senarra eta horien seme-alabak. Amona da filmeko ardatza. Alzheimerra du, baina dirudienez bera da familiako azkarrena. Bilobaren gizonak ere protagonismoa handia du. Taxi gidaria da ofizioz, eta afizioz, berriz, ehiztaria.
Filmak alzheimerraren inguruan gertatzen dena islatzen du, gaixoaren zaintza eta eguneroko bizitza. Komedia beltza dela esan dezakegu. Dramatikoa da, baina era berean umoretsua. Ohi bezala, gaia muturreraino eraman dugu. Istorio gogorra da, baina umore kutsuarekin kontatuta dago. Ikuslearengan sentsasioak sorraraztea da filmaren helburua.
Aktore garrantzitsuak aukeratu dituzue lan honetarako.
Bai, Josean Bengoetxeak egingo du Kintxoren papera, esaterako. Pedro Otaegi eta Kontxu Odriozola sartuko dira Joxemariren eta Maritxuren paperean, eta amona Marirenean,berriz, Montserrat Carulla arituko da. Azken hau izen handiko aktorea da Herrialde Katalanetan eta Espainian. Haurren papera oraindik ez dugu aukeratu nork egingo duen; oraintsu ari gara castingekin amaitzen.
Eskenatokia ere berezia izango da. Donostian grabatuko duzue, baina herri txikiak dituzu gogoko.
Filmaren zati handiena Donostian eta inguruan grabatuko dugu, Kintxo eta Miren bertan bizi baitira. Amona Mari, Joxemari eta Maritxu, berriz, herri txikiago batean bizi dira. Debaren eta Etxalarren artean grabatuko ditugu eszena horiek. Gerora, Benidorm ere azalduko da, amona Mariren alaba eta senarra bertara joaten baitira oporretara, amona zahar etxean utzita. Denetarik ikusi ahal izango da filman.
Egia esan, zaila izan da herri txiki hori islatzeko eskenatokia topatzea; izan ere, egun herriak hiri dira ia. Asko zabaldu dira, eta eraikuntza ugari dago horietan. Hori dela eta, Nafarroa aldera jo behar izan dugu Maritxuren, Joxemariren eta amona Mariren bizitokia grabatzera.
Hilaren 21ean hasiko zarete filmatzen.
Hala espero dugu behintzat. Ez dut uste atzerapenik izango dugunik. Izan ere, gauzak nahiko lotuta ditugu, eta astebetez atzeratzea oso garesti atera dakiguke. Esan bezala, orain casting-ak egiten eta aktoreak aukeratzen ari gara, baita eskenatokiak ere, baina guztia gutxi gorabehera prest dugu. Katastroferen bat gertatuz gero soilik geratuko dugu filmazioa.
Eta filmazioak zazpi aste iraungo du.
Bai, nahiko denbora dugu, bai. Esfortzua egin beharko dugu epeak mantentzeko baina zortedun garela esan dezakegu. Aupa Etxebeste sei aste eta erdian filmatu genuen, esaterako. Luxua da zazpi aste izatea luzemetraia grabatzeko. Zinema mundua nola dagoen ikusita, ezin gara kexatu.
Noiz estreinatuko duzue Urteberri on amona?
Hori filma merkaturatzeaz arduratuko den enpresa banatzailearen araberakoa izango da. Gabonetako istorioa izanda, abendu amaieran-edo estreinatuko dugula aurreikusi genuen bere garaian. Gure asmoa uztaila-abuztua ingururako amaituta egotea da, hala, Donostiako Nazioarteko Zinemaldian aurkezteko aukera izango genuke. Hala ere, goizegi da hori zehazteko, ezin daiteke inoiz jakin, filma nola geratzen den ikusi behar da horretarako. Aupa Etxebeste borobila atera zitzaigun, eta hori aprobetxatuz aukeztu genuen Zinemaldira. Ea oraingoa ere arrakastatsua izaten den. Hori errepikatzen saiatuko gara behintzat.
EITBren laguntza izan duzue filma martxan jartzeko.
Bai, kosta zitzaigun baina azkenean lagunduko gaitu. Television Españolak ere diru-laguntza eskaini digu. Eta horri esker lortu dugu filma aurrera ateratzea. Ez dira garai onak zinemarako, eta zortedun sentitzen gara halako lan bat martxan jartzeko aukera dugulako.