Xabier Zabalak (Zarautz, 1967) bederatzi urte daramatza Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen musika egiten. Urteko disko bat prestatzen du pailazoen ikuskizunetarako. Aurtengorako sortutako Ongi etorri, Pupu eta Lore lana kaleratu berri du. Horretaz gain, beste hamaika lan ere egin ditu zarauztarrak. Horren erakusgarri da bihar Schola Cantorum abesbatzaren kontzertuan abestuko duen Agur Maria kantua. Abesti ezagunaren bertsioa osatu du zarauztarrak eta Santa Maria la Real parrokian egingo duten meza nagusiaren baitan abestuko du abesbatzak, 11:00etan.
Pirritxek Pupu eta Lore izan berri ditu. Horren harira, eta urtero Pirritx, Porrotx eta Marimototsek egin ohi duten ikuskizunera begira, Ongi etorri Pupu eta Lore diskoa sortu berri duzu, Irrien Lagunak egitasmoaren baitan.
Ongi etorri Pupu eta Lore Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin elkarlanean egin dudan bederatzigarren diskoa da. Urtero, Gabonen bueltan ikuskizuna egiten dute pailazoek, eta horretarako kantu berriak prestatu eta diskoa osatzen dugu. Urtero gai ezberdinak jorratzen ditugu. Aurten Pirritxen haur bikiak, Pupu eta Lore, dira diskoaren protagonistak. Hamalau hilabeteko haurdunaldia izan du Pirritxek, eta diskoa bikien hezkuntzan oinarritzen da. Horretarako lau pertsonaia berri sortu ditugu hainbat sailen inguruan: Largabista (natura), Tiritatxo (osasuna), Marikalanbres (zientzia) eta Martinbertso (kultura). Eta pertsonaia horien bitartez heziketaren mundua lantzea da helburua.
Urtero musikaren bitartez gizarte gai bat jorratzen duzue.
Hala da. Aupa Kintxo lehenengo diskoan Nikaraguan bizi duten egoera landu genuen. Maite zaitut lanak, esaterako, ijitoen mundua zuen ardatz, integrazioa. Naturaz hausnartu genuen, berriz, Mari motots diskoarekin. Ongi etorri Pupu eta Lore diskoarekin heziketaren inguruan hainbat alor jorratu dugu. Eta horiek gerora zuzeneko ikuskizunera egokitzen ditugu. Duela bi urtetik nik ere hartzen dut parte zuzenekotan. Hala, musika aldetik aurrerapausoa eman dute, zuzenean egiten dute musika, eta horrek aberastasun puntua ematen dio ikuskizunari.
19 kantuk osatzen dute diskoa.
Bai, eta askotarikoak dira, gainera, gaiaren araberakoak. Bereziena Amatxori izeneko boleroa da. Miren Amuriza bertsolariak egin du letra, eta gurekin ez dauden senideak gogora ekartzen ditu. Oso samurra da, tristura baino, esperantza helarazten du. Literatura idazleek esan nahi dutena garbi ulertzen dugu, haien grafiaren arabera. Musikarekin ere gauza bera gertatzen da, eta horretarako notak erabiltzen ditugu. Askotan lehenengo musika egiten dugu, eta idazleek gerora, doinuaren arabera osatzen dute letra. Hori gertatu da Amatxori abestiaren kasuan. Era berean, Amets Arzallus bertsolariak aspaldi egindako bertso batzuei musika gehitu diegu. Kasu honetan, rock doinua eman diegu Arzallusen idatziei. Ildo horretatik, gaiaren arabera moldatu behar da musika. Garrantzitsuena letraren eta musikaren artean lotura egotea da.
Haurrak ikusle zorrotzak dira. Erraza al da haiek entrenitzea?
Haurrak, onerako eta txarrerako, oso egiazaleak eta gardenak dira. Berehala antzematen da egindako lana gustatzen zaien ala ez. Gure asmoa pedagogikoki baloreak transmititzea da, alaitasuna, irria eta euskara, besteak beste. Eta ez dut uste hain zaila denik. Zerbaitetan sinesten baduzu, eta mezua helaraztarako orduan gogoa eta ilusioa jartzen baduzu, hori transmititzea erraza da. Eta ilusioz adierazten baduzu benetan inporta zaizuna, erantzun ona izaten da orokorrean. Hortan saiatzen gara, behinik behin. Eta orain artean emaitza paregabea jaso dugula deritzot.
Eta ilusio hori mantentzen al duzu urtea joan eta urtea etorri?
Bai, horretan ahalegintzen naiz. Sei asteko produkzioa izaten da, eta bukatzean hurrengoa prestatzen hasten gara . Gurpil bat da, batekin amaitu bezain pronto hurrengoari ekiten diogu. Hori guztia egin ahal izateko metodoak eta metodoak daude. Neure kasuan, ikuslearen paperean jartzen naiz. Horretarako, bost bat aldiz joan izan naiz ikuskizunetara. Bestalde, konposatzerakoan pertsonaiak imaginatu beharra dago, norberaren buruan behintzat. Nolakoa izango den eta zer egingo duen pentsatu behar da. Prozesu oso bitxia da. Era berean, transmititu nahi dituzun sentimenduak ere kontuan izan behar dira. Poztasuna eta alaitasuna helarazi behar dira, baina aldi berean, baita tristura ere, gai batzuk hala eskatzen baitute. Eta hori guztia ilusioz egin beharra dago, noski. Gerora, zuzenekotan ikusleen erreakzioak ikusteak poztasun ikaragarria ematen du, eta egindako lan gogorrak merezi izan duela ulertzen duzu.