Saharan gertatzen ari dena adi-adi jarraitzen ari da Xabier Euzkitze (Azpeitia, 1966). Izan ere, bertsolari ohi eta kazetaria Saharautz Elkarteko lehendakaria da eta ederki ezagutzen du saharrarek bizi duten errealitatea.
Aiunen gertatzen ari denaren aurrean, egoera hori salatzeko ekimenik antolatzeko asmorik ba al duzue?
Pasa den astean elkarretaratzea egin genuen Foruen Enparantzan Sahararren heriotza munduaren lotsa lelopean. Gainerantzean elkarteko kideok mezu elektronikoen bidez gure ezagun eta kontaktuei Mendebaldeko Saharan gertatzen ari denaren berri ematen ari gara. Ez dadila hau laupabost eguneko titularra izan eta beste hainbat herrirekin gertatzen den bezala ahaztuta geratu; sahararren egoerak lehen bezain larria izaten jarraitzen baitu.
Saharautzeko kideok izan al duzue harremana bertako familiekin azken egunetan?
Guk harremana dugu errefuxiatu gunean daudenekin, Aljerian Tindufeko errefuxiatu gunean daudenekin, eta ez jatorrizko lurretan daudenekin. Bertan izan den lagunen batekin txateatu dugu eta badakigu egoera zein den eta berriak badatozkigu; badakigu egoera benetan larria dela.
Zein da egoera?
Denok ezagutzen dugu orain dela 35 urte zer gertatu zen, eta Espainiak deskolonizazio prozesua zein modu zabarrean eta lotsagarrian egin zuen. Martxa Berdearen ondorioz, sahararrek euren lurrak utzi behar izan zituzten, eta jakina da milaka eta milaka lagun geroztik zein egoeratan bizi diren. 200.000 mila lagun errefuxiatu kanpamenduetan bizi dira, eta euren jatorrizko lurrean geratu zirenak erabat zapalduta bizi dira. Hemen Francoren garaian bizi izan zen zapalkuntzak ez du zerikusirik bertan bizi dutenarekin; guztiz kontrolatuta daude, zigorgabetasun handienarekin edozer egin dezakete poliziek eta kolonoek. Sahararren baten etxera joan eta haren etxeari edo kotxeari su eman diezaiekete kolonoek, lasai-lasai, polizia begira duten bitartean. Sahararrak bahitu, torturatu eta hil ere egiten dituzte, eta gero nahi duten lekuan lurperatu. Sahararrak ikaragarrizko jazarpena jasaten ari dira. Sekulako genozidioa burutzen ari da Maroko, eta mundua isilik dago. Batez ere, erantzukizun zuzenena dutenak, Espainia; eta interes bereziak dituzten Frantzia eta Ameriketako Estatu Batuak.
Azken egunetako erasoak gogorrak izan badira ere, egoera hori ez da berria, ezta?
Egoera orain duela hamar, hogei edo hogeitamar urte bezain larria da. Hemeretzi urte daramatza Fronte Polisarioak su-etenean tiro bat bera ere bota gabe. Su etenarako hitz eman zitzaien zenbait gauza eta horietako ezer ez da bete. Oraindik erreferendumik ez da egin, urrats txiki-txiki batzuk bakarrik eman dira. Marokok lehen bezala jarraitzen du, eta azkenean Aiunen bizi direnek, bizia arriskatuz kanpamendu bat antolatzea erabaki dute. Urteak joan eta urteak etorri, eta ezer aldatzen ez denean, nazioarteko erakundeek ezer egiten ez dutela ikusten denean, munduak bizkarra ematen duenean behin eta berriz, errege tirano batek nahi duen guztia egiten duenean, eta horren berri ematen inori uzten ez dietenean, sahararrek zerbait egin beharra ikusi dute.
Kazetari eta kooperante guztiak Aiundik atera dituzte, eta gertatzen ari denaren inguruko albiste gutxi iristen dira.
Aiundik iritsitako lehendabiziko berriak, Marokoko gobernuak emandakoak benetan lotsagarriak izan ziren, saharar zibil bat eta bost polizia marokoar hil zirela esanez; alegia, artaldeak bost otso hil zituela. Datu horiek guztiz lotsagarriak dira. Badakigu hildako sahararrak, bortxatuak eta torturatuak izan direnak asko direla. Eta horregatik saharrak pauso hau eman beharra izan dute. Munduaren ahaztueraren eta bazterketaren aurrean hiltzen ari dira, eta euren ohiturak, kulturak eta nortasun zeinu guztiak ezabatzen ari diren bitartean, zerbait egin beharra ikusi dute. Batzuetan legediak eta nazioarteak beste aukerarik ematen ez dutenean, badirudi indarkeria erabiltzea beste erremediorik ez zaiela geratzen. Hori pentsatzera iristea oso arriskutsua izan daiteke, oraintxe bertan sahararren artean berriz ere armetara deitzeko zorian daude; berriz ere akademia militarrera deitzen ari dira, eta ez dakigu zer gertatuko den. Hemeretzi urtez su -etenean egon diren bitartean, iseka besterik ez zaie egin, eta orain, nik uste, hil edo bizi, erabaki larriren bat hartuko dutela.
Zer uste duzu egin beharko lukeela nazioarteak egoera horren aurrean?
Erantzukizunik handiena duten herriek erabakiak hartu beharko lituzkete. Espainiako Gobernuko Atzerri ministro Trinidad Jimenezek lasaitasuna eskatu zien bi aldeei, otsoari eta otsoaren ohoan dagoen bildotsari, biak parean jarriz. Marokorekin dituzten harreman komertzialei eusten diete, ezer gertatuko ez balitz bezala. Espainiak armak saltzen dizkio Marokori sahararrak zapaltzen jarrai dezan. Ameriketako Estatu Batuek eta Frantziak harreman komertzialak eteteko inolako mehatsurik ez dute egin. Eta Nazio Batuen Erakundeak orain dela urtebete aitortu zuen gatazka horretan ez duela ezer egiterik. Gertatzen ari dena ikaragarria da. Ez dut uste munduan beste inon gertatzen ari denarekin aldera daitekeenik, haiek euren lurrean ere ez baitira bizi.