Bihar egingo du geldialdia Orion euskal presoen aldeko 'Puzzlea osatu arte' egitasmo ibiltariak

Onintza Lete Arrieta 2025ko mai. 16a, 08:01

'Puzzlea osatu arte' egitasmoaren aurkezpeneko irudi bat. (Sare)

Lesakan (Nafarroa) hasi eta Iruñan amaituko den egitasmoarekin bat egingo dute herrian. Ekitaldia 15:15ean izango da Herriko Plazan, eta aurrez, mokadua eta sagardoa txotxetik eskainiko ditu Orioko Sarek. Gregorio Eskudero herriko presoa izango dute gogoan.

Euskal presoen aldeko Puzzlea osatu arte egitasmoak Orion egingo du geldialdietako bat bihar eguerdi-arratsalde partean. Lesakan (Nafarroa) hasiko du ibilbidea bihar bertan, eta etzi Iruñan amaituko da. Egitasmoarekin bat egingo dute Euskal Herriko 29 herritan, tartean Orion –eskualdeko herri bakarra izango da–, "oraindik kalea zapaltzen ez duten 58 euskal presoen etxerako bidea aldarrikatzeko".

Orion,  Gregorio Eskudero herriko presoa izango dute bereziki gogoan. 2002an atxilotu zuten hura, eta zigorraren hiru laurdenak beteta ditu. Sarek azaldu duenez, bigarren graduan dago gaur egun, "baina oraindik ez du etxerako bidea egiteko aukerarik".

Egitasmoaren helburua argia da: zigorraren azken urteak etxean betetzeko baldintzak betetzen dituzten presoei lege arrunta aplikatzea. "Gatazkak utzitako ondorioen konponbidean pauso asko eman dira; baina azken puzzle zatia kokatu arte ez dugu etsiko", adierazi du Sare mugimenduak.

Mokadua aurrena, ekitaldia gero

Orion bazkalostean egingo dute ekitaldi nagusia, 15:15ean, Herriko Plazan, orduan iritsiko baita furgoneta ibiltaria herrira. Aurrez, ordea, eguerdian, 13:00 aldera, jana eta edana eskainiko ditu Orioko Sarek, plazan bertan. Patatak errioxar erara eskiniko dituzte, baita sagardoa txotxean ere, "herritarrak elkartzeko eta giroa berotzeko".

Ekitaldian sinbolismoa izango da nagusi, furgoneta ibiltariak herriari lona bat utziko diolako urte osorako lanketarako, eta herriak, berriz, egitasmoaren izenburuarekin bat eginez, puzzlearen pieza bat emango diolako, Iruñean "puzzle erraldoia" osa dezaten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide