Anjel eta Irati Larrañaga: "Urte berean Kontxako Bandera irabaztearekin amesten dugu"

Unai Ugartemendia (Ataria) 2025ko api. 11a, 07:50

Anjel eta Irati Larrañaga aita-alabak. (Ataria)

Bizitza arraunaren inguruan antolatu dute Anjel eta Irati Larrañaga aita-alabek; aitak entrenatzen dihardu egun, eta alaba, hiru urteren ostean itzuliko da arraunaren lehiara. Ataria.eus-en egin diete elkarrizketa.

Arrauna odolean daramaten familia dira Larrañagatarrak. Anjel (Tolosa, 1967), aita, Donostian eta Orion aritu zen arraunean, eta egun Orio Arraunketa Elkarteko gazteak entrenatzen ari da. Irati (Tolosa, 1992) alabak, aitaren arrastoari jarraitu zion gaztetatik, eta, egun, berak du emakume arraunlarien artean palmaresik oparoenetakoa. Hiru urteko etenaldia egin ostean, etxeko taldean ari da denboraldi berrirako prestatzen. Kontxa partekatzea dute helburu 2025eko denboraldian. Gustuko dute arraunaren mundua, eta aho bizarrik gabe hitz egin dute.

Nola hasi zineten arraunean?

Anjel Larrañaga: Zumarditxikian bizi nintzen, eta, maiatzetik aurrera jada egunak luzeagoak zirenean, etxeko balkoitik begira egoten nintzen batelei. Sanjuanetarako prestatzen egoten ziren, eta ni haiei begira txoratuta egoten nintzen. Behin aukera izan nuen hura probatzeko, gustatu egin zitzaidan, eta gaur arte hemen jarraitzen dugu. Ordurako banituen lagun batzuk arraunean aritzen zirenak, eta, haiekin proba batzuk egin ondoren, horretan murgildu nintzen. Ondoren, Donostian, Zarautzen eta Orion aritu nintzen arraunean. Irati jaiotzean, hamar urteko etenaldi bat egin nuen. Itzuli nintzenetik, hemen jarraitzen dut borroka batean.

Irati Larrañaga: Denetik probatu nuen arraunean hasi aurretik. Hamasei urte izango nituen arraunean hasi nintzenean. Aita ordurako hasia zegoen entrenatzaile gisara Tolosan. Berak askotan aipatzen zidan arraunean hasteko, baina nik hura saihesten nuen beste kirol batzuen aitzakian. Arrauna izan zen probatu nuen azken kirola.

Zuk, Anjel, zeure kirol ibilbidean, Jose Luis Korta izan zenuen entrenatzaile Orion.

A.L.: Donostian nenbilen arraunean, eta ni Oriora joatearen arrazoirik handiena izan zen Korta bertan izatea. Hura izan zen jauzirik handiena. Argi neukan nik ez nuela arrauna utziko bere eskuetatik igaro gabe. Oso oroitzapen polit bezain gogorrak dauzkat garai hartaz. Beti zekien zer eskatu, txalupa jartzen bazekien, eta zein arraunlariekin jokatu nahi zuen ere bazekien. Zituen arraunlariei zukua ateratzen maisua zen. Egun, bere eskuetatik igarotako entrenatzaile asko gabiltza arraunaren munduan.

Zuk, Irati, aita izan zenuen lehen entrenatzailea. Bera ere gogorra al zen?

I.L.: Bai! Gogorra eta zorrotza izan da beti, baina arraunaz dakidan ia guztia berarekin ikasi dut. Ni orain naizen bezalakoa naiz, bera nirekin horrelakoa izan delako. Entrenamenduetan entrenatzailea izateaz gain, etxera joatean ere entrenatzaile izaten jarraitzen zuen, eta aldi berean aita zen. Horrek gogortasuna asko areagotzen zuen. Nik hogeita lau orduz izaten nuen entrenatzailea gainean; zer jaten nuen ikusten zuen, zer egiten nuen, nora nindoan… Halere, berriro ere entrenatzaile bat aukeratzeko aukera banu, bera aukeratuko nuke zalantzarik gabe.

Askotan haserretu izan al zarete arraun kontuengatik?

I.L.: Urte batzuetan, bai. Orain, beste heldutasun puntu bat daukat, baina nerabezaroan nengoenean momentu batzuetan haserretzen nintzen, bai pisuagatik, sasoian ez egoteagatik, behar adina ez saiatzeagatik… Gorabeheratxo batzuk eduki izan ditugu.

A.L.: Haserreak uretan edo ontziralekuan, eta han gertatzen dena ahalik eta azkarren ahazten saiatu behar da, bestela ezingo genuke bizi! Dena etxeratuko bagenu, ez legoke bizitzarik. Gaur egun, hori da gehien ikasi dudana, gauzak lehenbailehen ahazten. Lanean ere berdin gertatzen da.

Irakurri elkarrizketa osoa Ataria.eus webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide