Zaintza eredu berria lantzen ari dira Orion, eta azken hilabeteetan hainbat bilera edo lan saio egin dituzte zaintza arloan inplikatuta dauden herriko norbanako eta eragileekin –zaintzaile profesionalekin egin beharreko lanketa da amaitu gabe dagoen bakarra–. Emagin elkartea eta Matia fundazioa ari dira saio horiek dinamitzatzen, Orioko Udalarekin, Gizarte Zerbitzuekin eta Saregilerekin elkarlanean.
Datozen asteetan egingo dituzte azken bi saioak, bat herriko gizonei zuzendutakoa, eta bestea, emakumeentzat. Azaroaren 20an, asteazkenarekin, izango da lehen hitzordua, emakumeentzat, 17:30ean, Saregilen. Zahartzaro berriak izena jarri diote, eta Yolanda Arrietak emango du. "Emakumeon helduaroa garai aproposa izan daiteke geure buruaz hausnartzeko eta beste emakumeekin partekatzeko isilean egiten dugun galdera: zer tokatzen da orain?", azaldu dute. Modu kolektiboan, hainbat galdera erantzuten saiatuko dira: "Nola bizi dugu adina emakumeok? Zer eskatzen zaigu? Zer nahiko genuke izan? Zer ez?". Parte hartzeko, galdetegi hau bete behar da.
Azaroaren 28an, ostegunean, izango da bigarren saioa, gizonentzat, eta hori Salatxon egingo dute, 18:00etan hasita, Asier Arizkorretarekin. Emagin elkarteko kidea da bera, eta saioari honako izena jarri diote: Zer aldatzen da gizonek zaintzea aukeratzen dugunean? "Pertsona orok ditugu zaintza beharrak bizitzaren uneren batean, beraz, denok izaten gara zainduak. Hori horrela, zaintzaile izatea ere tokatzen zaigu denon ongizate orekatua bermatu ahal izateko. Baina, oraindik ere, arlo feminizatua da zaintza. Zaintza lanen zama handia erortzen zaie, gaur egun ere, emakumeei", kontatu dute saio horri buruz. "Gizonei lanketa espazioak eskaini nahi dizkiegu gai hau beren bizipenetatik lantzeko. Tailer hau zaintzaren gaiak mugitzen dion gizon ororentzat dago irekia", azpimarratu dute. Parte hartzeko, galdetegi hau bete behar da.
Emagin elkarteko Miren Arangurenek azaldu du bi saio horien zergatia. "Saio hauek erantzuten diete zaintzaz egin genuen diagnostikoaren hurrengo pausoari; hau da, diagnostikoan identifikatu ditugun kolektibo nagusi horiekin aurrera begirako erronkei buruz jardutea da asmoa, 2025ean plangintza bat, akordio bat edukitzeko eta lanean jarraitzeko", azaldu du.
Balorazioa eta hurrengo pausoak
Azken hilabeteetan taldeetan egin dituzten lan saioek emandakoarekin gustura dira bai Emaginekoak, bai Saregile emakumeen etxekoak. Aizpea Esnaola Saregileko koordinatzaileak, esaterako, uste du partaideek gogoz egin dituztela ekarpenak: "Ez dira talde handiak sortu, baina saioetara joan direnak gogotsu ikusi ditugu, eta oso parte hartzaile. Behin parte hartu duenak errepikatu egin du. Gaiak interes handia du, eta tiraka-tiraka, ohartzen zara gauza pila bat hartzen dituela: elkarbizitzan oinarritutako kontu pila bat, feminismoa... hainbat balio ateratzen zaizkigu hor", esan du.
Arangurenek, berriz, azpimarratu du "sintonia handia" dagoela parte hartzen ari diren herritarren ikuspuntuen artean, eta etengabe errepikatzen den gauzetako bat dela dauden zerbitzuen ezagutza eta irisgarritasuna erraztu behar dela, eta zerbitzuek egokitu behar dutela pertsonen beharretara, eta ez alderantziz; baita burokratizazioarekin amaitu behar dela, eta zerbitzu berriekin pentsatu behar dela ere, badagoelako behar gehiago, eta baita prebentzioarekin lotuta ere.
Gurasoekin egindako bileran, esaterako, trebakuntzaz eta babes emozionalean eta egunerokotasunean trebakuntza emateari buruz aritu ziren, baita jantoki eta sukalde komunitario bat sortzeari buruz ere.
"Ideia asko ari dira ateratzen, eta gure asmoa da azaroan ateratzen den hori guztia ordenatzea eta 2025etik aurrera egingo diren ekintza sorta aurkeztea", azaldu du Arangurenek. Egiten ari diren lanketa aurten hasi dute, baina ez da amaituko datorren urterako ekintzak zehaztuta: "Hau arnas luzeko prozesu bat da. Sistematizatu egingo dugu jasotako guztia eta segiko dugu 2025ean horri forma ematen eta jendearekin kontrasteak egiten eta zehazten, xehetzen, gauza bakoitza. Honek izan behar du parte hartzea sustatuko duen prozesu iraunkorra, eta ez bat-batean herritarrengandik aldenduko den zerbait".
Diagnostikoaren ondorioak eta erronka nagusiak
Diagnostikoko ondorio nagusiak zein izan ziren gogorarazi du Arangurenek: batetik, zenbat eta mendekotasun edo zaintza intentsiboagoa izan, orduan eta partaidetza gutxiago egoten dela komunitatean eta, beraz, ikusten dela zaintzaren inguruko ikuspegi eta prozedura bateratua eduki behar dutela elkarteek egoera horren kontziente izateko eta egiteko modu kohesionatu bat edukitzeko; bestetik, zaintzaz hitz egiten denean hainbat pertsona ez direla interpelatuak sentitzen. "Ezin da orokortu, baina gizon heldu gazteen absentzia handia ikusten da –ez hainbeste 65 urtetik aurrera–, badago hutsune handi bat hor"; beste ondorioetako bat da kultura indibidualista gainditzeko beharra, "nahi dugulako ekosistema publiko komunitario bat sortu"; horrez gain, ikusi dute garrantzitsua dela batetik zaintza ulertzea gure bizitzako ziklo guztian zehar ematen eta jaso behar den zerbait bezala, eta era berean, ez daudela zainduak eta zaintzaileak, ez dagoela dikotomia hori, guztiok daukagula besteen beharra eta besteak zaintzeko ardura; azkenik, prebentzioaren garrantzia ere azaldu da ondorioen artean.
Diagnostikoaren ondorioetan oinarrituta, lau erronka nagusi hartu dituzte: sare herritar bat aktibatzeko premia (boluntario sareak, denboraren bankua); komunitatean hainbeste inplikatzen ez diren kolektiboak sentsibilizatzea eta horien inplikazioa lortzeko estrategiak garatzea (horra bideratuta dago zaintza eta maskulinitateaz egingo den saioa, haiek trebatzeko eta gaiaz hitz egiteko espazioak izan ditzaten); zaintzaileak zaintzeko espazioak sortzearen beharra, hau da, zaintzaile horiek ordezkatzeko sistema bat pentsatu behar da, eta beraz arnasguneak sortu behar dira, baita larrialdiei aurre egiteko tresnak izan ere, eta haien autozaintzarako baliabideek egon behar dute; eta azken erronka, berriz, lotuta dago indibidualismoa gainditzearekin eta komunitate indartsuak sortzearekin. Hau da, auzolanaren kultura zabaltzearekin.