Maddi Gallastegi topaketen koordinatzailea, Orioko Itxaspe aterpetxean. (Gari Berasaluze)
Gazteak euskararen inguruan kontzientziatzea xede, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak lehen aldiz Salto! gazte topaketak antolatu ditu asteburu honetarako. Gaurtik igandera udalerri ezberdinetako 40 gaztek hartuko dute Orioko Itxaspe aterpetxea.
Giltzarria den kezka bati erantzuteko sortu dituzte topaketak. "Horren harira, udalak eta administrazioak euskalduntzeko ohiko ildoei eusteaz gain, udalerriak ere euskalduntzeko eta herritarrak kontzientziatzeko lan egin beharra eta horretarako bitartekoak jarri beharra ere erabaki zuen Uemak", azaldu du Josu Labaka Uemako lehendakariak. Gazteei begira, hezkuntza proiektu integrala martxan jarri dute, udalerri euskaldunetako eskoletan lantzeko asmoz. Udalak euskaldundu arren, udalerriak erdalduntzen ari direla azaldu du Uemak. Euskararen arnasguneen inguruko hezkuntza proiektua sortu zuten duela bi urte, eta Uemako kide diren herrietako ikastetxe guztietan aritu dira lanean teknikariak, HH, DBH eta Batxilergoko ikasleekin. Besteak beste, hizkuntza ekologiaren eta arnasguneen inguruko diskurtsoa zabaltzea izan du helburu proiektuak, gazteei normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.
Nolanahi ere, hezkuntza arautuaren mugak gainditzera datoz Salto! gazte topaketak. Euskaraz bizitzea eta euskararen arnasa zabaltzeko agente bilakatzea sustatu nahi dute topaketen bidez. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak berariaz lagundu du ekimena, gaiaren garrantziaz jabetuta. Labakaren hitzetan, gazteak euskara zabaltzeko "agente aktibo" bilakatzea nahi dute topaketekin. Uemarentzat asteburu berezia dela uste du, baita elkartuko diren gazteentzat ere.
Udalerri euskaldunetako gazteek elkar ezagutzea eta beren artean euskara oinarri hartuta saretzea da topaketen asmoa. Hiru egunez, hainbat ekintza eta ekitalditan parte hartuko dute 15 eta 18 urte bitarteko gazteek, begiraleekin eta sukaldariekin batera. Maddi Gallastegi topaketen koordinatzailearen iritziz, harrera arrakastatsua izan dute topaketek: "Gazte topaketak antolatzen ditugun lehen aldia da, eta aurretik erreferentzialtasunik izan ez duen egitasmoa da, baina pozik gaude izan duen harrerarekin". 75 gaztek eman zuten izena, baina aterpetxearen instalazioak medio, 40 gazte hautatu zituzten lurraldetasuna eta herrien arteko oreka kontuan izanda. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotuta, dinamika ezberdinak prestatu dituzte gaur hasi eta igandera bitartean iraungo duen topaketetarako. Elkar ezagutzeko eta harremantzeko jolasak egingo dituzte gaur arratsaldean, eta gaubela egingo dute ondoren. Bihar, berriz, soziolinguistikarekin lotutako ariketa batzuk egingo dituzte, "norbera bere ispilu soziolinguistikoaren aurrean" jartzeko. Kalejiran jaitsiko dira Oriora, eta kontzertuek girotuko dute afaria. Eguraldia lagun badute, mendi irteera egingo dute Kukuarrira igande goizean, eta arratsaldean hartuko dute gazteek norbere herrira itzultzeko autobusa.
"Termometro funtzioa" izango dutela azaldu du Gallastegik, aurretik horrelako ekimenik egin ez dutela eta. Topaketen ostean egingo dute begiraleen eta gazteen balorazioa, eta hortik abiatuta ikusiko dute aurrera begira egitasmoa nola garatu. Hala ere, hezkuntza arautuko egitasmoa ez arautuarekin osatzea da asmoa.
Inertziatik kontzientziara
Hiru egun hauen ondoren, gazteetako bakoitza bere inguruan eragile aktibo izatea nahi dute. Euskaraz bizi den gazteetako bakoitzak inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea lortzea da asmoa. Ahalegin guztiak jarriko dituzte horretan, eta esperantzaz begiratuko diete udalerri euskaldunetatik Salto! topaketetara helduko diren gazteei.