Jokin Uranga: "Ohiko produktuez gain, aurten hamar gurpildun aulki ere bidaliko ditugu"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2017ko urt. 25a, 08:15

Gueraraorio elkarteko kide Jokin Uranga. (Aiora Larrañaga/Hitza) JOKIN URANGA - Gueraraorio elkarteko kidea Otsailean Sahararen Aldeko Euskal Karabana Piztu Itxaropena aterako da Donostiatik Aljeriako Tindufeko errefuxiatu kanpamentuetara. Eskualdeko elkarte desberdinek janaria biltzeko kanpainak jarri dituzte martxan mendebaldeko sahararrei laguntza bidaltzeko, tartean Orioko Gueraraorio elkarteak. Jokin Uranga (Orio, 1961) da elkarteko arduraduna, eta azken egunetan kanpainan murgilduta buru-belarri lanean ari da. Nola antolatu duzue aurtengo janari bilketa kanpaina? Alde batetik, herriko ikastetxeekin harremanetan jarri gara, eta horiek ikasleen artean eman dute ekimenaren berri. Ikastetxeetan bertan bilduko dute materiala. Orioko Herri Ikastolan esaterako, lan handia egiten dute arlo horretan, ikasleekin gaia lantzen baitute. Lehen Hezkuntza 6. mailako ikasleek ikasgelan jorratzen dute gaia, eta gero gelaz gela ikasitakoa azaltzen diete beste ikasleei. Bestetik, herriko janari dendetan ere herritarrek beren ekarpena egin dezakete astean zehar. Larunbatean, berriz, haima bat jarriko dugu herriko plazan, eta herriko sahararrak egongo dira bertan. Zer biltzen ari zarete? Arroza, pasta, atun eta sardina kontserbak, azukrea, dilistak eta konpresak biltzen ditugu normalean. Hala ere, gure elkarteak arropa, hamar gurpildun aulki eta ospitaletarako gomazko eskularruak ere lortu ditu aurten. Gainera, oriotar batek eguzkitako betaurreko asko eman dizkigu Saharara eramateko. Guk janari bilketa kanpaina egiten badugu ere, horrelako materiala ongietorria izaten da errefuxiatu kanpamentuetan, behar asko baitituzte. Berrikuntzarik izango al duzue aurtengo kanpainan? Janari bilketa ohiko bideetatik egiten ari gara. Dena dela, aurten Orioko Udalari laguntza eskatu diogu eta haima bat erosi du guretzat, orain arte beste herrietako elkarteei eskatu behar izaten genien-eta. Uste dugu horrek aurrerantzean Saharako gaia ardatz hartuta ekintza desberdinak antolatzeko aukera emango digula. Zuentzat garrantzitsua al da herritarrekin gaia lantzea? Kontzientzia pizteko ezinbestekoa da. Azken urtetan ekitaldi desberdinak egin ditugu: erakusketak, ikus-entzunezkoen emanaldiak eta haima jarri izan dugu herrian, sahararren egoeraren berri emateko. Zer moduz erantzuten dute oriotarrek? Ondo, herri txikia gara eta material asko biltzen dugu, ezin gara kexatu alde horretatik. Hala ere, janari bilketan parte hartzera animatu nahi ditugu oriotarrak. Euskal Herrian eta Espainian egiten den janari eta material bilketari esker bizi dira sahararrak errefuxiatu kanpamentuetan. JANARI BILKETA KANPAINA HERRIZ HERRI
  • Azpeitia. Janaria eta motxilak bilduko ditu astean zehar Khamar Sahararen aldeko Azpeitiko elkarteak. Ikastetxeetan bilketa egingo dute, eta larunbatean supermerkatuetan egongo dira.
  • Azkoitian. Pasa den astean Azkoitiko eskoletan egin zuten bilketa, eta larunbatean Maxi Eroskin jarri zuten mahaia.
  • Orio. Gueraraorio elkarteak janari bilketa egin du herriko ikastetxeetan, eta larunbatean haima jarriko dute plazan.
  • Zarautz. Saharautzek pasa den astean egin zuen bilketa herriko ikastetxeetan eta supermerkatuetan.
  • Zestoa. Pasa den astean herriko eskolan janari bilketa egin zuten, eta urtarrilaren 21ean plazan mahaia jarri zuten.
  • Zumaia. Darahli elkarteak gaur abiatuko du janari bilketa ikastetxeetan, eta larunbatean Eroskin eta Dian postua jarriko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide