Idoia Etxeberria: "Harri-jasotzean emakume gehiago egotea nahiko nuke"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko mai. 4a, 08:00

[caption id="attachment_297851" align="aligncenter" width="300"]Idoia Etxeberria. (Ibon Errazu) Idoia Etxeberria. (Ibon Errazu)[/caption] IDOIA ETXEBERRIA- Harri-jasotzailea Bi marka hobetu dituzu asteburuan. Iaz 157 kiloko harriarekin jarri nuen marka hautsi dut astebururan, bi eskuekin 163 kiloko harriarekin aritu nintzen. Horretaz gain, esku bakarrarekin Ordizian jarri nuen marka hobetu nuen 118 kiloko harriarekin. Hiru minutuko txanda batean bi jasoaldi eman nizkion harri bakoitzari. Bien artean 25 minutuko atsedenaldia egin nuen, eta bitartean Jokin Eizmendi harri-jasotzaile zarauztarrak bere marka pertsonala hobetu zuen. Zer moduzko sentipenak izan zenituen saioan? Hanketan balantza modukoa sentitzen nuen. Etxean entrenamenduetan tinko izaten nituen hankak, nire buruarekin seguru. Hala ere, urduritasunak eragina izaten du horrelakoetan, eta plazan jasoaldiekin hasi nintzenean, harria bular aldera ekartzerakoan hankak ondo finkatu ezinik ibili nintzen. Tentsioaren ondorioz, orain ondoeza sentitzen dut hanketan, eta ez da egindako lanarena, marka jartzeko prestatzen ari ginenean etxean egin izan baitut lan bera, baina hurrengo egunetan ez dut sentitu orain nabarmentzen dudan ezina. Markak hausteko nolako prestaketa lana egiten duzu? Orain dela dezente hasi ginen marka jartzeko prestatzen, hitzordua jarrita genuen, baina bertan behera geratu zen eta azarora arte atzeratuko zutela esan ziguten. Guretzat denbora gehiegi zen hori, eta entrenatzen jarraitu genuen, tartean beste aukeraren bat ateratzen bazen ere. Prestaketa oso ondo joan da eta horregatik erabaki genuen Idiazabalen bi marka berri jartzeko saiakera egitea. Astean bitan entrenatzen dut harriarekin, Joseba Ostolazak Santio Erreka auzoan duen eskolan. Maila polita ematen ari garen kirolariek parte hartzen dugu taldean, Ostolazaren gidaritzapean, eta gustura nago. Harriarekin entrenatzeaz gain, bestelako prestaketa fisikoa ere egiten dugu; bakoitzak gustuko duena eta ondo etortzen zaiona egiten du, nik adibidez bizikleta. Harri-jasotze munduan emakumeek orain arte ez dute presentzia handiegirik izan, eta zu eskemak hausten ari zara. Mugarik jarri al diozu zure buruari? Nik ez ditut luzera begirako helburuak markatzen, pixkanaka joaten naiz. Idiazabalen hiru eskurekin 280 kilo jaso ditut, eta aurrerago hiru eskurekin 300 kilo jasotzera iristea gustatuko litzaidake. Dena dela, ez dut presarik, pixkanaka kiloak gehitzen joango naiz, eta hemendik bi-hiru urtera iritsi liteke marka berria. Azken urtetan harri-jasotzeak goraldia izan du. Nola ikusten duzu zuk? Orain giro polita dago, eta erakustaldi asko antolatzen dira. Hala ere, emakume harri-jasotzaile gehiago egotea gustatuko litzaidake; hiru gara, baina beste biek txapelketen bidea ez hartzea erabaki dute. Niri iritziz lehiak saltsa berezia ematen dio harri-jasotzeari eta hori gabe emakumeen norgehiagoka triste samar ikusten dut. Dena dela, erakustaldietarako deitzen didate eta gustura nago. Orion eta Zarautzen harri-jasotze eskolak sortu dira. Horrek indarra eman al dio kirolari? Hobekuntza handia nabaritu dut nik. Orain, harri-jasotzea atsegin dutenek badakite nora jo, eta dagoeneko ikusi daitezke haurrak pixkanaka harri-jasotze munduan murgiltzen. Kirola herritarrengana gerturatzeko ere balio izan du; gazteak eta aurpegi berriak ikusteak herritarrak plazara gerturatu ditu. Harri-jasotzaileontzat ere ona izan da. Gogoan dut nire anaien laguntzarekin hasi nintzela etxe atzeko garajean entrenatzen. Garai zaila izan zen, baina orain oso gustura nago. Ostolazaren eskolan oso giro ona dugu, elkar animatzen gara eta aurrera jarraitzeko indarra ematen du horrek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide