«Jendea gogotsu dago, giro ederra antzematen da entseguetan »

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko api. 27a, 00:00

Iñake Irastorza aktoreak Balearen Eguneko herri antzerkia zuzentzen duen hirugarren aldia da aurtengoa. Bi aste eskas falta dira estreinaldirako, eta «azken txanpan» murgilduta daude.Orioko Balearen Eguneko antzerkian buru-belarri murgilduta zabiltz...

Iñake Irastorza aktoreak Balearen Eguneko herri antzerkia zuzentzen duen hirugarren aldia da aurtengoa. Bi aste eskas falta dira estreinaldirako, eta «azken txanpan» murgilduta daude.

Orioko Balearen Eguneko antzerkian buru-belarri murgilduta zabiltza. Ari al da forma hartzen?

Bai, noski baietz. Antzerkia prestatzeko denbora behar izaten da, eta orain azken txanpa murgilduta gaude, hori da garrantzitsuena.

Antzerkian eskarmenturik ez duten herritarrek parte hartuko dute herri antzerkian. Zaila al da mota horretako antzerki bat zuzentzea?

Jendea gogotsu dago, eta entseguetan antzematen da giro ona. Nire iritziz zailena antzerkiaren koordinazioa da. Izan ere, herri antzerkian 1901eko herri giroa sortu nahi dugu, eta horretarako talde txikitan esketx txikiak egingo dituzte herritar eta eragile desberdinek herrian barrena: arraunlariek, dantzariek, musikariek, aktoreek eta beste hainbestek. Esketx txiki horiek denak ematen diote forma antzerkiari, eta horien arteko lotura sortzea da gakoa.

Aurtengoan Balearen Eguneko antzerkia zuzenduko duzun hirugarren aldia izango da. Aurrekoen bidea jarraituko al du aurtengoak ere?

Antzerkiaren ildoa aurrekoen berdina izango da, baina urtez urte zenbait aldaketa egiten joan gara. Lehen urtekoa izan zen osatuena, estreinakoa zenez oso konpletoa atera zen. Dena dela, denborarekin ohartu ginen hasierako muntaia hura ezin dela beti egin, eta antzerkia eta ikuskizuna arintzen joan gara. Horrez gain, berdin-berdin ez errepikatzearren zenbait aldaketa ere egin ditugu. Aurten, esaterako, bale berria izango dugu.

Zu oriotarra zara. Berezia al da zuretzat herrian bertan herritarrekin lan egitea?

Bai. Jendearekin hartu-emana berezia da. Bizitzan zehar bide desberdina hartzendu bakoitzak, eta pixkanaka herriko hainbat lagunekin kontaktua galdu egiten da; Balearen Eguneko antzerkiaren bidez zenbait harreman berreskuratzeko aukera izan dut.

Jaioterrian bertan antzerkia zuzentzea ardura handiagoa al da?

Ni neu oso exijentea naiz nire lanarekin, eta parte hartzen dudan lan guztietan saiatzen naiz ahal dudan ondoena egiten. Hala ere, ez da beti nahi bezala ateratzen, arrazoi desberdinengatik kale egin dezakegulako. Ez dut aparteko berezitasun bezala esaten, ni horrelakoa naiz.

Esperientzia handia duzu aktore lanean. Zuzendari lana desberdina al da?

Aktore eta zuzendari lana oso desberdinak dira. Hala ere, antzerki guztiak ere ez dira berdinak izaten. Balearen Eguneko antzerkia modukoak esaterako ez dute zerikusirik ohiko antzezlanekin. Antzerkia zuzenekoa da eta ezustekoak gertatu litezke zuzenean ari garenean. Are gehiago, Orion bezala, parte-hartzaile mordoak parte hartzen duen herri antzerki batean. Aktore batek esaterako jakin dezake besteak hitz jakin bat esaten duenean oholtzara sartu behar duela, baina gertatu liteke lehenengoak esan duena ez entzutea eta nahaspila sortzea. Horrelakoak gertatzen badira zer egin behar dugun ere lantzen dugu entseguetan. Hala ere, ezin dira denak aurreikusi, gainera ezin da jakin pertsona bakoitzak egoera horren aurrean nola erreakzionatuko duen; horregatik, aktoreei beti esaten diet antzerkian zehar ezustekoren bat gertatzen denean aurrera jarraitzeko, bizitzan egiten duten bezala, norbere buruari esan normala dela, eta aurrera segitzeko.

Azken hilabetetan Ladydi Garcia izeneko antzezlanarekin aritu zara. Biran jarraitzen al duzu edo beste proiekturen bat duzu esku artean?

Ladydi Garcia antzezlanarekin geldialdia egin dugu orain, eta udazkenean berriz ere oholtzan izatea espero dugu. Bestalde, baditut beste hainbat proiektu esku artean, baina oraindik zer egingo dudan erabaki ez dudanez, nahiago dut oraindik behintzat horietaz ez hitz egin.

Antzerkian, telebistan eta zineman lan egin duzu. Horien artean ba al duzu gustukoenik?

Horietako bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta aktore batek jakin behar du denetara moldatzen. Antzerkia esaterako zuzenekoa da, eta teknikoki hainbat esparru kontrolatu behar ditu aktoreak: ahotsa ondo neurtu behar da atzeko ilaran eserita dagoen ikusleak ere entzun dezan, baita argien joan-etorria ere. Zineman, hizkuntza zinematografikoa ezagutu behar da, eta aktoreak jakin behar du plano bakoitzera egokitzen eta zuzendariak nahi duen hori azaltzen, besteak beste. Telebista, berriz, bien artean dagoen zerbait da, eta presa izaten da nagusi hor. Nik hirurak maite ditut. Dena dela, antzerkikoa esperientzia berezia iruditzen zait, zuzenekoak zirrara berezia sortzen du, eta publikoarekin gertutasuna sentitzen da. Bestetik, zinema asko maite dut, bai aktore bezala, baita ikusle bezala ere. Azken horretan lan gehiago egitea gustatuko litzaidake.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide