Orioko neskak eskubaloian blai

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015ko abe. 3a, 07:27

Orioko eskubaloi taldeko kideak entrenamenduan. (Aiora Larrañaga/Hitza) Ikasturte hasieran sortu zuten Orion nesken lehen eskubaloi taldea. Aurreko denboraldian infantil mailako neska kuadrilla bat Zarauzko Eskubaloi Taldean ari zen, eta ohartu ziren atzetik zetorren beste talde batek ere eskubaloian jokatzeko gogoa zuela herrian. Hortik sortu zitzaien Orioko Herri Ikastolako kirol arduradunei nesken eskubaloi taldea sortzeko ideia. Gari Garagarza eta Idoia Larrañaga dira taldearen entrenatzaileak, eta gustura daude neskak erakusten ari diren gogo eta jarrerarekin. «Guri taldea entrenatzeko proposamena iritsi zitzaigun eta erronka onartu genuen». Biek aurretik esperientzia dute maila horretako eskubaloi taldeak entrenatzen, eta gogoz ekin diote proiektu berriari. Orioko Herri Ikastolako eta Zaragueta Herri Eskolako neskek osatzen dute taldea, eta Orioko Herri Ikastola-ZKE izenean jokatzen dute. «Talde bakar batengatik ez du merezi elkartea sortzerik, horregatik Orioko Herri Ikastolak hitzarmena sinatu du Zarauzko Kirol Elkartearekin taldea atera ahal izateko. Saskibaloiarekin ere formula bera erabili da», nabarmendu du Idoia Larrañagak. Ikasteko denboraldia Denboraldiaren hasieran emaitzei begira helburu jakinik ez zuten zehaztu entrenatzaileek. «Neskek entrenamenduetara eta partidetara etortzeko konpromisoa hartzea zen helburua. Oso giro ona dago euren artean, eta talde dinamika oso ona sortu da. Uste dugu horrek ahalegintzera eta aurrera jarraitzera animatzen dituela». Entrenatzaileen iritziz infantil maila eskubaloian jokatzen ikasteko eta oinarri sendoa hartzeko garaia da. Orain arte neskek eskola kirolaren barruan jokatu dute eskubaloian, baina infantil mailan jokoa aldatu egiten da. «Eskola kirolean mini eskubaloia egiten dute eta infantil mailan zelai handian jokatzera pasatzen dira. Teknikari dagokionean ere, buruz buruko defentsa egiten da beheragoko mailetan, baina zelai handian antolakuntza beste bat da. Joko hori berria da neskentzat, eta hasieran ez genekien zenbat denbora beharko zuten antolaketa berria barneratzeko. Dena dela, aitortu behar dugu taldea oso ondo egokitu dela», azpimarratu du Garagarzak. Harrituta daude entrenatzaileak, hiru hilabetetan «hobera asko» egin duelako taldeak, eta emaitza onak lortzen ari dira. Dena dela, Larrañagak eta Garagarzak argi utzi diete jokalari gazteei irabaztea ez dela garrantzitsua, «taldeak egin duen aurrerapena dela kontuan hartu behar dutena». Urratsez urrats joan behar dutela uste dute, eta prestaketari dagokionean eskubaloia bereziki lantzen hasi dira neskekin, oinarrizko teknika, alegia: «Baloia nola heldu, besoak gora nola eraman eta horrelakoak jorratzen ditugu. Jokalari bakoitzaren gaitasunak garatzea da gure asmoa». Orion eskubaloi jokalari ugari izan badira ere, orain arte beste talde batzuetan jokatu behar izan dute herrian aukerarik ez zegoelako. Garagarzaren esanetan «pozgarria» da eskubaloia atsegin duten neska kuadrilla bat biltzea eta taldea osatzea. Gainera, emakumeen kirola ikusteko modua eta parte-hartzea ere aldatzen ari dela iritzi du. «Neskek gero eta parte-hartze handiagoa dute kirolean eta antzematen ari da. Gazteek gertuko erreferenteak dituzte, eta horrek gustuko duten kirola egitera animatzen ditu. Uste dugu herri mailan nesken eskubaloi taldea egoteak gazteagoak ere eskubaloian jokatzen jarraitzera animatuko dituela». Egun hamazazpi neskak parte hartzen dute taldean, eta gehienak infantil mailako lehen urtekoak direnez, datorren urtean ere taldeak aurrera egiteko aukera badagoela uste dute arduradunek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide