Joxe Mari Manterola parrilan eta Paxita Peña eskubitan eskuan platera duela, (Joxe Mari Erretegia)
Duela 58 urte ireki zuten Joxe Mari Manterola eta Paxita Peña senar-emazteek Orioko Joxe Mari erretegia. Sardina eta gaztaina erreak eskaintzen hasi ziren, eta ireki eta gutxira Manterolak bisigua parrillan erretzea pentsatu zuen, eta baita proba egin ere. «Garai hartan bisiguak ez zuen orain duen ospea, arrain arrunta zen, eta hori erreta eskaintzen hasi zen aita. Asko gustatu zitzaien bezeroei, eta hamarkadaz hamarkada ospea hartuz joan da, gaur egunean oso preziatua izatera iritsi arte», azaldu du Andoni Manterola semeak.
Joxe Mari erretegia izan zen bisigua Orio estilora prestatu zuen lehen erretegia, eta pixkanaka herriko beste hainbatek jarraitu zuten haren bidea. Urteekin Orioko gastronomiaren bereizgarri eta Euskal Herrian eta Espainian ospetsu izatera iritsi da. Horregatik, atzo iluntzean, Bisigua Orio Estilora jaialdi gastronomikoaren inaugurazio ekitaldian Paxita Peña Joxe Mari erretegiko etxekoandrea omendu zuen Orioko Udalak Bisiguaren Laguna aitorpenarekin.
11 urtetatik lanean
Erretegia ireki zutenetik aita-semeak parrillan aritu ziren, eta Paxita Peña etxekoandrea, berriz, sukaldean, txipiroiak, arrain-zopa eta beste hainbat plater prestatzen. Dena dela, gazte hil zen Joxe Mari Manterola, eta Peñak hartu zuen erretegiaren ardura. «Hasieratik ama izan da erretegiaren motorra, aita parrillan aritzen zen, baina ama zen aurpegia ematen zuena, bezeroekin hitz egiten zuena», azaldu du Manterolak.
Emakume indartsua, langilea eta genio bizikoa izategatik ezagutzen dute oriotarrek Peña. «Beragatik izan ez balitz erretegia ez zatekeen gaur egun dena izatera iritsiko», argi du semeak.
11 urterekin hasi zen lanean Paxita Peña; Toki Alai Hoteleko etxekoandrea izeba zuen, eta zerbitzari moduan hasi zen bertan. «Anai-arreba asko ziren etxean, eta garaian oso goiz hasten ziren lanean. Ezkondu zen arte bertan aritu zen». Joxe Mari Manterola arrantzalea zen, baina itsasoko bizimodua ez zitzaion ondo etortzen, eta proiektu berri batean murgildu ziren senar-emazteak. «Erretegiaren aurretik ardandegi txiki bat zegoen hemen, ardoa eta sagardoa eskaintzen zuten eta norberak ekartzen zuen jatekoa etxetik. Jabeak salgai jarri zuen lokala, eta egun batean ama azokara zihoala jabeak lokala eskaini zion, erretegia jarrita bizimodua aurrera atera zezaketela esanda». Familiakoei laguntza eskatuta dirua bildu zuten eta buru-belarri lanean hasi ziren. Hasieran gaztainak danbolinean erreta eta sardinak parrillan erreta eskaintzen zituzten. «Beste zerbait eskaini nahi zuten eta bisigua aukeratu zuen aitak, arrain dotorea iruditzen zitzaiolako». Aukera paregabea egin zuen Manterolak, egun bisigua euskal gastronomian jaki preziatua baita. «Aitak prestatzen zuen bezala prestatzen dugu oraindik ere erretegian bisigua parrillan». Andoni Manterolak aitaren urratsak jarraitu zituen, eta orain Mikel Manterola bilobak hartu du parrillaren lekukoa.