Zuhaitz Gurrutxaga: "Futbolean galduta neukan magia berreskuratu dut ikuskizunean"

Aritz Mutiozabal 2013ko aza. 15a, 09:00

Sarrerak doan dira, eta kultur etxean ari dira banatzen, agortu arte Futbolisto baten konfidentziak aitortuko ditu Zuhaitz Gurrutxaga (Elgoibar, 1980) futbolari ohiak eta telebistako aurkezleak gaur gauean, Orioko kultur etxeko areto nagusian, 22:30ean. Sarrera doakoa da, eta kultur etxean bertan eskuratu daitezke; 110 gonbit  prestatu dituzte, eta doan banatzen ari dira agortzen diren arte. Zer du egiatik eta zer fikziotik bakarrizketa honek? Hainbat istorio kontatzen du, eta guztiak egiak dira, baina grazia puntua emate aldera, exajeratu egiten ditut. Funtsean, nire futbol ibilbidean gertaturiko pasarteak eta bitxikeriak izango ditut kontagai bakarrizketan. Ez bakarrik zelai barrukoak, baita zelaitik kanpo futbolak duen eragina ere; besteak beste, ligatzerako orduan edo parrandan. Bakarrizketa komikoa da, eta askotan zure burua lotsagarri jartzen duzu jendearen barrea lortzeko. Futbolean egin ditudan gauza onak baino hobeto futzionatzen dute hanka sartzeek, dela zelaitik kanporatu nindutenekoak dela nire atean sartutako golak. Betiere umorearen ikuspegitik, noski. Gabezia horiek guztiak gertatu zirenean asko sufritu nuen, baina urteen poderioz konturatzen zara guztiari egin dieziokegula barre. Jendeak futbolaria izan den norbaitek une horiek nola bizi izan zituen jakin nahi du. Adibidez, 80.000 pertsonen aurrean txartel gorria atera eta zelaitik botatzen zaituztenean, futbolari batek inoiz ez du esan benetan zer sentitu duen. Beti politikoki zuzenak izan gara. Horri buelta ematera dator nire bakarrizketa. Futbolisto izenarekin jakintsu plantak egitera al zatoz? Hitz-jokoa egiteko modua zen. Ez du halako zentzu metafisikorik. Nik beti esan dudan bezala, futboletik horrenbeste urtez bizi ahal izateko listotik ere eduki behar izan dut. Nolabait ere, gabezia horiek ezkutatu eta aurrera jarraitu ahal izateko. Futbola aparte utzi, eta ikuskizunaren munduan bete-betean murgildu zara. Musika, antzerkia, telebista... Sekulako oihartzuna etorri zaizu bat-batean. Zer iritzi duzu? Bizitzako beste bolada bat da, eta ez dut harrokeriaz esaten, baina badirudi modan jarri naizela. Jakin badakit moda horiek etortzen diren bezala alde egiten dutela, eta ikusiko dugu zenbat luzatzeko aukera izango dudan. Eszenatokia eta telebista gustuko ditut, eta oso gustura nabil. Futbolean azken urteetan galduta neukan magia berreskuratu dut. Bolada honek irauten duen bitartean, gozatzen ahaleginduko nahiz ahal dudan gehien. Badakit ezin natzaiola mundu guztiari gustatu, baina nik asmo onez egiten ditut nire telesaioak eta ikuskizunak. Aurpegi berria zara telebistan, eta, gainera, arrakasta izaten ari zara Tumatxak eta Hizkamizka saioekin. Aurpegi berri ugari dabil telebistan. Nirea zaharberritua da. Tumatxak izan zen eskaini zidaten lehen proiektua, nik gehiegi bilatu gabe, eta aukera paregabea izan da. Jendeak harrera oso ona egin dio, eta musikazalea naizen aldetik, euskal musikariak ezagutzeko abagunea izan dut. Telebista mundura modu horretan sartzea zorte handia izan da. Gero, Hizkamizka etorri da, eguneroko lehiaketa. Ez da erraza audientzia lortzea, baina hor gabiltza lan eta lan ahalik eta ikusle gehien erakartzeko. Jada hasi naiz telebistako topikoak esaten. Non sentitu duzu presio handiagoa, zelaian ala ikuskizun munduan? Ikuskizunaren munduan baino askoz ere okerrago eramaten nuen futbolean, zalantzarik gabe. Ez bakarrik lehen mailan, baita ibili naizen beste kategorietan ere. Norberak bere buruarengan konfiantza badu beldur gutxiagorekin joaten da lanera. Nik futbolean jarduteko dohainik izango nuen, baina beti beldurrez ateratzen nintzen zelaira. Bakarrizketetan jendearen jarrera ona izaten da, eta konfiatzaz igotzen naiz taula gainera. Behin milaka lagunek futbol-zelai batean iraintzen zaituztenean, gainerako guztia errazagoa izaten da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide