http://youtu.be/526UcA8fJuM
«Gero eta globalizatuagoa den munduan, tokian tokiko nortasuna, tradizioa, kultura eta historia bizirik mantentzea garrantzitsua bihurtzen ari da. Hori lortzeko bidean, Orioko Curriculuma proiektua abiatu dugu herritar talde batek, eta aurrerantzean herriko eragileek Orioko ondarea jasotzen parte hartzea nahi dugu», azaldu du Iñigo Gaitonek.
Ildo horretatik Orioko Curriculuma proiektua oriotarrei aurkezteko jardunaldiak antolatu dituzte; gaurtik maiatzaren 4ra izango dira.
Harria, Herria eta Irria izango ditu ardatz nagusi ekimenak. Lehen atalak Orioko historia eta istorioak jorratuko ditu. Bigarrenak, herritarrak, kolektibitatea, ehun soziala, auzolana eta nortasuna; eta hirugarren atalaren baitan, eta jardunaldiei amaiera emateko, eragileen arteko konpromisoa sinatuko dute. Ondoren, festa egingo dute Porrotx pailazoarekin, hartutako konpromisoa ospatzeko.
Herriko ondarea
«Herritik herriarentzat» sortutako hezkuntza curriculuma izango da Oriokoa, eta horrek egingo du berezi. «Ohikoa izaten da hezkuntza curriculumak adituek sortzea. Guk, ordea, herriaren muina etorkizunean transmitituko duen proiektu pedagokikoa sortu nahi dugu. Modu horretan haur eta gazteek zer izan garen eta horretan oinarrituta zer izan nahi dugun jorratuko dute ikastetxeetan. Horretarako ezinbestekoa iruditzen zaigu eragileek curriculuma osatzen parte hartzea», adierazi du Gaitonek.
Oriokoa ez da herriko ondarea eta ezagutza zabaltzeko eskualdean sortu den egitasmo bakarra, Azpeitiko Udalak iaz
Azpeitiko ondarea unitate didaktikoetan izeneko proiektua sortu baitzuen.
Orioko haur batzuk, artxiboko irudi batean (Aiora Larrañaga/Hitza)
Orioko Curriculuma taldeko kideen iritziz, haur eta gazteek euren hezkuntza ibilbidean zehar izaten dituzte erreferente asko urrutikoak izan ohi dira. «Guk erreferente horiek herrira gerturatu nahi ditugu; ingurumena, geografia, lan-sektoreak, ekonomia, kultura edota beste hainbat gai lantzerakoan gertuko adibide eta kontuak ikastea ere nahi dugu. Informazio bilketa horretan eragileek zeresan handia dute. Herrio Natur Taldeko kideek, esaterako, ezagutza zabala dute Orioko ingurumenari dagokionean, eta haien ekarpenarekin haurrek ikastetxeetan landu dezaketen materiala sortu nahi dugu».
Informazio bilketa egin ondoren, edukiak modu erabilgarrian idaztea da hurrengo urratsa, herriko ikasleentzat ahalik eta material interesgarriena sortzeko.
Behin proiektu pedagogikoa idatzita dagoenean, hori ikastetxeetan nola aplikatu hausnartzea izango da taldeko kideen azken urratsa.
Auzolana
Orioko Curriculuma taldeko kideen iritziz hezkuntza «ez da ikastetxeetara mugatzen den gaia soilik». «Uste dugu herritarrek eta eragileek parte hartze aktiboa izan behar dutela haur eta gazteen hezkuntza prozesuan», diote, eta horretarako auzolana ezinbestekoa dela uste. Horren harira, beste hainbat herritan hezkuntza arloan auzolanean egin diren egitasmoak ere aurkeztuko dituzte jardunaldietan.