Martin Perona, atzo, eskulturaren azpian (Aiora Larrañaga/Hitza)
Asteartean Jorge Oteiza eskultore eta artista oriotarra hil zela hamar urte bete ziren, eta bere sorterrian bere lanak bizi-bizirik jarraitzen du. Izan ere, Orioko zimitorioaren azpiko arkupean oriotarren joan-etorriak gertutik jarraitzen ditu Arantzazuko Pietatearen erreplikak. Oteizak sortu zuen tamainu txikian, eta Martin Perona oriotarrak eman zion forma handian. 2002an amaitu zuen.
Oteiza hil zela hamar urte bete diren egunean UROLA KOSTAKO HITZA Martin Peronarekin elkartu da, Arantzazuko Pietatearen eskulturaren sorrera prozesuaz hitz egin eta Oteizarekin zuen harremana gogoratzeko.
Hasieran zalantzak
Garaiko Orioko alkate Joxe Miguel Makazagak etxera deitu zion Martin Peronari, eta berarentzat proiektu bat zuela proposatu zion. «Oteizaren Arantzazuko Pietatea tamainu txikian eman zidan, eta hori handian egingo nuen eskatu zidan. Hasiera batean oso zaila iruditu zitzaidan, ni ez bainaiz tailugilea. Egurrarekin egiten dut lan, baina maila horretako proiektua aurrera eramateko ez nintzela gai izango pentsatu nuen. Zalantzak banituen ere, alkateak probatzeko eskatu zidan, ordura arte inongo tailugileek ez zuela proposamena onartu-eta. Gainera, gaztainezko egur zatitzarra hondatzen banuen lasai egoteko esan zidan, udalak beste bat ekarriko zidala», azaldu du Peronak.
Perona, Arantzazuko Pietatearen kopia amaitu berritan 2002 urtean. (Argazkia: Martin Peronak utzia)
«Umil-umil», garajean lanean hasi zen oriotarra. «Hasiera oso zaila izan zen. Egur zati erraldoi batetik Pietateari forma orokorra ematea eta itxura hartzen joatea asko kostatu zitzaidan. Ordura arte mota horretako lanik egin ez nuenez, osabari eskala ezartzeko aholkua eskatu nion, hura tailugilea izan baita».
Lehen hilabete horietan «lotsa» ere sentitu zuen Peronak. «Eskultura tamainu txikian ikusten nuen, ondoren tailerrean nuen egur zati erraldoia begiratzen nuen, eta jendeari erakustea lotsa ematen zidan. Hala ere, pixkanaka joan zen forma hartzen».
Oteizaren bisita
Makazaga egun batean tailerrera joan zitzaion Peronari, eta Jorge Oteizak berak proiektua zer moduz zihoan ikusi nahi zuela esan zion. «Oteiza gaztea nintzenetik ezagutzen nuen nik, Arin Embil altzari enpresan lan egiten nuen garaian tailerra baitzuen bertan. Nire tailerrera etorri zen lehen egunean, Arantzazuko Pietatea ikusi zuenean asko gustatu zitzaion, baina hobetzeko landu behar nituen atalak zein ziren esan zidan». Peronak eskalan egina zuen eskultura, baina tamainu handian hainbat aldaketa egin behar zela uste zuen Oteizak.
Peronaren iritziz «izaera gogorreko» gizona zen Oteiza. «Xehetasunetan harreta handia jartzen zuen, gainera. Gustura egoten zen hemen Pietatea nola lantzen nuen ikusten», adierazi du Peronak. «Niretzat ohorea izan zen Oteizarekin elkarlanean proiektua egitea, eta orain herriaren erdigunean ikusgai izatea. Pietatea amaitu nuenean, Oteizak aitortu zidan tamainu txikikoa baino hobeto atera zela; oso gustura zegoela, alegia».
Perona, Oteizak egin zion oroigarria eskuan duela. (Aiora Larrrañaga/Hitza)
Oteizarekin «harrituta»
Peronak gogoan du Oteizarekin gertatutako pasadizo bat. «Ibarretxe lehendakariak arte munduan egindako lanarengatik oroigarri bana eman behar zien Oteizari eta Txillidari. Garai horretan Oteiza osasunez ez zebilen fin, eta oroigarria bere etxean bertan jaso nahi zuela esan zien politikariei. San Pelaioko etxera joan ziren goiz batean politikari guztiak, Oteizari oroigarria ematera. Baina egun horretan bertan bat-batean eguerdi partean etxeko telefonoak jo zuen, eta Oteizaren ahotsa entzun nuen telefonoaren beste aldean, arratsaldean Pietatea zer moduz zihoan ikusi nahi zuela esanez». Martin Perona «harrituta» geratu zen. «Ibarretxerengana joateko ez, baina nire tailerrera etortzeko prest baitzegoen artista».
Pietatearen kokalekua
Bere lanari zegokionean Oteiza «oso zehatza eta xehetasun zalea» zela gogoan du Peronak. Arantzazuko Pietatearen kopia non kokatu behar zen erabaki behar zen garaian, alkatea, Perona eta eskultorea elkartu ziren Orion. «Oteiza beti oso kritikoa izan zen Orioko Udalarekin, eta Oteizak berak aukeratu nahi zuen eskulturaren kokagune zehatza. Lizaso bitxi eta erloju dendaren aurrean jarri zen Zakilaneko aldapari begira, eta bat-batean haserretu egin zen, izugarri. Izan ere, aldapa hasten zen gunean, petrilaren aurrean laranja koloreko zakarrontzi bat zegoen. Artistaren iritziz, zakarrontzi horrek artelanaren ingurua guztiz hausten zuen. Hurrengo egunean, zakarrontzia kendu egin zuten. Orain askotan inguru horretatik pasatzen naizenean turismo informazio kartelak ikusten ditut, eta Oteiza bizirik izango balitz zer esango ote lukeen pentsatzen dut», gehitu du Peronak.