Oriotarra bada ere, Urnietako Altzibar Berri landetxeko arduraduna eta Nekatur Euskadiko Nekazalturismo eta Landetxeen Elkarteko lehendakaria da Elixabete Etxezarreta (Orio, 1975).
Lanez aldatzea tokatzen zitzaion garaian, Asturiasko zenbait landetxetan igaro zuen oporraldian maitemindu zen Etxezarreta turismo gune haien jardueraz. Eta etxera itzuli zenean, senarra eta bera mota horretako ostatu bat jartzeko baserri bila hasi ziren. «Asko gustatu zitzaidan landaetxeko lana, bisitariekin hartu-eman zuzena izateko aukera ematen baitu. Asturiasen landetxeetan topatu genituen etxeko-andreak oso atseginak izan ziren, eta lan hori egiten zoriontsu izango nintzela pentsatu nuen», azaldu du Etxezarretak.
Zer moduzko uda izan da aurtengoa Euskadiko landetxe eta baserriturismoetan, bisitariei dagokionean?
Orokorrean, iazko datuen antzekoak lortu ditugu. Egia da, Araban jaitsiera nabaritu dugu, baina orokorrean iazko bisitari kopuruaren antzekoa izan dugu. Goi denboraldia Aste Santua, udako hilabeteak eta urtean zehar izaten diren zubiak izaten dira; normalean, Nekatur Elkarteko nekazariturismo eta landetxe guztiek ez dugu eskaintzaren %100 betetzen data horietan, %70 inguruko betetze-maila izaten dugu, bataz beste. Betetze mailari dagokionean, hainbat faktorek eragiten dute. Eguraldia izaten da horietako bat. Aurten, esaterako, eguraldi ona egin du uda garaian, eta zalantzan zeuden herritarrak ere Euskal Herrian oporraldia pasatzera animatu dira. Eguraldi txarra egiten duenean, berriz, zenbaitetan erresebak ezeztatu egiten dituzte, edota bisitariek aurreikusitakoa baino egun gutxiago pasatzen dituzte.
Zein jatorritakoak izaten dira bisitari gehienak?
Nekazariturismoetan eta landetxeetan izaten ditugun bisitari gehienak Euskal Herrikoak eta kataluniarrak izaten dira. Horretaz gain, madrildarrak ere etortzen zaizkigu. Aurten, gainera, bisitari atzerritarren hazkundea nabaritu dugu; %20koa, gutxi gorabehera. Atzerriko bisitari gehienak Frantziatik etorritakoak izan dira. Pentsatzen dugu hori gertatzeko faktore bat gertutasuna izan dela, krisi garaian herritarrek etxetik gertu dauden guneak aukeratzen baitituzte oporraldia pasatzeko.
Zeren bila etortzen dira turistak baserriturismo eta landetxetara?
Denetik dago. Badaude naturaz gozatzera datozen bisitariak, baina gehienak Euskal Herriak eskaintzen dituen herriez eta hiriez gozatzeko hartzen dute ostatu baserriturismo eta landetxeetan. Horretaz gain, kontuan hartu behar da prezioari dagokionean ere hotel konbentzionalak baino ekonomikoagoak izaten direla, eta haurrekin oporraldia igaro ahal izateko ostatu lasaiak ere badira. Eskaintzari dagokionean, denok ematen dugu gosaria, baina bazkaria eta afaria eskaintzea aukerazkoa izaten da. Badira, otorduak eman ez, baina sukaldea bezeroen zerbitzura jartzen dutenak ere. Horretaz gain, batzuk logelak eskaintzen dituzte, besteek etxe osoa alokatzen dute eta zenbaitek apartamenduak eskaintzen dituzte. Azken finean, uste dut eskaintza osoarekin herritarrek izan ditzazketen askotariko beharretara moldatzen garela.
Zein dira Nekatur Elkartearentzat etorkizuneko erronkak?
Gure helburu nagusia bezeroak urte osoan zehar izatea da. Uste dugu atzerria bezeroak erakartzeko merkatu on bat izan daitekeela, oporrak beste data batzuetan izaten dituztelako. Atzerriko merkatuari begira plan estrategiko bat diseinatu dugu, eta lehen urratsak eman ditugu ildo horretan: gure moduko atzerriko elkarteekin hartu-emana badugu, eta Euskal Etxeekin ere harremanetan jarri nahi dugu, atzerrian bizi diren euskaldunentzat landa eremua erakargarria izaten baita. Enpresa munduari begira ere bagabiltza. Izan ere, etxe askotan espazio asko dago, eta ostatuaz gain bilera gelak eta beste hainbat zerbitzu eskaintzeko aukera izango genuke.
Nekatur-eko bazkideek nola ezagutarazten duzue zeuen burua?
Normalean, Nekaturreko nekazariturismo eta landetxeak ohiko gidetan eta www.nekatur.net webgunearen bidez ematen dugu gure burua ezagutzera. Bestalde, Interneteko bilatzaileetan posizionamendu lanak ere egin ditugu. Turismo azoketan ere izaten gara. Ekonomikoki elkarte bezala stand bat jartzeko aukera badugu, egiten dugu; hori posible ez bada, berriz, beste baliabideak erabiltzen ditugu, eta Eusko Jaurlaritzaren turismo eskaintzan gure informazioa eskaini.
Teknologia berriak gero eta garrantzitsuagoak izango dira zeuen lanean, ezta?
Bai. Gaur egun erreserbak online edo telefonoz egiten dira, eta gure eskaintza ere Internet bidez ezaguratazten dugu. Oso sektore berezia da gurea. Kontuan hartu behar da osatuko lanez gain, baserriko beharrak ere egiten dituztela askok. Gainera, adineko jende asko dago, eta pertsona horiek txalotzeko moduko esfortzua egiten ari dira garai berrietara egokitu eta teknologia berriak erabiltzen ikasteko. Ildo horretan, hainbat ikastaro antolatzen dugu Nekatur Elkartetik.
Nekazariturismo eta landetxeetan baserriko kultura ezagutarazten saiatzen al zarete?
Nekatur-etik hori nabarmentzen diegu gure bazkideei. Saiatzen gara bertako produktuak erabiltzen otorduak prestatzerako garaian, tokian tokiko ekoizle txikien lana aintzat hartu behar dela uste dugulako. Nekazariturismoak eta landetxeak lehen sektorearen parte dira, eta ezinbestekoa iruditzen zaizkigu baserritarren lana indartzeko.