Hogeita hiru urte darama Karkara Aia eta Orioko orainkariak bi herrietako kontuak plazaratzen. Egungo egoera ekonomiko zailari aurre egiteko, ordea, laguntzaileak erakartzeko kanpaina abiatu du hamabostekariak. Ana Gonzalez de Txabarri (Orio, 1958) zuzendariak Urola Kostako Hitza-ri azaldu dizkio egitasmoaren nondik norakoak.
Zer kanpaina hasi duzue?
Gure diru iturriak laguntza publikoak, publizitatetik lortzen duguna eta languntzaileen ekarpenak dira. Azken horiengana zuzendu nahi dugu, hain zuzen, hasi berri dugun kanpainaren bidez. Orio eta Aiako talde bat Karkara laguntzailea da; urtero diru kopuru batekin laguntzen du. Urtean 35 euro ematen dute horiek, Karkara argitaratu ahal izateko. Orain dela urte batzuk, kanpaina egin genuenean, 300 laguntzaile baino gehiago lortu genituen. Baina, horietako batzuk baja eman dute, beste batzuk hil egin dira... Kanpaina berriro egin ezean, laguntzaileek ez dute proiektuarekin bat egingo; alderantziz, gutxitzen joango dira, eta horregatik abiatu dugu kanpaina. Iazkoa ez zen urte ona izan, eta aurtengoa ere ez da izango. Beste koxka bat igotzeko garaia zela pentsatu genuen, beraz.
Karkara laguntzaileek urtean 35 euro ordainduko dute; bi herrietako hainbat lekutan jarri dugu horretarako agiria eta informazioa. Zentzu honetan, nabarmentzekoa da aldizkaria Orio eta Aiako etxe guztietan doan banatzen dela, eta hori gastu handia da. Bestelako diru iturririk izan ezean, eta laguntzekin bakarrik funtzionatu behar bada, oso zaila da proiektuari eustea. Publizitatearekin ahalegin oso handia egiten dugu. Bi herriak txikiak dira, eta industria handirik ere ez dago publizitate asko jarriko duenik. Jende xumearen laguntza eta kolaborazioarekin publizitate duina lortzen dugu, ordea. Diru iturri honekin, hein batean aurrekontua estaltzen dugu, baina ez da nahikoa gastu guztiak ordaintzeko. Karkara garrantzitsua eta duina dela uste dutenen laguntza nahi dugu. Euskaraz bizi nahi dutenentzat 35 euro Karkara-ra bideratzea beharbada ez da horrenbeste, eta ahalegin hori egin dezaten eskatzen dugu.
Zein da egoera honen jatorria?
Bi udaletako diru-laguntzei eustea, edo zertxobait gehiago jasotzea espero dugu aurten. Hitzarmena lantzen ari gara, diru-laguntza soiletatik harago joan gaitezen. Oso argi dugu funtzio bat betetzen duguna, eta Aia eta Orio bezalako herri txikientzat halako aldizkari bat hamabostero izatea luxua da, produktua zaindua delako eta onarpen handia duelako. Herritarrak zain egoten dira Karkara hartzeko, eta hedabide funtzioa oso ondo betetzen du. Horretan ahalegin handia egin izan dugu, eta neurri handi batean asmatu dugula uste dut.
Hitzarmena elkarlanean aritzeko izango al da?
Beste erakundeek hainbat lekutan egin dutena ari gara aztertzen, eta akordio horiek gurera egokitzea da helburua. Batetik, garbi dugu publizitatearen ingurukoak izan beharko dutela hitzarmenak. Guretzat hori arnasa izango litzateke. Norbaitek zerbait eman behar badigu, Orio eta Aiako udalek eman behar digutela uste dugu.
Kanpaina honekin 500 laguntzaile lortu nahiko zenituzkete. Momentuz, nolako erantzuna izan du?
Nahiko erantzun eskasa izan du, oraingoz. Are gehiago, amu bezala menuak oparituko ditugu. Laguntzaile bakoitzak menuak jasotzeko zozketan parte hartuko du. Ez dakit zenbateraino eragingo duen horrek, baina zerbaitetan lagunduko duela uste dut.
Laguntza ekonomikoa jasotzearekin batera, Karkara indartzeko asmorik ba al duzue?
Bostehun laguntzaile lortuko bagenitu, izugarria izango litzateke, eta horrek bestelako atxikimendua emango lioke proiektuari. Berez, jendea gustura dago Karkara-rekin, eta proiektuak jarrai dezan nahi dute. Hori ekonomikoki gauzatuko balitz, itzela izango litzateke. Guk lan hau mantendu ahal izateko, aldizkaria hartzen duenak zerbait eman dezan behar dugu, eta horri prezio bat eta formula bat jarri diogu.
Topaguneko lekuko hedabideek Tokikom sortu duzue. Zer da enpresa hori?
Tokikomek aspaldi falta zitzaigun koordinazio lana egiten du. Tokikom marka osatzen dugun hedabide guztiak txikiak gara, eta gutako bakoitza, txikitasun horretan, lana ondo egiten saiatzen gara. Baina guztien irakurleak kontuan hartuta, ohartu gara irakurle pila bat dugula. Hori kontuan izanda, kooperatiba bezala sortu da Tokikom. Publizitatea, tokian tokikoa izan beharrean, beste esparru batean lortzea da helburua. Publizitatea guztiontzat eskuratzeko asmoa dugu. Horrez gain, zerbitzuak merkeago lortzeko asmoz ere sortu da Tokikom. Laguntzak eskatzerako orduan, presioa egiteko indar handiagoa izango du, talde oso batek hartzen duelako parte; eta hori guztia modu positiboan ikusten dugu. Batzuetan zaila egiten zaigu Tokikomeko bilerara eta beste ekimenetara iristea. Karkara-n bi langile daude, eta beste lauk laguntzaile moduan jarduten dute. Ez gara iristen guztira, eta uste dut hutsune bat badugula, harremana behar bezala zaintzen ez dugulako. Baina ahal dugun neurrian mantentzen dugu, interesatzen zaigulako eta guretzat ona delako.
Etorkizunean hedabideek honela lan egingo dutela uste al duzu?
Elkartzeko formulak gisa honetakoak izan beharko dutela pentsatzen dut. Hedabide bakoitzak duen nortasunarekiko errespetuzkoak izan behar dute, aldizkari bakoitzak bere izaerari euts diezaion. Karkara Oriokoa eta Aiakoa da, eta, horregatik, hizkuntzan, doinuan eta itxuran baditu ezaugarri jakin batzuk. Aldizkariak eta herriak harreman oso estua dute. Hori mantentzen bada, hortik aurrerako koordinazioa ezinbestekoa dela deritzot. Koordinazio horren izenean, aldizkari bat eta bakarra mantentzea eta besteak horien sukurtsal izatea ez da gure apustua. Hori gertatu zaitzaigun Hitza egunkaria kaleratu zenean. Ez genuen parte hartu nahi izan. Garbi ikusten genuen gure betebeharra bestelakoa zela. Erabaki hura hartzea gogorra izan zen; gustukoa eta gertukoa dugu egunkaria, eta euskal prentsari laguntzeko gehiago izango ginen. Baina erabaki ona hartu genuelakoan nago, Orion eta Aian sustatu egin dugulako euskal irakurle asko izatea.
Karkara ordainpeko aldizkaria izatea pentsatu al duzue?
Ahal dugun neurrian doan banatu behar dugu. Argi dugu. Ezin diogu inori aitzakia bat eman euskaraz irakurtzeko aukera alde batera uzteko; hala iruditzen zaigu. Izan ere, adin bateko jendeak euskaraz doan irakurtzeko aukerarik ia ez du; ikasleek beste baliabide batzuk dituzte horretarako, baina beste batzuentzat Karkara da horretarako aukera bakarra. Horiek, ordaindu behar izateagatik euskaraz irakurtzeari utziko baliote, min handia sentituko genuke. Baina beharbada iritsiko da une bat modu honetara jarraitu ezingo duguna, eta orduan planteatu beharko dugu beste era batera jarraitzea. Oraingoz proiektua hala dago finkatuta, eta laguntzaileen kanpaina ere horregatik jarri dugu martxan. Ordaintzen duenak ez du egingo Karkara etxean izateko, aldizkaria Orioko eta Aiako etxe guztietan izan dadin egingo du.
Nolako bilakaera izan du Karkarak?
Hasi ginenetatik hiruzpalau lagunek jarraitzen dugu. Guztiok musutruk egiten genuen lana hasieran. Lanpostu bat sortzea izan zen gure lehenengo erronka. Egun, bi langilek dute soldata. Karkara-rentzat garrantzitsua izan zen Aiara jauzi egitea, baina salto handiena hamabostekari izatera pasatu ginenean eta modu digitalean lan egiten hasi ginenean eman genuen.
Aurretik egin al duzue halako kanpainarik?
Duela urte batzuk egin genuen. Etxez etxe azaldu zitzaien kanpaina herritarrei, eta inoiz izan dugun laguntzaile gehiena orduan lortu genuen.
Epe motzean nola ikusten duzu Karkara-ren etorkizuna?
Karkara-ri berritzea dagokiola uste dut. Honetan gaudenoi erretiratzeko unea iritsi zaigu, eta jende berria behar dela pentsatzen dut. Bidea eginda dago, eta euskal komunikabide bat izanik, beste estilo bat behar du proiektu honek. Egia esan, pixkat nekatuta nago, ardura eta erantzukizun asko eskatzen duelako. Halako zama eraman beharra nekeza da batzuetan, eta aldaketa hori Karkararentzako ere ona izango
dela uste dut. Jende berriak erabakiko du gero zer egin, baina iruditzen zait proiektua dagoeneko definituta dagoela, eta kalitatezko aldizkaria sortu dugulakoan nago.