Bizitzaren eta heriotzaren arteko muga gertutik bizi du Mikel Lizarraldek (Urretxu, 1978). Txikitatik duen dohaia azaleratuko du igandean. «Heriotza eta ondorengo bizitza» azalduko du Lizarraldek, eta ikusleekin eta «bertako espirituekin» saioak egingo dituela ziurtatu du. Sarrera guztiak salduta daude dagoeneko.
Hitzaldi bakoitza bakarra izaten da. Jendearen eta giroaren edota telepatiaren bidez jasotzen dudanaren arabera, hitzaldiak norabide jakin bat hartu ohi du. Dirudienez, jendeak dituen zalantzak jasotzen ditut haiek galdetu aurretik. Bizitzaren ondorengo bizitza da hitzaldiaren izenburua eta gaia. Heriotzak dituen faseak jorratuko ditut. Izan ere, heriotza motaren araberakoa izaten da hil osteko bizitza ere. Guztiok animak garela sinesten dut. Gure gorputza, berriz, hori eramateko ibilgailua da. Norberaren bizitza eta heriotza motak baldintzatuko du nora joango garen hiltzen garenean. Heriotzaren ondorengo esferak azalduko ditut.
Hil ondoren zer dago, zure ustez?
Heriotzarekin ez da bizitza amaitzen; orduan hasten da. Baina hainbat lekutara joan gaitezke. Pertsona bat oso nekatuta hil bada, atseden hartzeko nonbaitera joaten da; bat-batean hil bada, ordea, zer gertatu zaion azal diezaioten behar dut pertsona horrek. Bizimodu eta heriotza normala izan duena, ordea, plano metal deiturikora joaten da. Dauden lekuan daudela, garatzen jarraitu behar dute arimek. Eta dauden dimentsiotik ere lagun dezakete, bizidunen bizitza gidatzen, esaterako.
Nola jakin daiteke esaten duzuna egia dela?
Egiten ditudan saioetan. Esaten dudana egiaztatzeko publikoarekin egiten ditut saioak. Ikusleengana joaten naiz, eta haien ahotsaren bidez edo kontaktuaren bidez jartzen naiz harremanetan inguruko espirituekin. Espirituek mezuak izaten dituzte, baina une bakoitza berezia izaten da. Batzuetan oso azkar hitz egiten dut, edota ahotsa aldatu egiten zait. Une horretan sentitzen dudana esaten dut. Datuak azaltzen ditut: Nola hil zen, nolako harremana zuen beste pertsonekin... Ikusleak espiritua identifikatzen duenean, mezua ematen diot. Mezuak askotarikoak izan daitezke, baina batzuetan oso indartsuak izaten dira. Iaz Orion egin nuen saioa oso hunkigarria izan zen; mezuak oso indartsuak izan ziren. Une horietan ez dut ulertzen zer ari den gertatzen, baina pertsona bat negarrez ikusten dudanean, esaten dudanak zentzua duela ohartzen naiz.
Nola sentitzen duzu muga hori?
Niretzako oso erraza da. Begiak ixten ditudanean automatikoki sentitzen ikasi dut.
Noiz ohartu zinen gaitasun hori zenuela?
Ez dut data zehatzik. Gaztetxoa nintzenean hasi nintzen kartekin jolasean. Hala ere, haurra nintzenean ere sentitzen nuen dohaia. Sei edo zazpi urte nituenean, uste nuen ikusten nituen pertsonak besteek ere ikusten zituztela. Esaterako, amarekin nengoenean emakume bat ikusten nuen askotan. Esku bat ikusten nuen, sei behatzekin. Gero ohartu nintzen nire birramonak sei behatz zituela. Une horietan oso normala zela uste nuen; espirituak ikusten nituen, beste pertsonak bailiran bezala. Haiekin jolasten nuen, eta hasieran ingurukoek irudizko lagunak nituela pentsatzen zuten. Gurasoei kontatu nienekoa izan zen garai gogorrena. Gaztetxoa nintzenean, aitaren lagun bat gaixo zegoela oroitzen dut. Ospitalera joan-etorrian izaten zen beti. Egun baten oso sentsazio txarra izan nuen; irudipen bat izan nuen. Familiari esan nion gizonezko hori hil egingo zela, hala ikusi nuelako. Hurrengo egunean hil zen. Momentu gogorrak izan ziren hasieran. Gauza onak ere iragarri ditut, ordea: Izebari loteria tokatuko zitzaiola ikusi nuen, eta senarrari tokatu zitzaion azkenean.
Pertsonalki, nola eragiten dizu gaitasun hori izateak?
Dohai bat dudala ikasi dut. Ateak ixten eta irekitzen ikasi dut. Leku, egoera edo momentu jakin batzuetan ezin dudala ikusi
dudan guztia esan ikasi dut. Esaterako, gertuko batek pertsona bat ezagutu duela esaten badit, eta nik sentitzen badut harremanak ez duela etorkizunik, hala ere isilik egon behar dut. Edozein pertsonari ere ezin diot kontatu zein gaitasun dudan. Ezjakintasun handia dago, eta askok
kritikatu eta epaitu egiten zaituzte.
Saihes al dezakezu ahalmena?
Bai. Azken finean, honen guztiaren kontrola dudala ikasi dut. Nik erabakitzen dut noiz konektatu eta noiz ez.
Ba al dakizu zer etorkizun izango duzun?
Askotan badakit. Intuizioari eta nire barruko ahotsari jarraitzen diot. Hala ere, neure buruaren edo gertu ditudan pertsonen
etorkizuna asmatzea zaila
da. Errazagoa da ezezagunena iragartzea, objektiboa izaten laguntzen didalako; gustatzen ez zaigun zerbait esatea oso zaila da, eta distantzia hartzea kostatu egiten da. Horregatik, nahiago izaten dut familiekin kontsultarik ez egin.
Gaitasuna abantailatzat jotzen al duzu?
Bai, zalantzarik gabe. Askotan ateak irekitzen edo aurrera pausoak ematen laguntzen dit. Gaitasuna erabiltzen baldin badakizu, bada onura. Bestela, zure aurkako arma izan daiteke delako dohaia.
Zein da gehien markatu zaituen esperientzia?
Eskailerak igo behar nituen batean, goian gizonezko bat zegoen. Oso iluna zen. Konturatu nintzenerako, jaisten hasi zen, eta gorputza zeharkatu zidan. Galdutako espiritu bat zen. Beste behin, Montrealen (Kanada), polizi departamentuarekin jardun genuen lanean. Desagertutako haur batzuen kasuan aritu ginen lanean. Hildako haurrek sufritzen zutena sentitzen genuen guk, eta hori oso desatsegina da. Horrez gain, berri txarrak eman behar ditudanean ere oso gaizki pasatzen dut. Izugarrizko amorrua ematen dit horrek.
Zertan laguntzen diezu zure bezeroei?
Gehienei barruko bakea ematen diet. Erabaki bat hartu behar dutenean, gidatu egiten ditut. Askok lasaituta irteten dute kontsultatik.