Maiatzaren 14ean ospatuko duten Balearen Egunerako dagoeneko hasi dira ekitaldiak prestatzen eta entseguak egiten, eta oraindik egitaraua guztiz itxita ez badute ere, zenbait berrikuntza izango ditu aurtengo edizioak. Horien artean, aldaketarik nabarmenetarikoa antzerkiak izango du: izan ere, aurten obrak amaiera "arinagoa" izango duela aurreratu du Iñake Irastorza antzezlaneko zuzendariak. Ohiko antzezlanari zati bat kendu diote antolatzaileek, eta beraz, orain arte hiru orduko antzezlana egiten bazuten oraingoan bi ordu inguru iraungo du.
Obra "aspergarria eta luzeegia" izatea ekiditeagatik moztu dute amaiera, eta horren ordez zenbait aldaketa egin dituzte: "Lehenengo aldiz duela hamar urte egin genuen antzezlana, balea harrapatu zutela ehun urte bete baitzen orduan. Antolatzaileok uste genuen oraingo belaunaldiek ez zekitela balea harrapatzeak nolako garrantzia izaten zuen herrian orduan. Ez genuen uste, ordea, antzezlana bost urtetik behin egingo genuenik, eta egun herritarrek ondo dakite egun horretan zer gertatu zen. Errepikakorra izan aurretik, obra arindu nahi izan dugu", dio Irastortzak.
Balearen egunean, 11:30ean hasiko dira antzezlana; herriko giroa erakutsiko dute aurrena, eta ondoren, kanpaiek iragartzen dutenean, balea harrapatzera joango dira arrantzaleak. Animalia kaiara ermango dute gero, eta marinelei harrera egingo diete. Dantzariek, musikariek eta bandak ez ezik, azken hilabetean obra prestatzen ari dira herritar ugari.
Bestalde, lehenengo aldiz danborrada egingo dute herrian zehar herritarren egun handian. Orain arte San Pedrotan edota San Nikolasetan egin ohi izan dute danborrada, eta antolatzaileek ekintza hori maiatzeko festara ere eramatea erabaki dute. Oraindik ez dute deialdia zabaldu eta ez dira hasi entseguak egiten, baina bertan herriko elkarteek parte hartuko dutela aurreratuko dute.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide