Jennifer Baichwal: «Geologiaren denbora-eskalan espezie bakar batek duen eragina aztertu beharrekoa da»

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2015ko uzt. 15a, 11:47

Ezkerretik hasita, Asier Hilario, Jennifer Baichwal eta Stan Finney (Juan Luis Romatet) Anthropocene pelikula dokumentalaren filmaketa lanak ostiralean hasi zituzten Zumaian. Baichwal zuzendari kanadarrak lan honetaz eta bere ibilbideaz hitz egin dio egunkari honI. Zumaian hasi duzue pelikularen filmaketa. Zergatik aukeratu zenuten leku hau? Lurraren aroez hitz egiten da pelikularen zati batean, eta horretarako aditu batekin kontatu nahi genuen. Stan Finney-ek [Estratografia Batzordeko presidentea] Zumaia iradokitu zigun, geologoak zertaz ari diren hitz egiten identifikatzeko leku ikusgarrienetakoa baita. Munduko beste leku batzuetan oso zaila da estratuak ikustea; oso leku txikiak dira, eta askotan ez dakizu zertaz hitz egiten ari diren. Esaten zigutena irudietan bihurtzea zen gure arduretako bat. Pentsatzen dut munduko beste toki batzuetan ere izango dela aukera, baina, gai hau hemen ikusten den bezala ikustea... Dena duzu hemen! Stan-en aukeraketa bikaina izan da. Hasi besterik ez dugu egin, baina hasiera oso aberasgarria izan da. Gizakiak Lurraren historian duen eragina dago Antropozenoaren atzean. Horretaz bakarrik hitz egiten al da pelikulan? Fenomeno kultural askoz handiagoa da guretzat. Honi buruz lehen aldiz hitz egiten hasi zirenean nire aurreko pelikularen [Watermark] aurkezpenaren erdian geunden, eta hausnartzen ari ginen ea trilogia bat egin nahi genuen. Manufactured landscapes (Paisaia eraldatuak, 2006) izan zen lehen pausoa, eta gero Watermark (2013) etorri zen. Gizakiaren ekintzen azterketa handiagoa egin nahi genuen istorio espezifiko baten bidez. Ez genuen gizakiak hondatutako lekuetara bakarrik joan nahi, eta gure asmoek eta kontzeptu honek modu interesgarri batean egiten dute bat. Alde geologiko hori abiapuntu indartsua da. Ez zaigu asko interesatzen Antropozenoa onartua izango den edo ez. Debatean gaude gu interesatuta; debatitua izatea bera da interesgarria. Mundu mailan gertatzen ari den berotzearekin edo aldaketa handiekin zerikusirik ba al du? Ez, hori baino askoz gehiago da. Mundu mailako berotzeaz hitz egin dezakezu, harekin lotuta doazen kontzeptuak dira-eta. Gizakiaren historiaz ere hitz egin dezakegu, baina azterketa interesgarri bat ere badago hor: geologiaren denbora-eskalan espezie bakar batek duen eragina aztertu beharrekoa da. Modu handiago batean pentsatu behar dugu, eta ez gaur egunaz bakarrik. Arroka hauetan 65 milioi urteko historiaz hitz egiten ari gara, eta zenbat denboran gaude hemen gizakiok? Denbora-eskalak erlatiboak dira, eta geureganatzeko ia ezinezkoak. Sortu daitekeen debatea da gehien interesatzen zaizuna. Zinegile bezala dudan filosofia zabalik egotea da. Ez dut esaten objektiboa izatea, ez baitut uste hori posiblea denik. Bukaera irekia izan dezakeen galdera bat egiten ari naiz. Ez dut oraindik galdera hori erantzun, baina galdera hori luzatzen dut pentsatzen dudalako esanahi handia izan dezakeela. Bidaia, pelikula honen esplorazioa, perspektiba horiekin batera doaz. Ikusleari bere iritzia hartzen uzten diot. Edozein gai geologiko irentsi araztea ez zait interesatzen. Paisaia eraldatuak ere hala zen. Ez zen pelikula didaktikoa; ikusleak eraman nahi nituen inoiz ikusiko ez dituzten leku batzuetara: egunero erabiltzen ditugun gaiak ekoizten diren Txinako faktorietara, itsasontzietako fuela ateratzen duten Bangladesh-ko ontzioletara eta, bereziki, presetara. Han sortzen da faktoria horietan erabiltzen den argindarra. Inor ez da joaten leku horietara; inork ez du aukeratuko leku horietara joatea, baina, gu hemen, Espainian, Kanadan... toki horiekin konektatuta gaude. Kontzientzia aldaketaren lehen pausoa da hori, gai horien jakitun izatea. Zure filmak ikusita, gizakiak ingurugiroan duen eraginak arduratzen zaituela dirudi. Watermark pelikulan gizakiak urarekin duen interakzioaren modu desberdinak kontatzen dira. Indiara joan ginen Ganges ibaian leku berean eta egun berean 30 milioi lagun biltzen dituen erromesaldi espiritual batera; British Columbiako (Kanada) bailara batzuetan ere izan ginen. Gizakiak bere ingurunearekin duen interakzioa interesatzen zaigu. Film honetan ere horretan zentratuko gara, baina adibide batzuk erakutsiko ditugu soluzioak eman beharrean. Nahiko nituzke soluzio horiek izan! Edward Burtynsky artistarekin egiten duzu hemen ere lan. Nola hasi zen harreman hori? Paisaia eraldatuak egin genuenean, berak grabazio batzuk eginak zituen. Hiru Eztarrien Presako eraikitze lanetan izan zen; Bangladesh-ko ontzioletan ere bai. Esan genion ongi zegoela, baina grabazio haiekin bakarrik ezin genuela pelikula bat egin. Berak Txinara itzuli behar zuenez, berarekin joan ginen. Eta, zer moduz? Harreman oso aberasgarria izan da, gure hurbilketa zinegile bezala esperimentala baita, ez didaktikoa. Batzuetan bere argazkiak ikustean irudi harrigarri bat ikusten ari zara baina, hurreratzean, konturatzen zara zaborra edo petrolio filtro batzuk ikusten ari zarela. Zergatik ari naiz estasis esperientzia bat izaten kolore eder hori duen irudiarekin, zaborra denean? Nolabait, zure egoeraz hausnartzera eramaten zaitu. Paisaia eraldatuak filmak sekulako harrera izan zuen, jende pilak ikusi zuen mundu mailan, eta berriro lan egiteko gogoa sortu zitzaigun. Watermark elkarrekin zuzendu genuen, eta hau ere hala egingo dugu. Hau izango da gai honen inguruan egingo dugun azken lana.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide