Aurreko hilean Nafarroa Xtrem 68 kilometroko lasterketa irabazi zenuen Zubirin (Nafarroa), eta Euskal Herriko ultra distantziako txapelduna zara orain. Hala ere, ibilbide luzea duzu korrikalari gisa. Noiz hasi zinen?
Lehenengo mendi lasterketa 2016. urte inguruan egin nuen, lagun batek animatu ondoren. Getariarrentzat ohikoa da Zumaiako Flysch Trail lasterketan parte hartzea, eta bi urtez jarraian eman nuen izena. Nire lagunak ultra distantziako maratoiak egiten zituen, eta ni ere lehen maratoia egitera animatu nintzen, 2018. urtean. Urte bat geroago, lehenengo aldiz egin nituen ultra distantziako probak. Asko gustatu zitzaidan esperientzia, baina arraunean ere banenbilen, eta garbi neukan hori amaitu behar nuela aita izan aurretik. Hori horrela, 2020tik 2022ra arte arraunean aritu nintzen Getariako taldearekin. 2022an, arrauna utzi, eta kirol horretatik jasotako diziplina baliatuta, entrenatzaile batekin mendi lasterketetarako prestatzen hasi nintzen.
Zer helbururekin hasi zenuen prozesu hori?
Inolako helbururik gabe hasi nintzen lasterketetan. Helburua, errutina eta entrenatzaile on baten bidez, mendiaz gozatzea da. Egia esan, distantzia luzeko probetan parte hartzea gustatzen zait. Pixkanaka, postu onak eskuratzen hasi nintzen. Nafarroa Xtremen hirugarren egin nuen 2023an, adibidez. Emaitza aldetik, urte biribila atera zitzaidan. Momentuan ez nuen pentsatu ere egin Euskal herriko txapelduna izatera iritsiko nintzenik. Iazko urtea itxaropen handiekin hasi nuen. Zestoako Kobaz Koba lasterketa irabazi nuen, eta postu onak lortzen ari nintzen. Hori bai, nire helburua Euskal Herriko Ultra Kopa lortzea zen. Euskal Herrian lau ultra distantziako lasterketa daude, eta hiru bukatu behar dituzu gutxienez azken fasera iristeko. Puntu gehien lortzen dituenak irabazten du. Gainera, irabazleak euskal selekzioarekin batera Italiara joateko aukera zuen. Ideia eroa zirudien, ordea. Baina kopa irabazi egin nuen, eta aukera izan nuen Italiara joateko, mundu mailako lasterketa batean parte hartzera. Iazko Euskal Herriko Txapelketan bigarren egin nuen, eta, ondoren, Espainiako Txapelketa jokatzeko aukera ere izan nuen; seigarren geratu nintzen.
"Helburua, errutina eta entrenatzaile on baten bidez, mendiaz gozatzea da"
Nola doa aurtengo denboraldia?
Aurtengo denboraldia ondo hasi dut. Hasieran lasterketa motzak egiten ditut, baina ez diet garrantzi handirik ematean; jolastera ateratzen naiz. Lasterketa luzeetan, ordea, buru gehiagorekin parte hartzen dut; gehiago entrenatzen dut. Irabazteko burua entrenatzen jakin behar duzu. Nafarroa Xtrem lasterketa hasi baino lehen, banekien bi aurkari gogor izango nituela: Ander Iñarra eta Adur Mendizabal. Lagunekin parte hartu nuen proban, baina banekien arerio gogorrak izango nituela. Sekulako eguna izan nuen, eguraldi txarra egin bazuen ere. Nik nahiago dut eguraldi hori korrika egiteko.
Nola jaso zenuen lorpena?
Lasterketa hasi zenean, garbi nuen pultsua kontrolatu beharko nuela. Ez baduzu hasieratik kontrolatzen, amaieran ondorioak nabarituko dituzu. Hemezortzigarren kilometroan atzetik inor ez nuela ikusi nuen, eta gainera, fisikoki nahiko ondo sentitzen nintzen oraindik. 46. kilometroan nire amarekin egin nuen topo: «Ama, zenbat ateratzen diot bigarrenari?». «Bost minutu», erantzun zidan. Kilometro horretatik aurrera, oso motibatuta jarraitu nuen. Aldi berean, bertigoa ere sentitu nuen. Tarte handiak ateratzen nizkien atzeko korrikalariei, eta garaipena nire aurrean ikusten nuen. Hori horrela, azken kilometroetan disfrutatu egin nuen. Hiru urtean lorpen handiak egin ditut.
Nolakoa da zuretzat entrenamendu egun bat?
Aste bakoitza ezberdina da, baina normalean astero bost egunez entrenatzen ditut. Astearteak eta ostiralak beti jai hartzen ditut, familiarekin egoteko. Astelehenetan, aldiz, bizikletan ibiltzen naiz, batzuetan etxean, estatikoan, eta beste batzuetan errepidean. Asteazkenetan eta ostegunetan, mendira joaten saiatzen naiz. Asteburuari dagokionez, larunbatetan entrenamendu luzeak egiten ditut, eta igandeetan motzagoak.
Gorputza ez ezik, burua ere prestatu beharko duzu horrelako txapelketetarako.
Lasterketa motaren arabera, burua ezberdin prestatu behar duzu. Esaterako, ibilbide motzetan pistara atera eta beste korrikalariak ahalik eta azkarren harrapatzen saiatzen naiz. Luzeetan, aldiz, besteei gehiegi erreparatzeak kalte egin dezake. Zure aurkaria, agian, aldapan gora oso ona da, baina zu hobea zara aldapan behera. Jakin egin behar duzu zein diren zure momentu onak, besteei distantziak ateratzeko. Egia esan, burua hotz eduki behar duzu kirol honetan. Bakoitzak bere kartak ditu, eta ahalik eta ondoen jokatu behar du horiekin.
Zer helburu dituzu urte honi begira?
Hiru lasterketa falta zaizkit denboraldia amaitzeko. Euskal Herriko Txapelketa irabazi ondoren, euskal selekzioaren mezu bat jaso nuen. Aukera eman didate Zegama-Aizkorri mendi lasterketa beraiekin egiteko. Egia esan, mezua irakurri nuen momentuan, bertigoa sentitu nuen. Zegamako lasterketa telebistan ikusten nuen lehen, eta eredutzat hartzen nituen korrikalari haiek. Orain proba horretan euskal mendi korrikalari bezala parte hartzea gerta daitekeen gauzarik politenetakoa da. Ez dago Euskal Herriko kamisetarekin korrika egitea baino gauza politagorik. Astebete geroago, Espainiako Txapelketan parte hartuko dut, Jaenen [Espainia]. Eta, uztailean, Goierriko Bi Handiak proban parte hartuko dut. Denboraldiko helburu nagusiak horiek dira. Nik ez dut korrika egiten lasterketetan irabazteko, baizik eta entrenatzen disfrutatzeko. Ez baduzu gozatzen, lasterketak egitea alferrikakoa da. Helburu nagusia Goierriko Bi Handietan emaitza ona lortzea da. Izan ere, hiru aldiz parte hartu dut proba horretan, eta ez dut inoiz gustura amaitu. Beraz, sentsazio hobea lortu nahi dut aurten.
Korrika egiteaz gain, baduzu beste afiziorik?
Egia esan, ez. Lehen, korrika egiteaz gain, beste gauza asko egiteko denbora nuen. Orain, aldiz, lana egiteaz eta entrenatzeaz gain, familiarekin egoteko baliatzen dut gelditzen zaidan denbora librea; bikotekidearekin eta haurrarekin egoteko, alegia.