321 milioi hiztun dituen frankofoniaren komunitatean jarri du mira Etxepare Euskal Institutuak. Datozen lau urtetara begira prestatu duen ekimena aurkeztu du gaur goizez Getarian, Zarautz jauregian. Bertan, kultur sektoreko eta erakundeetako 50 bat ordezkari izan dira. Horien artean, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Maël Solen Picard Quebecek Bartzelonan duen Bulegoko zuzendaria, Yves Kordian Malandain Ballet Biarritzeko zuzendari ondokoa eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izan dira.
Ça colle au basque du izena ekimenak, eta Euskal kulturaren proiekzioa frankofoniaren eremuan indartzea du helburu, goizeko lan saioan azaldu dutenez. Irene Larrazaren esanetan, lan ildo horrekin "frankofoniaren eremu anitz eta zabal horretan" eragin nahi dute, "guri buruzko ezagutza handitzeko asmoz eta lankidetza berriak sustatzeko ilusioz". Gaineratu du, "historian zehar hegemoniak marraztutako mapetan sorkuntza eta hizkuntza gutxituok dugun lekuaz eta garrantziaz elkarrekin" hausnartu nahi dutela.
Frankofoniren unibertsoa 321 milioi laguneko komunitate plural gisa jo dute gaurko saioan, frantsesa izanik munduko bosgarren hizkuntza mintzatuena. 2025etik aurrera, Etxepare Euskal Institutuak errealitate hori aztertu nahi du, "euskararen gaineko ezagutza eta euskal kultura sustatzeko, eta gure kultura eragileentzat lankidetza aukera berriak bultzatzeko".
Lau lan ildo izango dituen ekimena
Gaur aurkeztutako egitasmoa lau ardatzen bidez garatuko dutela ere adierazi dute. Batetik, frankofoniaren eremuan jada bultzatzen dituen dinamiketan eta proiektuetan euskararen eta euskal sorkuntzaren presentzia sendotuko du Etxeparek. Bestetik, finantzaketa ildo berriak bultzatuko ditu, lurralde frankofonoetako erreferentziazko azoka, jaialdi eta ekitaldi kulturaletan eta artistikoetan euskal sortzaileek eta eragileen parte hartzea errazteko, baita haien argitalpen sisteman presentzia izatea bultzatzeko ere.
Horrez gain, Ipar Euskal Herriko eragile kulturalekin eta instituzionalekin lankidetza indartuko du Etxeparek. "Euskal kulturaren eta kultura frankofonoaren arteko zubi naturala dira, eta unibertso horretara sarbide bihurtzeko potentzial handia dute, errealitate linguistikoa eta egitura instituzionala partekatzen baitituzte", azaldu dute. Azkenik, Etxeparek lantzen duen esparru akademikoa indartu ahal izango du, erreferentziazko unibertsitateetan euskara eta euskal ikasketak zabaltzeko aukera berriak sortuz.