Joan den ostegunean aurkeztu zuen Getariako Udalak Herrerieta eta Balentziaga kaleak lotuko lituzkeen igogailu berriaren aurreproiektua. Zarautz Jauregian izan zen aurkezpena, eta hainbat eta hainbat herritar gerturatu zen bertara, Aritz Alberdi Getariako alkatearen, Imanol Agirre udal arkitektoaren eta Krean Ingeniaritzako Alberto Vazquesen azalpenak adi entzuteko asmoz.
Igogailuaren abiapuntua udalak 2020an amaitutako Irisgarritasun Planean koka daiteke Agirreren esanetan, Ikersarea aholkularitzarekin egin zuena. Bertan, herriko kale nahiz eraikinetako irisgarritasuna hobetzeko proposamenak bildu zituzten. Bada, horietako bat da Herrerieta eta Balentziaga kaleak lotuko lituzkeen igogailu bat eraikitzearen beharra. Txostenaren esanetan, "leku egokia" Jose Antonio Agirre Lehendakaria plaza eta Euskaltxeta eraikinaren ingurua litzateke.
Aurkezpenean emandako azalpenen arabera, Euskaltxetan egingo dituzten alokairuko etxebizitzen prozedura martxan jarri denez, igogailuaren aurreproiektua idazteko momentu "aproposa" iruditu zitzaion udalari, eta lan horiek Krean Ingeniaritzari esleitu zizkion udalak. Horiek, beren lana egin ostean, hainbat aukera jarri dituzte mahai gainean.
Lehenengoa litzateke Herrerieta kaleko 21. eraikinaren ezkerraldean dagoen zoru publikotik igogailua bat edo bi jartzea. Bat jarriz gero, hiru geldiune izango lituzte (aukera gorria), baina bi igogailu desberdin jartzeko aukera ere hor legoke (aukera urdin argia eta berdea). Eskuinaldean, eskailera publikoak dauden lekuan, bi igogailu jartzeko aukera bakarra legoke (urdin iluna eta morea).
Alde onak eta txarrak
Alberto Vazquez Krean enpresako kidearen arabera, aukera guztiek dituzte beren alde on eta ez hain onak. Horiek neurtzeko, baina, hainbat irizpide hartu dituzte kontutan: ingurumen inpaktua, kostu ekonomikoa, ibilbidearen pertzepzioa, segurtasuna, irisgarritasun maila eta intermodalitatea.
Aukera bakoitza irizpide horien arabera aztertuta udaleko kideei iruditu zaie Herrerieta 21. eraikinaren ezkerraldetik Euskaltxetara joango litzatekeen igogailu bakarra jartzea dela aukera egokiena, hiru geldiunerekin. Guztira, gutxi gorabehera, 988.704, 87 euroko kostua izango luke obra horrek. "Giza inbertsio" bat izango litzateke hori Alberdiren arabera.
Horrek inguruan bizi diren bizilagunen kezka eragin zuen, "zarata eta intimitate falta" izango dutela azpimarratu baitzuten. Agirrek, baina, erantzun garbia eman zien: "Hau aurreproiektu bat da. Oraindik proiektua idazteko dago, eta bertan, zuen ekarpenak ere kontutan hartuko dira. Gure herria aldapez beteta dago, eta hau guztiontzat onura izango da, herriaren goikaldean baitago, besteak beste, Osakidetza. Denon onurarako izan daitekeen zerbait eraikiko dugu".