Materrekin eta Blue Pointekin elkarlanean, Nora garamatza Getariako zimarroi haztegiak? mahai-ingurua antolatu du Artzapek. Hitzordua azaroaren 14an izango da, ostegunarekin, 18:30ean Berdura Plazan. Getariako kostaldetik 3,7 miliatara jarri berri duten zimarroi haztegiari buruz arituko dira, gaian adituak edota arituak diren kideekin.
Urria hasieran ekin zieten hegalaburrak gizentzeko kaiolak itsasoratzeko lanei. Getariako kostatik 3,7 itsas miletara (6,6 km) bi kaiola jartzekoak ziren. Lehen urratsa izango da ikustea kaiola zer moduz mantentzen den neguko denboraleekin, eta manentze kostuak kalkulatzea. Dena ondo bidean, hurrengo urteko udan hasiko lirateke hegalaburra kaiolan sartzen, hura gizentzeko.
Proiektuak, ordea, egonezina eragin du sektoreko zenbait eragileren artean. Intza Gurrutxaga kazetariak iazko ekaineko Artzape aldizkariko idatzitako Zimarroi haztegia: arrantza-eredua jopuntuan erreportajeak bildu zituen eragile batzuen ikuspuntuak.
Hori horrela, bertan izango dira Mater Ontzi Museo Ekoaktiboko arduraduna den Izaskun Suberbiola, Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendaria, Leo Belaustegi arrantzale ohia eta Ondarru 12 Milia Elkarteko kidea, Lorea Flores Euskal Herriko Greenpeaceko koordinatzailea eta Tomas Otamendi kirol arrantzalea eta Malkorbe Amarratzaileen Elkarteko batzordeburua. Guztia moderatzen ekonomian doktorea eta agroekonomian aditua den Mirene Begiristain arituko da.