Irrikaz eta zauriz ardaztutako ipuinen bilduma argitaratu du Uxue Alberdik

Maria Maya Manterola 2024ko urr. 8a, 09:39

Argazkia: Susa argitaletxea.

Idazlearen hirugarren ipuin liburua da Hetero, eta Susa argitaletxearekin kaleratu du. Ordena heteropatriarkalaren barruan mugitzen diren pertsonaiak ageri dira bertan. 

Haren hirugarren ipuin liburua aurkeztu berri du Uxue Alberdi Getariako bizilagunak: Hetero. Susa argitaletxearekin eskutik kaleratu du, eta atzo, astelehenarekin aurkeztu zuen, Donostiako udal liburutegiko sotoan, etxekoez eta lagunez inguratuta.

Ipuin liburua da Hetero, zortzi narrazioz osaturikoa. Azken hiru urteotako lanaren emaitza da bilduma, Alberdiren arabera, eta zortzi ipuin idatzi arren, ehunka irakurri dituela aitortu du, istorio bakoitzarentzako lengoaia bat eta narratiba bat topatzeko. Teknika, ahots narratibo, molde, egitura, ikuspuntu, musika eta erritmo aldetik dira askotarikoak ipuinak, baina bi ardatzek batzen dituzte: irrikak eta zauriak. 

Gizakiaren adin guztiak ipuinetako baten izenburua hartu zuen ia liburuak, baina irakurleak beste era batera gerturatuko lirateke liburura hala. Agian irakurriko lukete heteroaraua bertan; agian ez. Ikusi ohi ez dena ikusarazi, eta marko bat emateko asmoarekin jarri dio Hetero izena. Izan ere, Alberdiren hitzetan, "hain da hegemonikoa ordena, ez baita ikusten". 

Ipuinetan ez dira, ordea, bikote heterosexualen arteko harremanak bakarrik kabitzen. Kabitzen dira aita biologikoekin eraikitako harremanak, laguntasun harremanak edo bikotekide ez diren beste gizon batzuekin eraikitakoak ere. 

Aitaren figurak, esaterako, pisu nabarmena du liburuan. Aita biologikoak, kulturalak nahiz politikoak ageri dira narrazioetan. Idazlearen ustez, heteroarauaren konplexutasuna hobeto ulertzen da eremu horretan: "Zer gertatzen da sinbolikoki aita hiltzeko eta aita iraunarazteko bulkada duzunean aldi berean?". Liburuko lau ipuinetan aurkituko du irakurleak kinka hori. Irla ipuinean, errefuxiatu politiko miretsiekiko desengainua topatuko dute; Literatura lezioak izenekoan, aita kultural batekiko harreman itogarria; Gizakiaren adin guztiak eta Sehaska kanta izenekoetan, berriz, aita biologikoekiko loturak eta desloturak. 

Sehaska kanta da protagonista gizonezkoa duen ipuin bakarra. Pertsonaien izaerak deskribatzeko, hizketa mota ugari ageri dira liburuan: narrazioei musikaltasuna ematen die, eta protagonistak kokatzen ditu geografia jakin batean, garai batean edo bestean, gorputz batean edo bestean eta posizio jakin batean. 

Alain Urrutiarena da liburuaren azala. Argazkia dirudien margolan bat da, eta begi bat ageri da behatxulo urrekara batetik beha. Irakurleak itxi beharko du orain jolasa, behatxulotik begiratzean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide