Getariarrek herriko ereserkiko hitz batzuk aldatu dituzte "inklusiboagoa" izan dadin

Onintza Lete Arrieta 2024ko api. 9a, 08:00

Getariako plaza eta udaletxea.

Getariako Udalak azaldu duenez, herritar batek egin zuen proposamena iaz, eta Udalbatzak aho batez onartu zuen ereserkiaren zati bat aldatzea martxoko osoko bilkuran, ereserkiaren egileen "oniritzia jaso ondoren".

Getariarrek beren herriko ereserkiaren zati txiki bat aldatzea erabaki dute. Udalak azaldu duenez, herritar batek iaz egin zuen proposamena, eta Getariako Udalbatzak aho batez onartu du orain, martxoaren 26ko osoko bilkuran. Aurrez, hori bai, ereserkiaren egileen "oniritzia jasota" zuen udalak. Txomin Mujika da ereserkiaren egilea, eta letrak, berriz, Aitzol Arriolarenak dira.

Aldaketa ondorengoa da: arrantzale, itsasgizon esaten den tokian, saregile, arrantzale esango du hemendik aurrera ereserkiak. "Aldaketa honekin, ereserkia inklusiboagoa egin nahi izan da berdintasunaren ikuspegitik", azaldu du udalak.

Getariako Ereserkia duela urte batzuk aukeratu zuten herritarrek parte hartze prozesu bidez, eta ordutik, urtero hainbat alditan abesten da Getarian.

Hau da ereserkia:


San Antonen magalean,
Malkorberen babesean,
Gipuzkoako itsas kaia,
Kantauriko harribitxia (bis):
mahasti ta txakolin
saregile, arrantzale...

Ez dago besterik:
bihotzeko Getari!

Oi, Getari
zahar ta berri
mende luzetan zehar
gure etxe ta herri.

Lehengo ta oraingo
getariarrok
pozez ta ozen diogu:
gora Getaia!

Getaia! Oi, Getaia!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide