Intza Gurrutxaga eta Ibon Leibar: "Erdigunera ekarri behar da berriz 'independentista' hitza"

Arantxa Iraola/Berria 2023ko urr. 6a, 08:00

Intza Gurrutxaga kazetari getariarra, artxiboko irudian. (@elkanolehorrera)
EHEn garbi dute euskaltzaletasunak eta independentismoak uztartuta behar dutela; ozendu beharreko mezua delakoan, topaketa bat egingo dute asteburu honetan. Gurrutxaga getariarra eta Leibar dira antolatzaileetako bi. Arantxa Iraola kazetariak elkarrizketatu ditu Berria egunkarian.

EHE Euskal Herrian Euskaraz elkartearen egoitzetako batean, Anoetan (Gipuzkoa), Intza Gurrutxaga (Getaria, Gipuzkoa, 1996) eta Ibon Leibar (Bergara, Gipuzkoa, 1986) mintzo dira, eskuorri eta kartel artean. Euskaltzale Independentiston Topaketak izenekoak egingo dituzte asteburuan hantxetik hurbil, Villabonan, eta azken antolaketa lanekin ari dira. Pozik. "Ehun bat pertsonak eman dute izena jada". Gehiago ere espero dituzte oraindik. Horrek erakusten duen sendotasuna nabarmendu nahi dute biek. Izan ere, EHEk igaro ditu bolada apalak, baina pandemia garaian mugimendua biziberritzeko egin zen barne lanketak fruitua eman duelakoan daude. Prozesu horren ondorioetako bat izan zen lehen "inplizituki" EHEren inguruan ardaztuta agertzen zen ideia biziberritzea, lehen lerrora ekartzea euskaltzaletasuna eta independentismoa lotuta daudela. Villabonan, asteburuan, gaiaren gaineko gogoetak hauspotzea da orain asmoa, eta bi urtean behin egitea topaketak, kontzientziak bizirik iraun dezan.

Zergatik atera nahi izan duzue orain gaia plazara?

Ibon Leibar: Baten batek hartu beharra du bere gain independentzia hitza, eztabaidara ekarri behar du: erdigunera ekarri behar da berriro independentista hitza. Gero, urte osoan praktikara-eta eramateko hainbat ondorio aterako dira topaketetatik. Etorriko den jendearekin harremanak lantzeko ere balioko dute; kontaktuak egiteko, jendearekin egon ahal izateko.

Euskararen normalizazioa independentziarekin bakarrik lor daitekeen ideia hauspotzea da, finean, asmo behinena?

Intza Gurrutxaga: Hori da, justu mahai inguru nagusia horri buruzkoa izango da: Euskararen errepublika eraikiz. Hor bost hizlari ariko dira [Amets Aranguren, Amets Arzallus, Eneko Bidegain, Estitxu Garai eta Lorea Agirre]; bakoitzak bere esparrutik azalduko du nola eraiki daitekeen euskararen errepublika hori.

I.L.: Iaz, Txillardegiren omenezko pare bat hitzaldi egin genituen bide horretan, Donostian; eragile independentista batzuk eta euskaltzale batzuk elkartu genituen behar hori ikusteko, Txillardegik esaten zuen hori: «Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; gabe, ziur ezetz».

I.G.: Hori da, bi borrokak batera ulertzen ditugu, eta horretan jarri nahi dugu: bide hori lantzeko, elkarrekin nola egin daitekeen ikusteko. Azkenean, iruditzen zaigu bi prozesu horiek, independentista eta euskaltzalea, ezinbestekoak direla euskararen errepublika eraikitzeko bidean. Asmoa da horren inguruan hausnartzea, eta, gero, baita bide hori nola egin daitekeen ikustea ere, bide askotatik egin baitaiteke. Hainbat tailer ere egingo ditugu topaketetan, hausnartzeko esparru ezberdinetatik nola eraiki dezakegun.

Irakurri elkarrizketa osorik Berria.eus-en.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide