"Elurraren kalitatea oso-oso ona da Japoniako Sapporo eskualdean"

Onintza Lete Arrieta 2023ko ots. 15a, 14:00

Aingeru LarraƱaga getariarra, Japoniako eski estazio batean. Eskuinean, Itziar Egilaz bikotekidearekin. (Utzitakoa)

Aingeru Larrañaga getariarra hogei urtetik gora ibili izan da Pirinioetako eski estazioetan begirale lanetan, eta aurten Japoniako Niseko estazioan ari da neguko denboraldia igarotzen, bikotekidearekin batera.

Bi hamarkada pasatxo daramatza Aingeru Larrañagak (Getaria, 1979) eski estazioetan eskolak ematen neguko denboraldian, baina lan hori Japonian egiten ari den aurreneko aldia da. Itziar Egilaz bikotekide gasteiztarra ere eski irakaslea da, eta aukera izan orduko, ez zuten bi aldiz pentsatu; negua pasatzera hara joatea erabaki zuten. Lana amaitzean, aste batzuk hartu nahi dituzte herrialdea lasaiago ezagutzeko, Getaria aldera itzuli aurretik. 

Kataluniako Pirinioetan, Baqueira Bereteko eski estazioan lan egin izan duzu hainbat urtez, baina aurten Japoniako eski estazio batean ari zara. Nolatan iritsi zara hara?

Ia 22 urte dira Baqueira Beretera  neguko denboraldiak egitera joaten hasi nintzela. Aurrena, jatetxe batzuetan aritu nintzen lanean, eta, gero, begirale aritu nintzen Era Escola izeneko eskolan. Afizioagatik hasi nintzen asteburuetan lagunekin joaten; gustatu, eta erabaki nuen hara joatea bizitzera, neguko denboraldiak egiteko. Handik Japoniara, nolatan? Bada, batetik, azken urteetan elur falta egon delako Pirinioetan, eta bestetik, lekuz aldatzeko gogoa neukalako. Japoniatik lan eskaintza iritsi zitzaion neska lagunari, eta aukera ikusita, Japoniara joatea erabaki genuen, Niseko izeneko eski estaziora.

Alde handia al dago Pirinioetako eski estazioetatik Japoniakoetara? 

Diferentzia handia dago, bai; bai kulturalki, bai egiten duen elur kopuruari dagokionez. Japoniako estazioak Baqueira Beretekoak baino txikiagoak dira, eta altuera gutxiagok dute. Japoniakoak itsasoaren mailan hasten dira, eta 1.800 metro ingurura arte iristen dira. Elurra egiteko makinarik ez dute; izan ere, hemen, normalean, neguko sei hilabeteetan hamabost bat metro elur egiten ditu, eta neguko tenperaturak zero azpitik hamar gradu ingurukoak izaten dira udaberri aldera arte.


Aingeru Larrañaga eta Itzia Egilaz, Japonian. (Utzitakoa)


Beraz, elur faltarik ez da munduko parte horretan... 

Ez; esan bezala, hamabost metrotik gora egiten ditu neguan hemen, eta Siberia aldetik datozen borraskek eragindako hotz eta prezipitazioengatik, elurraren kalitatea oso-oso ona da negu osoan zehar. Normalean, egunero egiten du elurra 20 eta 30 zentimetro artean, eta egun batzuetan, gehiago ere bai. 

Eskiatzeko ohitura handia al dago Japonian? 

Eskiatzeko kultura handia dago herrialdean, eta antzinatik, gainera. Batetik, betidanik elurretan bizi izan dira iparraldean, Sapporo eskualdean. Bestetik, 1978. urtean neguko Olinpiar Jokoak hemen ospatu zituzten, eta horrek asko zabaldu zituen elurretako kirolak Japonian. Hona Japoniako beste eskualdeetatik jende asko etortzen da eskiatzera eta elurraz gozatzera. 

Eski irakaslea zara. Nola moldatzen zara eskolak emateko? Japonieraz ba al dakizu?

Gustatuko litzaidake japonieraz pixka bat hitz egitea, baina ez da ikasteko hizkuntza erraza, eta lan egiteko ingelesa baliatzen dugu. Normalean, gure bezeroak Hong Kong, Malasia, Txina, Australia, Singapur eta Asiako beste hainbat tokitakoak izaten dira. 

Nolakoa da zure lanegun bat Niseko estazioan?

Bada, hemen oso goiz argitzen du, 07:00etarako, eta goiz esnatu eta 08:30ean hasten gara klaseekin. Goiz hasten da iluntzen ere, 16:00 aldera, baina orduan argiak pizten dituzte, eta 19:30 arte zabalik egoten dira eski estazioak.

Sapporo eskualdean zaudete. Nolakoa da leku hori? 

Sapporo Japonia iparraldeko irlako hiriburua da. Bi milioi pertsona inguru bizi dira bertan,eta Japoniako beste hiriburuen antzerakoa dela esango nuke. Desberdintasun bakarra da Sapporo dela hotz gehien egiten duen hiriburuetako bat; horregatik, biztanleak eta tokiak bizitza horretarako prestatuago daude eta ohiturak ere klima horretara egokituta dituzte. 

Orain arte zer da Japoniatik gehien gustatu zaizuena? 

Beren kultura eta janaria.

Gomendatuko al zenieke eskiatzaileei Japoniara joatea eskiatzera?

Lehen esan bezala, elur kalitate oso-oso ona dute Japonian, eta kantitate handiak erortzen dira.  Beraz, hori gustatzen zaionarentzat oso gomendagarria iruditzen zait zonaldea, bai. 

Luzerako gelditzeko asmoarekin joan al zarete Japoniara bikotekidea eta biok?

Negua pasatzeko asmoarekin etorri gara: abendutik maiatzera arte, begirale lanetan ariko gara. Bide batez, bertako kultura ezagutuko dugu. Neguko denboraldia bukatzean, berriz, Japoniako beste eskualdeak ezagutzeko denbora pixka bat hartu nahi dugu, turismo pixka bat egiteko eta herrialdeaz gozatzeko. Uda aldean bueltatuko gara Getaria aldera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide