Ana Maria Benito: “Globalizazioaren lehen zantzuak dira Iturritxikikoak”

Mireia Galarza Bastida 2022ko ira. 30a, 17:54

Ekainean aurkeztu behar zuten jendaurrean Ana Maria Benito arkeologoaren (Errenteria, 1956) 'Iturritxiki, Getariako badian murgildutako istorioa' liburua, baina, COVID-19a zela eta, ezinezkoa izan zen, eta joan den igandean egin zuten aurkezpena, Getarian bertan. Hogei urte inguruko lanaren fruitua da liburua, eta Benitok Getariari buruz argitaratu duen hirugarrena.

Liburuaren aurkezpenean omenaldia egin zizuten, eta hunkituta zeunden.

Bai. Ekainerako amaituta neukan liburua, eta prozesuko tentsioak alde batera utzita neuzkan. Beraz, lasai joan nintzen. Nire testua ere prestatuta neukan, baina hunkitzen hasi nintzen Haritz Alberdi Getariako alkatearen, Mertxe Urteaga Gipuzkoako Foru Aldundiko arkeologoaren eta Jokin Otamendi Arazandiko presidentearen hitzekin. Urteagak, adibidez, oso hitz politak esan zituen, irakurle moduan, liburuari buruz, eta ia-ia negarrez hasi nintzen.

Hogei urte baino gehiagoko ikerketa lana dago liburuaren atzean. Zer aurkituko du irakurleak han?

Oso liburu mardula da, eta gai asko ukitzen ditu. Getariari buruz hitz egiten du pixka bat, eta, ondoren, XVI. mendean hondoratu zen Flandriako ontzi bati buruz sakontzen du. Erdialdeko Europako salgaiak zeramatzan hark, Afrikan esklaboak erosteko. Hori guztia Iturritxiki erreka txikiko aztarnategian dago, Getariatik Zarautz aldera joanda dagoen lehen bidegurutzearen inguruan. Bertan, frantsesek 1638an hondoratutako Lope de Hoces ontzidiko galeoien aztarnak atzeman genituen; zehatzago esateko, mea-ontzi baten burdinazko zama, harrizko aingura batzuk eta antxaforak aurkitu genituen.

Bestalde, liburuan Julio Villar idazlearen marrazki eta hitzak ere badaude, herritarrentzat irakurterrazagoa izan dadin. Dibulgaziozko liburu bat egitea zen helburua, eta niretzat erronka izan da hori, xehetasun guztiak ematea gustatzen baitzait.

Osorik irakurtzeko, Gipuzkoako Hitzan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide