Haritz Alberdi: "Aurrerantzean ere gure historiaren pasarteak berrikusten jarraitu behar dugu"

Onintza Lete Arrieta-Amaia Urbieta Arruti 2022ko ira. 8a, 11:56

Gustura agertu da Haritz Alberdi Getariako alkatea igandean Elkanoren Lehorreratzeak emandakoarekin. Herri antzerkian txertatutako aldaketak balioan jarri ditu, eta aurrerantzean ere historiako pasarteak berrikusten jarraitzeko deia luzatu du.

Lehorreratzearen egun handiaren biharamunean, pozarren agertu da Haritz Alberdi Getariako alkatea. Antolatzaileak balorazioa egiteko oraindik eseri ez diren arren, jendeagandik jaso dituzten iritziak orokorrean onak izan direla esan du Alberdik, eta horrenbesteko aurrelanketa eskaini dioten egunak emandakoarekin gustura geratu zen bera ere. 

Ekitaldiaren amaiera bereziki "polita" izan zen alkatearen iritziz. Kontinenteen ordezkariek pieza bana elkarren alboan kokatuta mundua irudikatu zuten Elkanoren monumentuan, Xabi Solanok Kristina Solano eta Aitor Huizirekin batera Bi Mundu abestia jo bitartean. "Alde batetik, nahi zen irudikatu beste mundu bat posible dela eta, bestetik, mundu bira egin izanari aitortza ere egin zitzaion, Gora Elkano abestiarekin amaituta". Donostiaki Orfeoiak, Getariako Bandak eta Salbatore Deuna abesbatzak eskaini zuten Gora Elkano ereserkia. Une hori gogoangarria izan zen Alberdirentzat, eta balioan jarri du "herri honetako ordezkaritza gorena" bertan egon izana ere. Izan ere, ekitaldian izan ziren, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Markel Olano ahaldun nagusia, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako hainbat alkate, EHUko errektorea nahiz hainbat historialari. 

Dena den, getariarren iruditeria kolektiboan oso txertatuta dagoen irudi bat falta izan zen igandeko ekitaldian. Victoria naoaren atzetik sartu ohi dira portuan arrantzontziak sirena joz, eta igandean ez zen halakorik izan. Alberdik azaldu du udalaren eskumenetik kanpo geratzen dela arrantzontzien jarduna, eta ezin izan dutela horretan eragin. Hutsuneak hutsune, gazitik baino gozotik gehiago izan zuen igandeko egunak. 260 lagunek hartu zuten parte herri antzerkian, aktore lanetan nahiz dena ondo atera zedin zaintzen. Horiei eskerrak emateko tartea hartu zuen Alberdik atzo zabaldutako eskertza gutunean: "Patxadaz balorazioak egiteko momentua iritsiko bada ere, hau guztia aurrera ateratzeko parte hartu duzuen guztioi gure eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu. Zuek guztiok gabe hau ez zen posible izango. Bihotz-bihotzetik, mila esker bolondresei, musikariei, kantariei, kontinenteetako ordezkariei, tripulazioari eta jostunei. Baita antolakuntzan buru-belarri jardun zaretenoi ere. Lortu dugu!". 

Aurrera begira jarrita, historiaren pasarteak "gure begiradatik" lantzen jarraitzeko deia luzatu du alkateak. Bide baten amaierara heldu diren arren, herri antzerkia ibilbide horretan emandako eztabaiden isla izan zedin nahi zuten, eta hein batean lortu zuten, Alberdiren aburuz. "Gure helburua zen mendeurren hau gure begiradatik berrikustea. Perspektiba ezberdinetatik aberastea, elkarrekintza erdigunean jartzea, elkar entzutea eta, guztien artean, errelatoek osatutako errelato hori osatzea. Gizarteari ekarpen bat egiten ahalegindu gara, eta egin duguna aurrerantzean ere erabilgarri izatea nahiko genuke".  Eskertza gutuna, berriz, Jon Maiak idatzitako hitzekin amaitu du: "Egunotan bi hitz zabaldu dira Getariatik Euskal Herrira: Esperantza eta Elkano. Elkano iraganetik dator, esperantza etorkizunari dagokio. Biak portu beretik. Izan gaitezen gure historiaren lemazain, mundu berri baten bila. Beste mundu bat posible da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide