Itsas kutsadura arintzea helburu duen Blue Point zentroa sortu dute

Aritz Mutiozabal 2021ko eka. 9a, 16:44

30. eta 31. lonjetan du egoitza, eta Getariako Itsasplanet irabazi asmorik gabeko erakundearen ekimena da. Ekonomia Zirkular Urdin berriaren esparrukoa da.

Euskal kostaldeko itsas kutsaduraren arazoa arintzen laguntzeko asmoz, Blue Point Itsas Kutsadurako eta Ekonomia Zirkular Urdineko Inteligentzia Zentroa inauguratu zuten herenegun Getarian. 50.000 tona itsas zabor baino gehiago pilatzen ditu euskal kostaldeak, eta arazo horri tokiko ikuspegitik heltzeko sortu dute zentro berria. Baina, itsasoa garbitzeko ez ezik, Ekonomia Zirkular Urdin berriaren esparruan lanpostu eta enpresa berriak sortzen laguntzeko aukera ere izan nahi du.

30. eta 31. lonjetan kokatu dute Blue Point zentroa, eta Itsasplanet irabazi asmorik gabeko erakundearen ekimena izan da; duela hamabost urte sortu zuten Getariako portuan, eta itsas ondare naturala eta kulturala sustatzea eta zaintzea du helburu, baita bere ekarpena egiten laguntzea ere. Era berean, Aldundiko Ingurumeneko Departamentuaren, Gipuzkoako Naturklima Klima Aldaketaren Fundazioaren, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eta Europako Itsas Arrantzako Funtsen laguntza du. Bidelagun dira ere La Caixa-Caixabank fundazioa, Mondragon Unibertsitateko Mik Zentroa, EHUko Plentziako Itsas Estazioa, Pasaiako Itsasgela, Getariako Kaixo Musto ingurumen hezkuntzako enpresa eta Donostiako Algorritmics programazio akademia.

Lau funtzio nagusi
Blue Point inteligentzia zentroak bere ateak irekiko ditu, eta herritarren artean sentsibilizazio jarduerak sustatuko ditu. Nagusiki, lau funtzio beteko ditu: itsas plastikoaren sektore sozioekonomiko berria garatzeko ikerketari laguntzea; itsas plastikoan negozio berriak sortzen laguntzea, ozeanoen garbiketa sustatzeko eta, aldi berean, lanpostu berriak sortzeko; gizarteak irtenbide berriak bilatzen eta ezartzen parte har dezan laguntzea, isuri berriak saihesteko eta ozeanoak garbitzen laguntzeko, itsasoko plastikoa berreskuratzearen eta eraldatzearen ondoriozko produktuen eta zerbitzuen eskaera eta kontsumoa sustatuz; eta, azkenik, lortutako ezagutza berriaren transferentzia bultzatzea, munduko beste leku batzuetan errepikatzeko.

Aurkezpenean adierazi zuten suspertze ekonomikoari irizpide ekologikoak eman behar zaizkiola eta premiazkoa dela sektore berrietan enpresa eta lanpostu berriak bilatzea. «Itsasoetan lehengai ugari dago eta lan-esku ugari dago Gipuzkoan. Beraz, Blue Point-ek biak uztartzen ditu eta gizarte osoak –herritarrak, enpresak, erakundeak– konponbideak bilatzeko eta aplikatzeko pizgarri indartsua lortzeko tresna izan nahi du», nabarmendu zuen Iñigo Doria Blue Pointeko CEO-ak.

Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak esparru horretan lankidetzak duen balioa azpimarratu zuen, eta positibotzat jo zuen egitasmoa. Hain zuzen ere, «ozeanoak modu eraginkorrean garbitzeko balio izateaz gain, enpresa eta lanpostu berriak sortzen dira munduko hainbat lekutan eratzen ari den balio-kate berrian, Ekonomia Zirkular Urdin berriaren esparruan, itsas plastikoa aurkitzeko, arrantzatzeko, birziklatzeko eta berrerabiltzeko». Hori horrela, Gipuzkoarentzat «garapen eta etorkizun jasangarria» bermatzen duela zehaztu zuen.

Amaia Barredo Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearen esanetan, «proiektuak egungo eta etorkizuneko testuinguruan aukera berriak bilatzea eta identifikatzea ahalbidetuko du, arrantzarekin eta turismoarekin mendekotasun handia duten Euskal Kostaldeko udalerri eta eskualdeen posizionamendu sozioekonomikorako estrategia berriak diseinatuz eta garatuz». Era berean, Euskadi Hondakinen Plan berrian txertatuko diren hainbat ekintza planifikatzen ari direla azaldu zuen sailburuordeak, eta horietako bat makroplastikoen eta mikroplastikoen itsasoko eta ibaiertzeko kutsadura monitorizatzeko sistema bat ezartzea dela jakinarazi zuen. Gipuzkoako eta Bizkaiako eskumenekoak diren hamabost portuekin lankidetzan jarriko dute hori.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide