Produktuak saltzen dituzten lekuak bakarrik ez, historiak bizi eta istorioak partekatzen dituzten guneak ere badira dendak. Denda horietako batean jasotzen bizipenak eraman ditu Uxue Alberdi idazleak Dendaostekoak liburura. Bihar aurkeztuko du argitalpena Getarian. Ekitaldia Bosta Onan egingo da, 19:00etan (Berdura plazan, eguraldi txarra egiten badu). Idazlearen batera Leire Lopez Ziluaga editorea ere izango da.
Amaren eta izebaren bizipenak jaso dituzu liburu honetan. Gustura geratu al zara emaitzarekin?
Oso pozik nago. Oso prozesu polita izan da. 2019ko urritik 2020ko martxora arte bildu ginen Pitxintxu dendan, eta galdera pila bat egin nizkien Izaskuni eta Mari Joseri, eta bide batez, izeba Aneri ere bai. Material hori astero jaso, eta astean zehar lantzen nuen. Gero, itxialdian, testua zuzentzen eta hari solteak zuzentzen aritu naiz. Modu pertsonal batean oso prozesu polita izan da, baina baita interesgarria ere modu literario batean, erronka berriak suposatu dizkidalako. Liburu literario bat egin nahi nuen, baina ez zena fikziozkoa. Literarioa izate hori orain arte erabili ez ditudan estrategia batzuekin lortu nahi nuen. Bi narratzaileen neurrikoa den hizkuntza sortu dut: liburuan ez dute hitz egiten bizitza errealean hitz egiten duten bezala; bi narratzaile horientzako sinesgarria den hizkuntza sortu dut. Gaur egun 62 eta 64 urte dituzten bi emakume dira, ikasketarik gabekoak, euskaldunberriak, azkenean, josten duten bezala hitz egiten dutenak. Perfekzioaren bila joan beharrean, praktikotasunetik hitz egiten dute, grazia handiarekin. Bestalde, denda baten bitartez, bizitzeko modu bat, elkarri eusteko modu baten taupada bat jaso nahi izan dut. Gustura geratu naiz. Azken aldian jende dezente ari zait bere feedbacka ematen, gauza politak entzuten ari naiz, eta horrek gustura utzi nau.
Noraino da pertsonala liburu hau?
Liburu honen oinarrian badago aurreratutako nostalgia bat. Liburu hau zintzoa da Elgoibarrekin, eta nire haurtzaroarekin dudan azken lotura ere bada. Aurki hori ere desagertuko da. Bada denok zerbait konpartitzen duguna, eta da denboraren aurkako borroka bat. Liburu honek islatzen du nolabait niretzako mundua infinitua zen garaia; gurasoak gazteak zireneko garaia, beraien lagunak bizirik zeudeneko garaia, gure amamak lurra takoiekin zapaltzen zuen garaia. Niretzako denda konkretu hori ixteak fase baten itxiera esan nahi du. Baina, aldi berean, bizitza aurrera doa, eta, Milan Kunderak esango lukeen bezala, izatearen arintasun jasanezinarekin, edo existentziaren finitotasun horrekin jartzen zaitu harremanetan. Hori da nire zauria, baina liburuak ez du zer ikusirik zauri honekin. Ez da batere nostalgikoa, liburua mugimenduz beteta dago, aurrera begira dago. Maiteminduta egoteak bermatzen ez duen bezala maitasun poema on bat idaztea –are gehiago, askotan izorratu egiten ditu–, bulkada, indar edo min pertsonal batek eraman zaitzake oso urruti dagoen zerbait idaztera.
Denda konkretu honen historia kontatzea ez da zerbait pertsonala edo kronika sentimental bat. Hori izan daiteke idazlearen bulkada pertsonala, baina nire apustua izan da denda batetik ikusi daitezkeela gauza asko, eta dendako historiaren eta istorioen bitartez konta daitezkeela giza-harremanei buruzko, ekonomiari buruzko, gatazka politiko zein sozialei buruzko, gizon eta emakumeen portaerei buruzko hainbat eta hainbat gauza; ikuspuntu horretatik, bi dendari horien ikuspuntutik, eguneroko bizitzari lotuta. Hori esportagarria da beste edozein herritara, eta Euskal Herritik haratago ere bai.
Liburu honek erakusten ditu, nire ustez, teoriarik eta analisirik gabe, bizitza duinerako hainbat gako, zer ikusia dutenak jendearen arteko igurtziarekin, zer ikusia dutenak komunitateko bateko parte izatearekin, dendako ateak beti irekita izatearekin, garbia eta zikinaren arteko kontzepzioarekin. Gaur egun kafetegi superargiztatuak egiten ari dira, zuri-zuriak, askotan oso inpertsonalak. Liburuan deskribatzen ditudan denda hauek askotan gainezka daude; herritarrak egunero hurreratzen dira beraien behar afektiboak asetzera, eta gero ondoko tabernara joango dira. Hor daude banatzaileak, kiroletako zapatilak erostera sartzen diren familiako amak, zarata dago, gauzak daude, askotan desordenatuta. Pixka bat ikuskizun bat da; ez dira estetika europar baten edo feng shui baten barruan sartzen, baina badago beste edertasun bat horretan. Eta ez dakit zergatik, baina halako dendetan, halako tabernetan, beste ongizate mota bat sumatzen dugu, Tabakalera batean, Guggenheim batean, edo kafetegi hipermoderno batean sentitzen ez duguna.
Zure amaren eta izebaren lanari aitortza bat egin nahi izan diozu.
Ez beraienari partikularki. Perspektiba horretatik abiatuta, erakusten duzu dendek, eta historiak berakere, badituztela erakusleiho eta dendaoste bat. Ez duzu ikasketa maila izugarria izan beharrik, ezaguna izan beharrik, ez duzu gaztea eta ederra izan beharrik, ez duzu euskaldun perfektua eta euskalkiduna izan beharrik zuk herri honi buruz kontatzeko duzuna interesgarria izateko. Aurkezpenean ez genuen esan nire ama eta izeba zirenik ez genuelako nahi hau omenaldi bat izatea. Alaba izateak bai eman dit sarbide bat beste modu batean izango ez nuen informazio bat jasotzeko. Aparte, konfiantza osoa eman didate gero horrekin liburua egiteko. Ez da izan beraiei egindako aitortza bat, baina bai mundu bati eta dendaostean geratzen diren ahotsei, erregistroei eta, inkluso, literatur formei egindakoa.
“Hibrido sailkaezin” moduan definitu duzu zuk zeuk liburua. Nola antolatu duzu liburua bera.
Atalka landu dut, eta behin atal guztiak irakurtzen dituzunean, distantzia bat hartuta, soineko bat ikusiko duzu. Osotasun bat dago, baina osotasun horrek geruzak ditu. Geruza horiek gai desberdinen inguruan daude osatuta. Liburuak zortzi atal ditu, baina ez daude definituta; atal bakoitzean badago nabarmentzen den gai bat. Lehenengoan gai sozio-politikoak gehiago aipatzen dira; bigarrengoan kalea eta kaleko negozioak gehiago azaltzen dira. Beste atal batean joskintza, bestean liburu salmenta, hurrengo batean emakumeen mugimendua, bestean mendia. Baina atal guztietan horiek denak agertzen dira. Hariak, puntu motak, hari motak nahastuta daude. Bizitza edo denda bat halakoa da. Saldu behar duzu, baina aldi berean hurrengo denboraldiko produktuak erosi behar dituzu, eta umeei ogitartekoa eman behar diezu. Kalea hor dago, eta baita erreka ere. Hori garrantzitsua izan da: denda kalea eta ibaiaren artean kokatu dut. Ibaia izan da denboraren joanaren irudia; denda 1978an ireki zuten amak eta izebak, oraindik zabalik dago, eta ondoan ibaia beti egon da. Beste aldean kalea dago, harrizko ibai bat izango zena, eta hortik gora eta behera dabil jendea; kalea aldatzen ari da eta espazio hori okupatzeko moduak ere bai. Gero, badago ardatz kronologiko bat, hautsi egingo dena; logika hautsi bat du liburuak. Liburua hasten da kontatzen denda ireki aurreko denbora, eta pasatzen da egun arrunt bateko dendaren itxiera kontatzera. Bat batean ametsak daude, oroitzapenak, asmoak.
Maria Joseri eta Izaskuni eman diozu ahotsa; zu ez zara agertzen liburuan. Atentziorik eman al dizu kontatutako zerbaitek?
Bai, denda izan dela beraien independentzia eraikitzeko leku bat. Azken batean, gurasoen etxetik irten eta denda bat jarri zuten; bi ahizparen artean gustukoa zuten denda bat egin zuten, eta neurrirako bizimodu bat dendari lotuta. Gustatu zait lana askatasunari nola lotu dioten, eta nola kokatu dituzten beraien bizitzako ardatzak: denda eta bi ahizparen bizitza erdigunean, eta hortik hainbat adar; senarrak, haurrak, lagunak, denbora librea... Baina zentroan, beti, bi ahizparen arteko harreman hori. Niretzako oso adierazgarria izan da. Elkarren zutabeak izan dira biak.
Bada bitxia den beste zerbait. Pandemiarekin eta itxialdiarekin ni ere lan batzuk egin ezinik geratu nitzen, bertso saioak, hitzaldiak eta hainbat kontu; eta liburua amaitu ondoren Pitxintxu dendan lan egiten amaitu dut. Astean bitan edo joaten naiz. 16 urtetik 20ra bitartean han egin nuen lan, baina 16 urtez egon naiz han lanik egin gabe. Egoera ekonomikoagatik, beraiei komeni zitzaielako eta niri ere bai, liburuaren barruan lanean bukatu dut. Niretzako kristorena izan da nire barrenean sentitzea ongizate hori. Badut bulkada artistiko bat, eta asko gustatzen zait idaztea eta hori dena, eta hortik plazer asko izan ditut. Baina dendan lan egitea beste plazer mota bat da: jakitea denda noiz ireki eta ixten den; denbora gutxian bada ere jendearekin egotea; belauniko egotea erakusleihoa garbitzen; agindutakoa egitea. Niretzako arnasa hartzea izan da hara joan eta galdetzea ea zer egin behar dudan. Liburu-denda ere bada, eta liburuen prozesu osoa ezagutzea ere ekarri dit. Idazketa eta zuzenketa prozesua ezagutzen nuen, baita salmentarena ere, aurretik ere aritu nintzelako dendan; eta inprentakoa ere bai, liburua inprimitzen ari direnean joaten naizelako. Baina, adibidez, ez nuen inoiz libururik erregistratu ordenagailuan, denda antolatu, zer falta den pentsatu, etab. Lan horietan aritu naiz, eta baita irakurleei liburuak aholkatzen ere. Oso gustura aritu naiz.