Getariako sarreran "asko jaitsi da ibilgailuen abiadura kamera berriari esker"

Onintza Lete Arrieta 2020ko ira. 2a, 08:53

Orain hilabetetik martxan da 50 km/h abiadura gaindituz gero matrikula irakurtzen duen kamera Zarauztik Getariarako herri sarreran, eta izaten ari den eraginarekin «gustura» da Haritz Alberdi alkatea.

Zarauztik Getariara doan N-634 errepidean ibilgailuen abiadura kontrolatzeko gailu berria dago abuztu hasieratik. Izan ere, bideokamera batek bertatik igarotzen diren ibilgailuen matrikulak hartzen ditu Santanapean, hau da, herrigunera iritsi baino metro batzuk lehenago dagoen semaforoaren parean. Ibilgailua 50 km/h-ko abiadura baino motelago badoa, semaforoa laranja jartzen da, eta aurrera jarrai daiteke. Abiadura horretatik gora, berriz, gorri jartzen da semaforoa, eta gorri dagoela pasatzen den ibilgailuaren matrikula jasota gelditzen da. Udalak jarri duen bideokameraren helburua argia da: ibilgailuak motelago sartzea herrian, herritarren segurtasuna handitzeko.

Aurreneko hilabetea martxan egon ondoren, balorazioa egin dio HITZAri Haritz Alberdi Getariako alkateak. «Balorazioa ona da, gehiengoak abiadura jaisten baitu. Asko igarri da aldaketa. Begibistakoa da hori, eta hala adierazi digute udaltzainek ere. Bertan bizi diren bizilagunek ere beraien egunerokoan eta ongizatean hobekuntza egon dela ere adierazi digute, besteak beste ibilgailuek sortzen duten soinua asko jaitsi baita».

Herritarren babesa
Alberdik azpimarratu du neurri horrekin herritarrak babestu nahi dituela udalak. «Gure helburua, eta jendeak ere parte hartze prozesuetan hala adierazi izan digu, izan da ibilgailuak herrira abiadura txikiagoan sartzea. Izan ere, abiadura handian sartzen dira, eta horrek arrisku momentuak sortu izan ohi ditu (gogoratu orain dela urte batzuk herritar bati bizia kendu ziola ibilgailu batek arrazoi horrexegatik). Aukera desberdinak baloratu eta begiratu ditugu, eta egokiena semaforo baten bitartez erregulatzea iruditu zaigu. Kamerak semaforoa gorrian pasa duenaren matrikula eta irudiak hartzen ditu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide