"Ilusioa mantendu eta lanean jarraitu nahi dut"

Amaia Urbieta Arruti 2020ko api. 2a, 13:26

Hainbat neurriren berri jasotzen ari badira ere, "airean" dago autonomo gehienen egoera, Ane Azkueren arabera. Irudimena martxan jarri eta negozioa aktibo mantentzeko ahaleginetan dabil getariarra.

Konfinamendu egoeraren ondoriorik latzenetarikoak pairatu beharko dituztenak dendari txikiak dira. Ane Azkue getariarrak, esaterako, bitxi denda bat dauka herri horretan, eta martxoaren 14az geroztik–egun horretan jaitsi zuen pertsiana– ez dauka diru-sarrerarik.
Enpresa txikiei eta autonomoei laguntzeko dirulaguntzen berri ari da izaten Azkue, baina azaldu du oraindik ezer zehatzik ez dakiela. «Albisteak atera eta atera ari dira, baina dena airean dago oraindik», bere esanetan. Esaterako, maileguak eskatzeko aukerak ari dira luzatzen, baina getariarraren ustez hori ez da konponbide ona. «Nik mailegua eskatuko banu zulo handiagoan sartuko nintzateke, eta galdutakoak galduta egoten jarraituko luke». Gainera, konfinamendua amaitzean pixkanaka itzuli beharreko maileguen kontua «arriskutsua» dela uste du, ezin delako jakin hau amaitzean zer gertatuko den. «Ez da lehengo jarduera berreskuratuko egun batetik bestera», esan du.

Halaber, ulertzen du ez dela «erraza» autonomoentzako konponbidea topatzea. «Ematen du denok zaku berean gaudela, baina egoerak oso-oso desberdinak dira. Neurri bakoitzak batzuei balioko die eta beste batzuei ez».

Denda itxita edukitzeko, gainera, bereziki egun txarrak dira Azkueren esanetan. Herritar askok erosten dute bere dendan, baina turismoa da, beste getariar askorentzat bezala, diru-sarrera garrantzitsua, eta San Jose eguneko zubia eta Aste Santuak ez dira egokienak herritar horientzat kaleak hutsik egoteko. «Ikusten dut nire egoeraren aldean askoz gogorragoak ere badaudela, batez ere hotelak, pentsioak edo jatetxeak dituzenenak. Getarian jende asko egongo da larri, asko garelako turismotik bizi garenak.».


Negozioa, aktibo

Azkuek itxita izan behar du denda egunotan, baina ez da besoak gurutzaturik geratu, eta imajinazioa erabili du herritarren artean bere presentziari eusteko. Bere dendan gastatu ahal izateko bale batzuk zozkatuko ditu horretarako tirak erosten dituzten herritarren artean. Ordenagailuz hamar zenbakidun tira birtualak egin ditu, eta bi euroan jarri du salgai bakoitza. Komisiorik gabeko transferentzia bidez eros daitezke tirak, eta apirileko igande guztietan bina zozketa egingo ditu. Irabazleek Azkueren dendan–zabaltzen denean– nahieran gastatu ahal izateko 50 euroko deskontu balea eskuratuko dute.
Azkuek «ilusioa mantentzeko» jarri du martxan egitasmoa. «Nik aktibo egon nahi dut, itxita eduki behar dugu denda, baina posible da gauzak egitea hala ere». Jendeak erantzun ona izan duela azaldu du getariarrak, eta berak garbi dauka lanean jarraitu nahi duela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide