Hiru urte luze nabigatzen igaro ondoren, Joan Sebastian Elkano itsasgizona Sanlucar de Barramedan (Sevilla) lehorreratu zen unea antzeztu dute Getarian gaur arratsaldean. Nao Victoria ontziak portuan egin du geldialdia, eta bertan egin diote ongietorria hainbat ordezkari politikok; horien artean, Arantxa Tapia Ekonomia Garapena eta Azpiegituretako sailburuak, Nika Lertxundi Getariako alkateak, Oier Korta Zumaiako alkateak, Joxe Angel Zaldua Orioko alkateak, Josetxo Mendizabal Zestoako alkateak, Jesus Arana Zarauzko zinegotziak eta Agustin Lizarralde Azpeitiko zinegotziak.
Arropa zaharrak soinean eta kandelak eskuetan ekin diote Elkanok eta gainontzeko tripulatzaileek Salbatore Deunaren elizako bideari. Euri tantak erortzen hasi dira ordurako, baina getariarrek eta inguruko herrietatik gerturatutakoek gogoz itxaron dute itsasgizonaren etorrera. Sevillako katedralean egin bezala, Antiguako Ama Birjinaren aurrean belaunikatu da Elkano, itsaso zabalean bizitako arriskuen ondoren. Salbatore Deunaren elizatik Carlos I. enperadorea bisitatzera joan da, bost kontinenteetako ordezkariekin laguntzaz. Latinezko Primus Circumdedisti me esaldia daraman blasoia eman dio Elkanori.
Udaletxean amaitu dute antzezpena, eta herritarrek Gora Elkano ereserkia abestu diote bertan: “Gora Elkano! / Gora ta gora / Getariar gizon sendoa, / Izan zinan ba / Ludi guziya / Biratu zuben lenengoa / Zure ibilteak / Iriki zuten / Gizonarentzat itsasoa. / Erakutsirik / Ondorengoei / Zein aundia zendun gogoa, / Gora ta gora, / Gora betiko / Getariko seme zintzoa!”.
Herritar guztiek lehorreratzea ikusi ahal izateko, 7 x 3 metroko pantaila erraldoia jarri dute herriko frontoian. 65 urtetik gorakoek eta irisgarritasun arazoak dituztenek izan dute lehorreratzea pantailaren bitartez ikusteko lehentasuna.
Berdintasunerako pausoa, berritasun
Orain arte ez bezala, Elkanoren eta tripulatzaileen postuak izan ezik, gainontzeko rola betetzeko aukera izan dute emakumeek. Zozketa bidez aukeratu dituzte 23 postu horiek, eta horietatik 12 gorde dituzte emakumezkoentzat.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide