Getariako Udalak eta Getariako Arrantzaleen Kofradiak elkarlanean antolatu dute saioa. (Argazkia: Maria Maya Manterola)
Arrain preziatuari omenaldia egiteko, Antxoa Eguna ospatuko dute Getarian. Bihar hasi eta igandera bitartean izango dira ekitaldiak.
Gastronomia izango da asteburuko protagonista, baina kultur eskaintza zabala antolatu dute egun guztietarako. Getaria kantugintzari eta ohitura zaharrei lotutako herria izanik, Antxoa Egunaren bueltan, Artxipielagoa ikuskizuna herriratuko dute. Getariako Udalak eta Getariako Arrantzaleen Kofradiak elkarlanean antolatu dute emanaldi hori. Larunbatean izango da saioa, Balenciaga museoan, 22:00etan hasita.
Sormenarekin lotura duten pertsonez osatutako ikuskizuna da Artxipielagoa, besteak beste, Andoni Egaña bertsolariak, Belen Ibarrola artistak, Ainhoa Garmendia sopranoak, eta Pello Ramirez, Garikoitz Mendizabal eta German Ormazabal musikariek osatzen dute ikuskizuna. Bertsoa, musika, kantuak eta proiekzioak uztartuko dituzte emanaldian. Hemeretzigarren mendeko eta gaur egungo kantuak abestuko ditu Ainhoa Garmendia opera abeslariak saioaren lehenengo zatian, mikrofonorik gabe. Bigarren zatian, berriz, azken 50 urtetako kantuak abestuko ditu: Benito Lertxundiren Loretxoa, Mikel Laboaren Txoria txori... Belen Ibarrolak abestien letrekin egindako proiekzioak osatuko dute kantaldia, eta kaleko ohitura zaharrei eutsiz, ikus-entzuleek abesten parte hartzea da helburua. Andoni Egañak ikuskizunaren bizkarrezurra osatzeko ardura izango du. Baina, kantuaz gain, bestelako emanaldiek ere osatuko dute Artxipielagoa ikuskizuna: Getariako dantzariek eta txistulariek ere saioan beren aletxoa jarriko dute.
"Gutako bakoitza sorkuntza arloan dabilen irla bat da, eta gauza berak bereizten eta batzen gaitu: itsasoak", hala azaldu du Andoni Egaña bertsolari zarauztarrak ikuskizunari jarritako izenburua. Haren hitzetan, irlak dira ikuskizunean parte hartzen duten guztiak sormenean. Egiazko artxipielagoetan gertatzen den bezala, irla bateko hondartzatik beste irla bateko hondartza bat ikusiz gero, "naturala" da irla hori ezagutu eta bisitatu nahi izatea, eta horixe egin dute haiek ere sormenarekin. Elkarrengandik hurbil, baina elkarrengandik urrun zeudela uste du Egañak, eta osotasun bat ematen saiatu dira ikuskizunarekin. Nika Lertxundi Getariako alkatea ere bat etorri da Egañarekin: "Egun horretan, herria bera bihurtuko da itsasargi".
12 euroren truke eskura daitezke ikuskizunerako sarrerak, Getariako Turismo Bulegoan.
Antxoa Eguna
Bihar, ostirala
12:30. Harrera ekitaldia, Cristobal Balenciaga museoan.
13:00. Gure Txeruko dantzarien eskutik, aurreskua omenduei. Getariako abesbatzak
antxoaren ereserkia eta Boga-boga abestuko diete omendutakoei.
Ondoren, luntxa, Txoko jatetxeak prestatutako pintxoekin.
18:30. Getariako trikitilari taldearen, Gure Txeru elkarteko dantza taldearen eta Gazte Alaiak txistulari taldean emanaldia.
19:00. Antxoa dastaketa musikaz girotuta, frontoian.
Etzi, larunbata
11:00. Antxoa Eguneko II. Bela estropada.
18:00. Sugarri txaranga kalez kale ibiliko da.
18:30. Urrezko Aizkora herri kirol txapelketako saioa, frontoian.
22:00. Artxipielagoa ikuskizunaren emanaldia, Cristobal
Balenciaga museoan. Sarrera, 12 euro.
Maiatzak 6, igandea
09:00. Diana, Getariako Bandarekin.
11:00. Arrantzaleen meza abestuko du Getariako Abesbatzak, parrokian.
Ondoren, Karmen Amabirjinaren prozesioa eta itsas bedeinkapena, Artzapen. Arrantzale zaharrei omenaldia eta hamaiketakoa.
11:00. Dantzarien hamaiketakoa, Berdura Plazan.
Jarraian, dantza emanaldia herriko kaleetan zehar.
11:30. Gipuzkoako Trainerilen Ligako estropada.
13:00. Getariako Bandaren kontzertua, parrokian. Dantza emanaldia, frontoian.
17:00. DJ Porru-ren saioa, herriko plazan.