Segundo Alkorta: "Herri mailan lanean ari nintzela uste nuen omenaldia jaso aurretik"

Urola Kostako Hitza 2018ko mar. 13a, 10:12

Pilota alorrean egindako lana eskertzeko, Tolosako Beotibar pilotalekuan omendu zuten Alkorta duela hiru aste. "Ezustekoa" izan zen omenaldia jasotzea pilotazalearentzat.

Argazkia: Segundo Alkorta. Oikian sortu zen Segundo Alkorta (Zumaia, 1949), eta 24 urte zituela joan zen Getariara, taxista lanak egitera. Herrian Salbatore Txapelketa antolatzen ibili da ordutik, eta duela hiru aste jaso zuen Tolosako Beotibar pilotalekuan pilota alorrean egindako lanaren eskertza. Duela hiru aste, omendu egin zintuzten Euskal Herriko Kluben arteko Txapelketa Nazionalen, Tolosako Beotibar pilotalekuan, pilota alorrean egindako lanagatik. Astebete lehenago deitu zidaten. Itxura denez, pilota arloan dabiltzanei egiten diete omenaldia. Beste hiru klubekin batera (Burlata, Gasteiz eta Markina) egindako lanaren eskertza jasoko genuela esan zidaten. Ezustekoa izan zen. Herri mailan lanean ari nintzela uste nuen, baina berri horren ondoren, zerbait gehiago egiten ere ari nintzela ohartu nintzen. Polita izan zen. Hala ere, Gure Txeruren izenean jaso nuen nik omenaldia, ordezkaria naizelako. Pilotaren alma materra zara Getarian. Gehiegi esatea da hori. Beti izan dut inguruan jendea, eta denok egin dugu lana. Hogei urte hauetan Salbatore Txapelketa antolatzen lau pertsona ibili gara: Joxe Agustin LarraƱaga, Kristobal Etxaniz, Manu Etxabe eta ni. Herriz herri ibiltzen ginen pilotariekin, baina hori guztia herrira ekartzea otu zitzaigun. Izena behar genuen, eta Gure Txeru elkartekoengana jo genuen. Bilera zein egunetan egiten zuten galdetu, eta bertara agertu ginen. Ideia azaldu genienean, ez zuten ezer ulertu. Horietako batek hala esan zidan: "Segundo, horretarako prest gaudela iruditzen al zaizu?" Handik astebetera eman ziguten baiezkoa, eta Salbatore Txapelketari hasiera eman genion. Hogeita hamar bikoterekin hasi ginen, eta 130 bikotera iritsi gara dagoeneko. Hasiera gogoratzearekin batera hunkitu egiten naiz, hogei urtean eguneroko lanean egin dugun guztia ikusita. Salbatore Txapelketa antolatzen hastearekin batera, afizioak gora egin zuen herrian? Bai. Hala ere, herri guztiak oraindik ez du ulertzen zer den txapelketa hori. Askotan galdetzen digute: "Nondik etortzen dira pilotari hauek guztiak?". Beste batzuek esan izan digute pilotari horiek ekartzeko lan asko egiten dugula. Guk uste genuena baino balio handiagoa eman zaio txapelketari, eta herriko festa bat bezala hartu da. Aurtengoa ere gerturatzen ari da, eta hasi gara prestatzen dagoeneko. Apirilaren hasieran bidaliko dugu izen- ematea, apirilaren erdialdera itxi, eta maiatzaren hasieran hasiko dira partidak. 21. txapelketa da aurtengoa, eta horrek esan nahi du gu beteranoak garela... Nola ikusten duzu Salbatore Txapelketaren etorkizuna? Horrekin erabat hunkituta nago. Hiru pilotari gazte ditugu, eta hirurak atera dute jada epaile lanetan aritzeko agiri ofiziala. Horiez gain, neska batek ere badu. Kristobal eta ni gara beteranoak. Beraz, sei epaile gara guztira. Gazteek baietz esaten dute, antolatzen jarraituko dutela. Hala ere, esan diet ez direla hain erraz libratuko nitaz. Nola ikusten duzu pilota gaur egun? Zein pilotari dituzu gustuko? Duela hogeita bost urte, pilotariak onak ziren eta pilota ondo zegoen. Gaur egun ere bai, gazte asko dagoelako. Pilota aldatu egin da, baina normala da hori. Garaiek agintzen dute. Etorkizuna badagoela uste dut. Herrian ere baditugu pilotari onak. Iaz, Salbatore Txapelketaren hogeigarren edizioa getariarrek irabazi zuten, jubenilen mailan. Ilusioa badago, eta badatoz. Pilotariak aukeratzen zaila daukat, baina Aimar, Altuna eta Rezusta esango nituzke. Zikloturista ere izan zara. Getariara etorri nintzenean, astean bitan egiten nuen pilotan. Bizikleta ere gustatzen zitzaidan, eta asteburutan zikloturisten bidaietan izaten nintzen, Gipuzkoako herrietan. Gustatu egiten zitzaidan, eta izerdia atera beharra nuen: taxista nintzen orduan, eta egun guztia auto barruan eserita pasatzen nuen. Hamar urte baino gehiago egin nituen zikloturista. Otsailetik abuztura izaten zen sasoia, eta abuztuaren aurreko astean mendiren bat igotzen genuen: Tourmaleten eta Covadongan izan naiz, esaterako. Zaletasuna eta ilusioa zegoen. Pilotari eta bizikletari esker mantendu dut gorputza. Zenbat urtean izan zara taxista Getarian? 40 urte egin ditut. 24 urterekin etorri nintzen Getariara, eta erretiroa hartu arte aritu naiz. Herriarekin bizitzea eta lana gustura egitea izan da taxista izateak eman didana. Halako herri txiki batean taxista izanda, anekdotak izango dituzu, ezta? 1974an aitonarekin hasi nintzen lanean, eta bilobarekin amaitu dut. Orduko lana egunerokoa zen, ezagunekin. Zerbitzu iraunkorra eskaintzen genuen, eta telefonoari lotuta bizi ginen. Ostiraletan lasai samar ibiltzen ginen, baina azken urteotan, ostiraletik igandera lan asko egin dugu; gazte jendea parrandan irtetzen da eta. Giro onean egin dut lan: beti bezero ezagunak, gazteak eta kezka gutxikoak. Beste edozein lekutan ez dakit lan bera egiteko gai izango nintzen. Familiakoak izango balira bezala egin dut lan, eta horrek asko bete nau. Parrandako kontuak oroitzen ditut: gizona parrandan atera, eta bere emaztearekin bila joan behar izan nintzen egun batean. Azkenaldian, aldiz, gazte jendearekin ibili naiz. Gauean gazteak ekartzen nituen parrandatik, eta biharamunean gurasoak sartzen ziren autora: "Segundo, zer moduz utzi duzu gaur gure alaba?"

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide