Cristobal Balenciagaren ondareari balioa emanez

Urola Kostako Hitza 2018ko urt. 10a, 10:19

Cristobal Balenciaga Museoko 2018ko programa eta 2017ko datuen balantzea aurkeztu zituzten atzo, museoan bertan. Jostunaren lanek utzitako ondarearen inguruan hausnartzeko urtea izango da 2018a.

Josean Muñoz, Denis Itxaso, Miren Vives eta Elisa Palomino, atzo agerraldian. (Argazkia: Maria Maya Manterola) Aurten Cristobal Balenciaga Museoan izango den programa aurkeztu zuten atzo Denis Itxaso Kultura diputatuak, Josean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak, Elisa Palomino CSM Londoneko irakasleak eta diseinatzaileak eta Miren Vives Getariako museoko zuzendariak hartu zuten parte. 2018ko martxoaren 24tik 2019ko urtarrilaren 27ra bitarte egongo den Balenciaga. Iraultza eta legatua erakusketa aurkeztu zuten bertan. Jostun getariarrak bere ibilbidean izandako eboluzioa erakusten du, eta erreferentziazko erakusketa bat izan nahi du; jostunak eraikitako ondarea ulertu eta ezagutzeko. Jostunaren hastapenetatik Parisen sortutako azken bildumaraino, Balenciagaren legatuak atzera egiteko aukera ematen duela nabarmendu zuen Vivesek; baita XX. mendea gogora ekartzeko ere. Museoaren ondareari balioa emateko urtea izango dela azaldu zuen Itxasok, eta ilusioz egingo dutela gehitu zuen. 2018a Ondare Europearraren urtea izendatu izana baliatu dute Cristobal Balenciagaren obrak duen ondare-balioaren inguruan hausnartzeko. Erakusketak  900 metro koadro hartuko ditu, eta 90 jantzik osatuko dute; horietatik 30 museoan sekula erakutsi gabeak. Vivesen arabera, jostunaren lanaren erakusle izango da erakusketa; besteak beste, sortze-prozesua,  teknika eta ehunak, soslai berritzaileak eta bere ibilbideko progresio-zikloa ikusi ahal izango dira piezen bitartez. Nolanahi ere, beste zenbait elementuk ere osatuko dute erakusketa: dokumentazioak, irudiak, objektuak, patroiak eta ehunak izango dira bere ogibidearen eta bizitzaren testuinguruaren lekuko. Horretaz gain, 2016an sortutako Balenciaga and the Revolution of the Silhouette proiektuak moda diseinuko nazioarteko sei eskola entzutetsuenetako irakasle eta ikasleak bildu ditu. Balenciagaren piezak oinarri hartuta, banakako proiektua garatu dute ikasleek, eta 150 ikasleen proposamen sortzaileen hautaketa bat ere aurkeztuko da museoan aurten, Elisa Palominoren zuzendaritzapean; maiatzetik aurrera izango da. Muñozen hitzetan, ederrak dira Balenciaga museoan gordetzen diren piezak. Alabaina, edertasunaz harago, museoak ezagutza lantzeko duen gaitasunaz mintzatu zen: "Museoa ez da gauza ederrak erakusteko leku ederra soilik, ezagutza lekua ere bada. Ahalegin berezia egiten ari dira ezagutza horretan sakontzeko eta Balenciagaren ekarpena zertan datzan erakusteko". Hala, ondarea iragana ulertzeko tresna izateaz gain, etorkizuneko diseinatzaileentzako gakoa ere izan daitekeela uste du kultura sailburuordeak. 2017ko datuen balantzea Aurtengo museoaren aurrekontua 1.646.000 eurokoa izango da, eta ekarpen publikoetan %4ko gehikuntza izango duela nabarmendu zuen Vivesek. . Bestalde, iaz museoak 50.000 bisitari baino gehiago izan zituela aipatu zuen Itxasok, eta datuen balantze positiboa egin zuen. Bisitarien %40a atzerritarrak izan direla nabarmendu zuen, eta horien artean publiko frantsesa nagusitu dela aipatu zuen. "EAEko publikoa, aldiz, %42ra heldu da", Itxasoren hitzetan. Diputatuaren arabera, bisitarien kopurua handitu izana bat dator Gipuzkoako turismoaren goranzko joerarekin eta Mr. Racel Mellonen bildumari buruzko erakusketak izan duen oihartzunarekin. Muñozek ere museoaren lana txalotu zuen: "Behin eta berriz adierazi behar da museo honek herri honen panorama kulturalean duen garrantzia, eta bizi duen bizitasuna". Itxasoren hitzekin bat datorrela azpimarratu zuen. 2017ko ekitaldiko beste hainbat egitasmo ere aipatu zuten:  Museoaren I. Uda Eskola, museoaren presentzia Google edukien We wear culture plataforman,  tokiko diseinuari eskainitako gunea eta hezkuntza premia berezietako pubikoarentzako programa baten garapena, Kutxa Fundazioarekin lankidetzan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide