`Getaiko euskera' liburuaren aurkezpena (Maria Maya Manterola/Hitza)
Ostegunean aurkeztu zuten Getariako Udal Liburutegian Ahotsak proiektuko
Getaiko euskera liburua, hainbat herritarrekin batera. 2007an ateratako beka bati esker hasi ziren Getariako euskara ikertzen, zenbait getariarren parte hartzearekin. Hizkuntzaren xehetasunak jasotzeaz gain, ohiturak, bizimoduak eta bizipenak ere jaso dituzte.
Aintzane AgirrebeƱarekin eta Miren Zabaletarekin batera aritu da Asier Sarasua elgoibartarra Getariako hizkera aztertzen, eta, hain zuzen ere, berak hartu zuen hitza proiektuaren nondik norakoak azaltzeko.
2007an beka bat jarri zen martxan, Getariako hizkera eta ahozko ondarea jasotzeko asmoz. Lehenengo urte horretan egin zituzten elkarrizketa gehienak; 30 inguru, guztira. Gizonezkoak eta emakumezkoak elkarrizketatu zituzten, herriko auzo gehienetakoak: kaletarrak, San Prudentziokoak, baserritarrak, Meagakoak, Askizukoak, arrantzaleak... Adin batetik gorakoak aukeratu zituzten elkarrizketak egiteko, gehienak 1920 inguruan jaiotakoak. Ondoren, jasotako elkarrizketak eta azterlan linguistikoa aurkeztu zituzten udaletxean.
Hurrengo bi urteetan, Ahotsak proiektuan txertatu zituzten egindako elkarrizketak; eta beste batzuk ere gehitu zituzten. Ahotsak proiektuak Euskal Herriko ahozko ondarea jasotzen du, Bizkaiko punta batetik hasi eta Zuberoraino. Getariako eta beste hainbat herritako elkarrizketak entzungai daude ahotsak.eus atarian.
Azken urte eta erdiko kontua izan da proiektuan ateratako ondorioak liburu batean biltzea. Alderdi linguistikoaz gain, historiko-etnografikoa ere jaso dute liburuan. "Garai bateko ohiturak, kontakizunak eta bizimoduak jaso nahi izan ditugu. Transmisioa ere aldatu egin dela ohartu gara, beste faktore batzuk jokoan sartu direlako: irratia, telebista eta internet, esaterako". Bizimodua zeharo aldatu da Sarasuaren esanetan.
Aditzak ere aztertu dituzte. Sarasuaren ustez, ez da batere lan erraza izan: "Kasu batzuetan, pertsona bakar batek ere aditza esateko modu ezberdinak dituela ohartu gara". Ez dute horretan gehiegi sakondu, baina oinarrizko aditz-taulak ageri dira liburuan.
Batez ere, lexikoa da landu dutena. Getariarren artean ere ezberdin hitz egiten dutela ondorioztatu dute: "Ez dute hizkera bera arrantzaleek eta baserritarrek, ezta errepidearen alde batean edo bestean bizi direnek ere".
"Doinua aldatzen da"
Pedro Irizar hizkuntzalariak egindako euskalkien azterketan lau hizkera bereizi zituen Gipuzkoan. Gainontzeko herrietan ez bezala, Zumaian, Getarian eta Zarautzen hizkera bertsua dutela jaso zuen Irizarrek. Sarasua ere bat dator azterketa horrekin: "Nahiz eta hizkera berdina ez izan, ezaugarri asko partekatzen dituzte hiru herrietan. Doinua da aldatzen dena".
Aizarnazabal, Aizarna, Urdaneta, Urteta eta Zumaiako baserrien inguruan oso lotuta bizi izan den komunitate bat eratu zela, eta egun oraindik oso hizkera antzekoa duten hiztunak daudela azaldu zuen Sarasuak. Herritik herrira baino, hizkuntza ingurunearen arabera aldatzen dela ondorioztatu dute. Getariako baserritar baten eta arrantzale baten hizkeraren artean alde handiagoa dagoela ohartu dira, Getariako kaletar baten eta zarauztar baten artean baino. Guztietan ezberdinena Getariako arrantzale kaletarrarena da.
Bestalde, Koldo Zuazok izendatutako Gipuzkoa erdiguneko hizkera giputzaren ezaugarri guztiak erabat betetzen ditu getariarrak. Gipuzkoaren sortaldeko eta sartaldeko ezaugarrietatik batzuk ere baditu Getariako hizkerak. Liburuan bertan bildu dituzte Getariako euskarak betetzen dituen ezaugarri gehienak. Liburua kaleratzearekin batera, amaitutzat eman dute duela hamar urte martxan jarritako proiektua.
Getaiko euskera liburua eskuragarri dago
Getariako euskera Ahotsak proiektuko liburua eskuragarri jarri dute Getariako Turismo Bulegoan eta udaletxean,
2 euroren truke.
Ahotsak proiektuaren barruan egindako elkarrizketa guztiak ikusgai daude Interneten
https://ahotsak.eus/getaria/ helbidean.