Getarian ehuneko 49,78koa izan da parte hartzea

Urola Kostako Hitza 2017ko mai. 7a, 21:02

Urola Kostako beste zazpi herritan moduan, Brankan taldeak antolatuta, euskal estatus politikoaren inguruko herri galdeketa egin dute Getarian. Hautesleen %49,78k eman du botoa herri kontsultan, hau da, 1.200 herritarrek (16 urtetik gorako 2.411 lagunek zuten botoa emateko aukera Getarian). Urola Kostako gainerako herri guztietan bezala, Nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritarra? galderari boto bidez erantzun diote zumaiarrek. %95,69k egin du estatu burujabe baten alde. Honakoka dira emaitzak: - Bai: 1.132 boto (%95,69) - Ez: 37 boto (%3,13) - Baliogabeak: 11 boto - Zuriak: 3 boto Lehen parte hartze datua 13:00etan jakinarazi dute, eta ordurako herritarren %28,74k eman du boza. 15:00etan eguneratu dute datua, eta ordu horretarako herritarren %38,03 joan da hauteslekuetara. 18:00etara bitartean, berriz, %43,39k eman dute botoa (1.046 herritarrek). Ilazki Arrillaga Brankan taldeko lehendariak Getariako herri galdeketa antolatzen eta gaurko egunean parte hartu duten denak eskertu ditu: "Eskerrik asko den-denei. Ikaragarria izan da. Gure helburua izan da getariar guztiok bilduko gintuen zerbait bilatzea, eta, emaitzak emaitz, Getarian lortu dugula esango nuke. Guri aurrez zifra batzuk esatea beldurra ematen zigun, herri galdeketaren informazioa banatzeko eskuz esku ibili garelako. Gaur, ordea, goizean goizetik emozioz beteta gaude, mahaiaren irekierak berak malkoz bete gaitu". Goizean goizetik hauteslekuetan atsedenik ez dela izan nabarmendu du Arrillagak: "Etengabe ibili da jendea botoa ematen, ez da atsedenik izan". Getariako herri galdeketaren eguna antolatzen 80 boluntario baino gehiagok parte hartu dutela esan du Brankanekoak. "Mahaietan egon direnak, festetako ekitaldian aritu diren bertsolariak, dantzariak, pilotariak...denek ilusioz beteta jardun dute. Ez daukat hitzik, eguna borobila izan da". Getariako herri galdeketaren irudi bilduma. Getarian herri galdeketaren emaitza jakin ondoren Brankanekoak (Ainitze Agirrezabala/Hitza)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide